Deusto Arrupe bekak espediente akademiko bikaina baina baliabiderik ez daukien ikasleentzat dira

Ikasturte honetan 25 ikasle dira onuradunak; urtero 25 gehiago batuko jake, 2026-27 ikasturtean 125 ikasle izan arte

Deustuko Unibersidadeak funts bat jarri dau martxan 25 ikaslek inolango kosturik barik ikasi dagien

Deustuko Unibertsitatea

Deustuko Unibersidadeak Deusto Arrupe bekak jarri ebazan martxan joan dan ikasturtean. Funts berezi horri esker, 2022-23 ikasturte honetatik aurrera espediente akademiko bikaina daukien baina baliabide ekonomikorik ez daukien 25 gaztek Deustun ikasi leikie, inolango kosturik ordaindu barik.

Unibersidadeak kanpainea zabaldu dau 2023-24 ikasturtean beste 25 ikasle beka horreen onuradunak izan daitezan. Hurrengo ikasturtean beste 25 gehituko dira eta holan 2026-27 ikasturtera arte. Fetxa horretan Deustuko Unibersidadeak funts berezi horri esker ikasten dabilzan 125 gazte izatea itxaroten dau.

Xabier Riezu Deustuko Unibersidadeko errektoreordeak azaldu dauanez, ekimen honen helburua baliabide faltagatik talentua ez galtzea da. Administrazino publikoaren laguntzakaz batera, karrera osoaren %100eko kostua bermatuko da funts berezi horri esker.

Deusto Arrupe beken %66 Deustuko Unibersidadearen baliabide propioakaz finantziatzen dira. Eta beste %34 unibersidade-komunidadea osotuten daben partikularrek, enpresek, erakundeek eta personek modu altruistan egindako dohantzakaz.

Unibersidadeak lankidetza ildo barri bat zabaldu dau, 2023-24 ikasturtean beste 25 gazteri Deustun ikasteko aukerea emoteko behar diran ia 350.000 euro lortzeko. Zentzu horretan funtsari ekarpena egin gura deutsienek Deustuko Unibersidadera jo leikie, “Deusto Colabora” izeneko atalera. Bertan, besteak beste, proiektua eta laguntzak egiteko moduari buruzko informazinoa agertzen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00