Zientzia tartean Estitxu Txurruka itsas-bioplogo eta EHUko irakasleak, aurrekoan lez, gai interesgarri eta kuriosoa ekarri deusku. Aurreko saioan jakin gendun aingiraren atzean biologiako istorio harrigarrienetako bat ezkutatzen dala. Oraingoan kaxalote edo zeroiaren inguruan pentsetan zan gehiegikeri bat, behar bada, ez zala hain gehiegikeria azaldu deusku Estitxuk.
Kaxalotea zetazeo bat da, hau da, aireko oxigenoa arnasten dauen ugaztuna. Jakin behar dogu, zetazeoen barruan, mota bi dagozala: bizardunak eta hagindunak. Kaxalotea, hagindun zetazeoa da, haginak daukazan planetako predatzaile handiena, hain zuzen be. Zeroi heldu batek 20 metroko luzerea eta 57.000 kiloko pisua izan leike. Baina zeroiaren anatomiaren ezaugarri nabarmenena, animaliaren pisuaren herena eta luzerearen laurena neurtu ahal dauan burua da.
Historian zehar itsas animalien ganeko kondaira asko kontau dira. Istorio guztien ganetik bat azpimarratu geinke. 1851an Herman Melvillek Moby Dick liburu famadua idazteko oinarri hartu eban benetako gertakaria. 1820ko zemendiaren 20an Ozeano Pazifikoaren erdian kaxalote batek Essex izeneko baleontzi estadubatuar bat hainbat bider jo eban eta horren ondorioz urperatu zan itsasontzia. Beti pentsau izan da gehiegikeri bat zala, baina 200 urte beranduago izan leike hain gehiegikeria ez izatea.
Orain dala gitxi, dronei esker, zientzialariek lehen aldiz ikusi ahal izan dabe kaxaloteek burua erabiliz alkar joten dabela, literalki. Itsasganean lerrokatu egiten dira eta batak bestea joten dau. Zientzialariek uste dabe jokabide errepikakorra dala eta ez istripu bat. Mendeetan zehar, marinelek behin baino gehiagotan kontau dabe kaxaloteek itsasontzien kontra apropos talka egiten dabela. Itsasontzien zarata eta neurriagaitik gatxa zan egia jakitea eta orain, dronei esker, egia jakin ahal izango dogu, eta Moby Dick liburuak kontetan ebana, behar bada, baieztau.
