Julen Karrion (EAJ), Iker Casanova (EH Bildu), Eneritz de Madariaga (Elkarrekin) eta Ana Berta Campo (PSE) berbaz

Garraioen doakotasuna eta Bizkaiko basogintzearen etorkizuna be berbagai euki dogu tertulian

EAJ, EH Bildu, Podemos eta PSEren biltzarrak politikarien ahotan

Gernikako Batzar Etxea / Bizkaiko Batzar Nagusiak

EAJren EBB barria aukeratzeko prozesuak aurerra darrai. Domekan hautagaitzak proposatzeko lehenengo fasea amaituko da. Andoni Ortuzar eta Aitor Esteban dira gehien proposatu dabezan izenak. Deustu, Sopela edo Portugaleteko batzokietan Andoni Ortuzarren proposamenak irabazi dau; Urdulizen, Galdakaon, Mungian edo Durangon Aitor Estebanen aldekoak. “Ikusi beharko da proposatuta urten dabenek zer erabagi hartzen daben eta bigarren fasera hautagai lez pasetan diran” esan dau EAJko Julen Karrionek.

EH Bilduk bere kongresua  otsailaren 8an Iruñean egingo dau. “Kongresu zoriontsuek agian ez dabe istorio handirik, barne giroa nahiko lasaituta dago” esan dau EH Bilduko Iker Casanovak. Idazkaritzarako, mahai politikorako edo zuzendaritzarako hautagaitza bakarra aurkeztuko da eta otsailaren 5ean bozkatuko da. Zerrenda horretan Arkaitz Rodriguez edo Iñigo Hernandoren izenak agertzen dira.

Elkarrekin Bizkaia taldearen barruan dagoan Podemosek Euskadi mailako zuzendaritza barria aukeratu eban orain dala aste batzuk. Oraingoan herritarren batzarra egingo dabe eta besteak beste Sumarrek eta Podemoseko euki beharreko harremanaz berba egingo dabe. “Zuzendaritzeak militantziagaz zuzenean berba egiteko konpromisoa hartu eban eta lehentasunak zeintzuk diran berba egingo da batzar horretan. Ezkerreko unidadean zer gertatuko dan be aztertuko dogu” adierazo dau Eneritz de Madariagak.

Bizkaiko PSE-EEk bere idazkaritza nagusia aukeratzeko prozesua zabalik dauka. Momentuz aurkeztu dan bakarra Mikel Torres (Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua) izan da. PSEko Bizkaiko BBNNtako Ana Berta Campok uste dau Torresen hautagaitzea ona dala. “Nik uste dot bera izan behar dala idazkari nagusia, ez dot uste sorpresarik egongo danik. Orain dala 4 urte eragindako aldaketak finkatuta dagoz” esan dau Campok.

Bizkaiko BBNNetako lau batzar kideakaz adin-txikikoek garraio publikoetan bidaiatzeko doakotasunaz eta etorkizuneko Bizkaiko basogintzarako Foru Arauaz berba egin dogu luze eta zabal.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00