Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak (ICCAT) Arlanpi euskal tretzaontzia saritu dau, berreskuratutako marken urteko zozketako marrazoen kategorian. Ondarroa portu nagusi daukan ontziak AZTIk markautako marrazo urdin bat barriz harrapau ebala jakinarazteagaitik jaso dau saria. Kasuak agerian izten dau eskifaien eta ikerketa-taldeen arteko lankidetzaren balioa, Maite Erauskin AZTIko itsas kudeaketa jasangarrian adituak azaldu deuskunez: berreskuratutako marka batek espezie baten joan-etorriei eta arrantzagaz daukan alkarrekintzari buruzko informazinoa emoten dau.
Zozketa horren bidez, ICCATek arrantza-sektorearen parte-hartzea sustatzen dau, aholkularitza zientifikorako eta itsas baliabideen nazinoarteko kudeaketarako datuak biltzeko. Ekimenak indartu egiten dau ozeanoko eremu zabaletan mugitzen diran espezieak aztertzeko beharrezkoa dan lankidetza; izan be, euren jarraipena egiteko, hainbat flotaren eta ikerketa-talderen behaketak bildu behar dira.
Marrazo urdina 150 zentimetroko luzera osoa eukan eme bat zan. AZTIk 2024ko garagarrilaren 30ean markau eban, Hondarribia pareko ezpondan, plataforma kontinentalaren ertzean, Blueshark proiektuaren barruan. Hilabete geroago, 2024ko abuztuaren 31n, Bermeo parean harrapau eben barriz. Marka berreskuratu zala jakinarazteari esker, kokaleku biak lotu eta alearen joan-etorriak aztertzeko beste datu bat lortu ahal izan zan. Izan be, markaketaren balio zientifikoa behaketak metatu ahala handitzen da.
