Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna dala eta, emakume langileen aurkako indarkeria etengabea dala salatu dau Itaiak. Horren harira, Itaiako kidea dan Irene Ruiz euki dogu gaurkoan geure estudioan. Antolakundeak eskuina eta ultraeskuina seinalatu ditu, emakumeen aurkako diskursoak eta erasoak normalizatzea eta erasotzaileen inpunidadea indartzea egotzita. Ganera, foroetan emakumeen argazki sexualizatzaileak partekatzea eta kalean hilketa matxistak egitea kezkagarria dala adierazo dabe.
Era berean, azken urteetan agintean egon diran ezkerreko alderdien jarduna kritikatu dau. Itaiaren arabera, indarkeria matxista ez dabe lehentasunezko auzitzat hartu, eta instituzino kapitalisten barruko kudeaketara mugatu dabe erantzuna, gero eta baliabide gitxiagogaz eta emakumeen babesa bermatu gabe. Instituzinoen jardunagaz batera, kaleko mobilizazinoa apaldu izana be kritikatu dabe, ideia matxista eta faxistei aurre egiteko indarra ahuldu daualakoan. Horren aurrean, instituzinoetatik harago eta ikuspegi independente batetik jardungo dauan mugimendu indartsua eregitearen alde egin dabe.
Ganera, hiru lan-ildo nabarmendu dabez: erasotzaileek tokirik izan ez dezaten, gero eta persona gehiago matxismoaren aurka posizionatzea; emakumeen babesa bermatzeko kalidadezko bizi-baldintzen alde burrukatzea; eta herri zein auzoetan mobilizazinoa sustatuko dauan antolakuntza indartzea.
