Irakasleei begira 17 ikastaro antolatu dabez

Ricardo Echepare ikastaroen zuzendari izandakoaren izena daroan aretoa eta konferentziak aurkeztu dabez

EHUk Udako Ikastaroen eskaintza zabala dakar aurten be

EHUaren Udako Ikastaroen aurkezpena / Bizkaia Irratia

Udea badator eta urteroko moduan Euskal Herriko Unibertsidadeak Udako Ikastaroak aurkeztu dauz. Donostian egindako ekitaldian, Ricardo Echepare aretoa eta konferentzien barri emon eben bertan. EHUaren Udako Ikastaroen zuzendaria izan zan Echepare. Ibilbide profesional luzea egin eban unibertsidadeari lotuta. 1980ko hamarkadaren hasieran Uda Ikastaroak bultzatu ebezan sortu barria zan unibertsidadea euskal gizartera hurreratzeko asmoz. Askorentzat ikastaro honeek nahitaezko hitzordu izatea lortu eban. Bere lanari aitortza eginaz bere izena daroan aretoa sortu dabe Donostiako Miramar jauregian. Horrez gain, Echepareren izena daroen konferentziak be eskeiniko dira. Ikerketa zientifiko eta teknologikoaren ezagutzaren transferentzia eta inpaktu sozialaren ganeko konferentziak izango dira.

Irakasleentzako eskaintzea

Aipatu bestalde, EHUk lankidetza markoa berretsi dauala Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailagaz. Jokin Bildarratz hezkuntza sailburua izan zan ikastaroen aurkezpen ekitaldian eta bertan sinatu eben akordioa. Maider Kortaxarena ikastaroen idazkariak Bizkaia Irratiari esan deutsanez, oso garrantzitsua da hezkuntza sailagaz daukien hitzarmen hau. Ikastaroei begira, azpimarratu behar, hezkuntzako profesionalei eskeinitako programa bereziak izango direla aurten be. Irakasten Ikasten eta Prest Gara egitasmoen barruan, hamazazpi ikastaro eskeiniko dira. Gainontzean, Udako Ikastaroak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Baionan eskaintzeaz gain herri askotan be izango dira. Hemen Bizkaian, Balmasedan, Bermeon, Gernika-Lumon eta Plentzian. Bermeon, Nestor Basterretxearen jaiotzaren ehungarren urteurrenagaz bat datozen ikastaroak eskeiniko dira adibidez. Udako Ikastaroetan izena emoteko epea zabalik dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular