Eider Inunziaga: "Eskolatik kanpo atara behar dogu euskerea"

Bilboko Udalak Aisiola alkartea, Urtxintxa Eskola eta Gaztetxo Eskola saritu dauz Euskararen Nazinoarteko egunean

Eider Inunziaga: “Eskolatik kanpo atara behar dogu euskerea”

Eider Inunziaga / Bizkaia Irratia

Bilboko Udalak Bilbon egoitza daben eta bilbotar izateaz harro dagozan Aisiola alkartea, Urtxintxa Eskola eta Gaztetxo Eskolaren konpromisoa azpimarratu dau, hezkuntza ez-formaletik euskara normalizatzen eta euskal kultura sustatzen egindako ekarpenagaitik. Ekitaldian, alkatearekin batera, Eider Inunziaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia eta udalbatzako beste kide batzuk izan dira. Eiderrek azpimarratu dau “eskolatik kanpo atara behar dogu euskerea”, Bizkaia Irratiak Bilboko udaletxeko Arabiar aretoan egindako irratsaioan.

Saridunak

AISIOLA
Aisiola Euskadiko Ikastolen Federazinoaren aisialdiko trebatzaileen eskola da. 2001ean sortu zan, eta urtero 500 ikasle inguru ditu, 26 trebatzailez osotutako talde baten ardurapean. Alkarteak haurren eta gazteen aisialdi hezigarria sustatzeko egiten dau lan, euskarazko hezkuntza ez-formalaren bidez, eta lan ekosozialean jartzen dau arretea. Aisiolaren ustez, euskara, gizartea eta ingurumenarekiko errespetua funtsezko balioak dira, eta jolasa eta sormena ikaskuntza- eta garapen-tresna espezifikoak. Gainera, kalidadezko prestakuntza euskalduna eskaintzeko egiten dau lan hezkuntzaren eremu ez-formalean eta informalean.

GAZTETXO ESKOLA
Etenik barik aritu da lanean 1980-81 ikasturteaz geroztik, eta bere jarduera nagusia hezkuntza-aisialdiko hezitzaileak trebatzea da. Hala, begirale, zuzendari eta gizarte- eta kultura-sustatzaile izateko ikastaroak antolatzen eta emoten ditu. Hiru ikastaro ofizial horreez gain, gazteriarekin, hezkuntzarekin, hirugarren sektorearekin eta bestelakoekin lotutako jarduerak, jardunaldiak, foroak, kongresuak eta abar ere antolatzen ditu. Ekimen horreen helburu nagusien artean dago, zalantzarik barik, aisialdirako hezkuntza-eredurako baliabideak eta ezagutzak zabaltzea, baina, batez be, herri euskaldun eta
euskaltzale baten balioekin koherenteak diran hezitzaileak sustatzea.

URTXINTXA ESKOLA
Urtxintxa Eskolan 4.000 pertsona baino gehiago trebatu dira aisialdiko begirale, zuzendari eta dinamizatzaile gisa 1986an sortu zanetik. Aisialdiko alkarte, enpresa eta erakunde publiko askok be prestakuntza jaso dabe eskolaren bidez. Bestalde, hezkuntza ez-formala lan-arlo nagusitzat hartuta, Urtxintxa Eskolak ikastetxeei eta kultura-erakundeei laguntzen deutse feminismoari, euskarari, kulturartekotasunari, dibertsitate funtzionalari, parte-hartzeari eta inklusioari buruzko programen bidez, eta, hain zuzen be, programa horreek garrantzi handia hartu dabe Urtxintxa Eskolaren dinamikan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00