Ekaitz Herrera abadiñarrak, Ondarroan aurkeztuko dau bihar, Zubikarai beka irabazi ostean idatzitako Neguberria, bere lehen eleberria. Literatur Amuak jaialdiaren barruan egingo da aurkezpena. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak emoten dabe Augustin Zubikarai beka. Bihar, aurtengo bekaren irabazlearen barri emoteaz gain, igazko irabazlearen, hau da, Ekaitz Herreraren lana aurkeztuko dabe. Abadiñarra gidoilari eta erredaktore lanak egindakoa da. Gaur egun, Anboto hedabidean dabil lanean. Esan deuskunez, idaztea gustoko izan dau beti. Bere buruaz, istorio kontalaria dala azaldu deusku. Literatur txatalak eukazan idatzita eta Zubikarai beka lehiaketara aurkeztea erabagi eban. Bere lehenengo lehiaketea izan da.
Harremanak oinarri
Mattin izeneko 60 urteko gizona da Neguberria lanaren protagonistea. Urte askotan ospitale baten atarian izan dauan lora-dendea itxi beharra dauka salmenta eskasengatik. Dirua aurreztearren, ikasleen pisu batera doa bizitzera. Harremanek zentralidade handia hartzen dabe eleberrian. Mattin eta ikasleen arteko harremana adibidez, polita eta gozoa dala azaldu deusku egileak. Mattin bestalde, ez dala inoiz maitemindu ohartzen da. Sentimenduek be garrantzi handia daukie kontakizunean. Irune Izquierdok diseinau dau liburuaren azala. Bizarrean lorak daukazan gizon bat agertzen da bertan. Ekaitz Herrerak aurkezpen ugari daukaz datozen asteetan. Tartean, Durangoko Azokan. Aurtengoa berezia izango da berarentzat.
