Arratiako Udalen Mankomunidadeak proiektu barritzaile eta solidarioa jarri dau abian elikagaien hondakinak murriztu eta soberakina gizarte-erakundeei emoteko. Elikagaiak alferrik ez galtzea litzateke helburu nagusia. Aitor Uriguen da Mankomunidadeko jasangarritasun teknikaria eta berak emon deuskuz proiektuaren ganeko azalpenak. Gogoratu dauanez, zaborrontzira botaten dan hondakin guztiaren %40a organikoa da.
Identifikazino fasea
Momentu honetan, identifikazino fasean dago egitasmoa. Oreka Circular Economy enpreseari esleitu deutse lana. Mankomunidadean dagozan herrietako ikastetxe, ospitale, enpresetako jantoki, taberna edo jatetxeetan zenbat janari botaten dan jakin nahi dabe. Era berean, aprobetxau daitekezan soberakinak jaso ahal dabezan gizarte-erakundeakaz eta irabazi-asmorik bako erakundeakaz be badabiz berbetan. Proiektuak 8 hilabeteko iraupena izango dau gitxi gorabehera. Elikagaiak alferrik galtzen dabezan zentro nagusiak aztertu eta hareen ezaugarriak zehaztu gura dabez, kontsumitzen ez diran eta egoera ezin hobean dagozan elikagaietan arreta jarrita. Elikagaiak alferrik ez galtzea prebenitzeko plana diseinatzea izango da hurrengo pausua. Soberakina jaso nahi leukien gizarte-erakundeek informazino gehiago nahi izan ezkero, arratia21@arratia.org helbidera idatzi leikie. Proiektua abian dagoan bitartean, ekintza desbardinak egingo dira herritarrak orokorrean sentsibilizetako. Berbaldiak eta tailerrak antolatuko dira zati organikoa eta elikagaien hondakinak eraginkortasunez kudeatzeko.