Elkano Fundazioa munduari egindako lehenengo bidaiaren historia ezagutarazoteko sortu zan. Mugarri historiko hau orain bost mende gertau zan eta hiru urte iraun eban. Fundazioaren dibulgazino lanak iraun dauan denbora bera hain zuzen be. Munduaren lehenengo itzuliaren ospakizunen amaiereagaz batera, Elkano Fundazioak bere jarduerea eten dau.
2019 eta 2022 urteen artean bertoko zein nazinoarteko eragileakaz lan egin dau Fundazioak. Ion Irurzun zuzendariak azaldu deuskunez, lankidetza sareak sortu dabez, bai bertokoak bai nazinoartekoak, proiektu bakotxa garatu eta gauzatu ahal izateko. Erakundeak 120 proiektu baino gehiago bultzatu dauz, besteak beste, garai haretako eta Getariako itsasgizonaren balentriari buruzko ezagutza gizartean zabaltzeko.
Bizkaia Irratiko Lau Haizetara irratsaioan izan da Elkano Fundazioko zuzendaria. Irurzun pozik azaldu da egindako lanagaz, nahiz eta onartu dauan egiteko gauzak geratu dirala. Hazia landatu ostean, dibulgazino lanaren lekukoa beste erakunde batzuen esku geratzen da orain.