
Mikroplastikoen ganean egin dogu berba asteon Bizkaia Irratiko Zientzia tartean Erlantz Lizundia Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasleagaz. Izan be, Lizundia mikroplastikoei aurre egiteko martxan ipinitako proiektu barritzaile baten parte da. Aitatutako proiektuan mundu osoko ikerlariak dagoz.
Lizundiak dinoenez, mikroplastikoak edozein lekutan aurkitu ahal dira: itsasoan, erreketan, elikagaietan, odolean, burmuinean, etab. Beraz, ezinbestekoa da arazoagaz amaitzeko konponbide bat topatea. Horretarako, eta ekonomia zirkularra be bultzatzeko asmoz, zura erabilten hasi dira.
Material itsaskorra
Izan be, oso material itsaskorra da zura. Zuraren propiedadeak aurretik aldatu eta gero, uretan sartzen dabe. Orduan, interakzino erakargarria emoten da mikroplastikoen eta zuraren artean. Horrela, zuraren ganean itsatsita gelditzen dira mikroplastikoak. Prozesua luzea eta gatxa izan arren, eraginkorra da.