Harrera oso ona izan dau Goitibera antzerki taldeko kideek Geuretik Sortuak ekimenean idatzi daben Erraietako Tximeleta ipuinak. Saioa Iribarren eta Ander Basaldua dira Erraietako Tximeleta ipuinaren sortzaileak. Geuretik Sortuak, Udalbiltzaren programaren Hamaika Irakurtzeko Jaioak liburuan agertzen dan ipuinetariko bat da. Honakoa idazteko hiru asteko egonaldia egin eben Oiartzungo Karrika auzoan. Orain arte be memoria landu dabe euren antzerki lanetan eta esan deuskuenez, memoriaz idatziko ebela argi euken baina hutsean joan ziran Oiartzunera.
Idazteko prozesua
Oiartzungo hainbat lagunegaz izan ziran, talde askoren ekarpenak eta dokumentazinoa bildu, istorioa zehaztu eta egonaldiaren hirugarren astean hasi ziran ipuina idazten. Prozesuan zehar, Dijitalidadea argitaletxeko Gotzon Barandiaranen laguntzea izan dabe. Oparitzat hartu dabe honakoa. Erraietako Tximeleta maitasun istorio bat da eta frankismo garaiko esklaboak dira protagonista. Bakotxak bere partea idatzi dau, Saioak lehen pertsonan eta orainaldian, eta Anderrek hirugarren pertsonan eta iraganean. Ipuinak oso harrera ona izan dauala esan deuskue egile biek. Asko saltzen ari da eta irakurle asko hunkitu direla azaldu dabe. Lana aurkezteko, irakurketa dramatizatuak eskaintzen dabez. Azaldu dabenez, antzerkigileak izanik, liburua era horretara aurkeztea erabagi eben. Sopelan gaur egin behar zan aurkezpena, baina bertan behera geratu da. Leitekeena da bagilaren 5ean eskaintzea.
