Bilbon egin da gaur goizean Etekin topaketen hirugarren eta azken jardunaldia. Bilboko Itsasmuseumean egin da ekonomiagaz lotutako azken topaketea. Eusko Jaurlaritzak eta Finantzen Euskal Institutuak antolatutako ekimena izan da. Erakundeok, Bankoa ABANCA, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxagaz daukien hitzarmenari esker antolatu dabez Etekin topaketak. Josune Zabala, Hizkuntza, Ikerketa eta Koordinazinorako zuzendariak azaldu deuskunez, hitzarmen hau izan da Etekin antolatzeko abiapuntua. Ekonomia eta finantza gaiak lantzeko bilgune honek hiru topaketa antolatu dauz aurten. Donostian eta Gasteizen egin ziran lehenengo biak.
Transizino energetikoa, gai nagusia
Bilboko Itsasmuseumean hirugarrena eta azkena egin da. Jardunaldi honetan, transizino energetikoa jorratu da, “Transizio energetikoa, enpresentzako aukerak eta erronkak” hain zuzen. Petronor enpreskako Elias Unzueta kudeatzailea eta EVE Energiaren Euskal Erakundearen Mikel Amundarain zuzendari nagusia izan dira hizlariak. Entzule modura parte hartu dabenen artean barriz, Artizarra Fundazioa edo Mondragon Unibertsidadea egon dira. Guztiek egin dabe ekimenaren balorazino positiboa. Gai askoren ganean euskeraz aritu ahal izatea azpimarratu dabe. Ana Urkiza Bankoa ABANCA-ko giza baliabideen zuzendariaren esanetan, argi erakutsi da, honako formato hau be baliogarria dala euskeraz egiteko. Etekin topaketak antolatzeaz gain, entidade finantzieroak euskerea bultzatzeko badabiz bestelakoak bultzatzen, Caixabank-aren kasuan, Online Banka Euskaraz kanpainea daukie abian. Estibaliz Areitio Bizkai Ekialdeko negozio-arloko zuzendariak azpimarratu dau bezeroari askatasun osoa emon gura deutsiela nahi dauan hizkuntzan aritzeko euren entidadera doazen bakotxean. Antolatzaileek orokorrean balorazino positiboa egin dabe lehenengoz egindako Etekin topaketen ganean. Datorren urtean errepikatzeko prest azaldu dira.