Aspanovas alkarteak, etxez etxeko zainketa aringarri pediatrikoen sarbide eragikor eta bidezkoa aldarrikatu dau zezeilaren 15ean, minbizia daben haurren munduko egunean. Espainiar estaduko haur minbizidunen federazinoagaz batera egin dau Aspanovasek aldarrikapena. ‘Minbizia daben adingabeen eta euren familien Etxez Etxeko Zainketa Aringarri Pediatrikoak‘ izeneko txostena kaleratu dabe. Agiri horretan, estadu osoko egoeraren ganeko erradiografia bat egin dabe. Bertan azaltzen danez, probintzien artean desbardintasunak dagoz, egiturazko gabeziak eta jardunbide egokiak zeintzuk diran be identifikatu dabez.
Zerbitzu osoa momentu guztietan
Aipatutako txostenean azaltzen da, familiek diziplina anitzeko talde espezializatuak behar dabezala. Talde horreetan, pediatrak, erizainak, psikologoak eta bestelako profesionalak egon beharko litzatekez. Gaixotasunak irauten dauan bitartean, mediku bera edo psikologo bera mantentzearen garrantzia azpimarratu dau Bizkaia Irratian Aspanovas alkarteko Junkal Arrutik. Bizkaian bertan, be ospitale desbardinek ez dabela zerbitzu bera eskaintzen azaldu deusku. Etxez etxeko zainketa aringarrieen zerbitzua 24 orduz eta urteko egun guztietan eskeini beharko litzatekeela esan deusku.
