Europako puntako espedizino zientifiko honek kostaldeko itsas biodibersidadea aztertuko dau UPV/EHUren laguntzarekin

Apirilean hasi zan Europako TREC (Traversing European Ecosystems) espedizino zientifikoa

Plentzian da TREC espedizinoaren laborategi mugikor aurreratua

EHUko ordezkariak laborategian / Bizkaia Irratia

Helburua Europako kostaldeko biodibersidadea eta ekosistemak zehatz-mehatz ezagutzea da. Holan 46 geldialdi egingo ditu 22 herrialdetan eta horreetatik zortzi baino ez dabez aukeratu laginketa intentsiboko eta dibulgazino zientifikoko gune modura. Plentzia-Bilbo da horretako bat. Hori holan, Euskadin da dagoeneko TREC espedizinoaren lehenengo fasea: urriaren 11ra bitartean,Plentziako Itsas Estazioaren (PiE-UPV/EHU) parean da lanean Biologia Molekularreko Europako Laborategiaren (EMBL) laborategi mugikor aurreratua. Gurpil gaineko laborategi sofistikadu bat da eta abangoardiako teknologia darabil.

Laginak batu eta berehala, ikertzaileen esku ipinten dauz, laginon prestaketa aurreratua egin ahal izateko eta jarraian, analisi mikroskopikoari heltzeko. TREC espedizinoak Suedian eginiko egonaldian baliatu zan lehenbizikoz laborategi hori, eta handik Gorliz-Plentziara ekarri dabe. Azken belaunaldiko mikroskopia aurreratuko ekipamenduak ditu.

Biologia Molekularreko Europako Laborategiak koordinetan dau TREC espedizinoa eta eginkizun horretan laguntzaile ditu Tara Oceans Fundazinoa eta Europako EMBRC-ERIC ikerketa-azpiegiturea. Azken horretako kide da Plentziako Itsas Estazinoa. Estazino horixe da, justu, espedizino honetan lankidetza-lanetan dabilen ikerketa-zentroa.

TREC espedizinoak tokian-tokian eginiko goi-mailako ikerketa eta ozeanoen esplorazinoa uztartzen ditu. Laborategi mugikor aurreratuari Tara ikerketa zientifikoko belaontzia gehituko jako urriaren hasieran. Ontzi horrek gure kostaldetik hurbil dagozan habitat ozeanikoak arakatuko ditu eta eginkizun horretarako, ur-laginak bilduko ditu. Lehorrean beste ekipo bat bere arituko da, hori bere Biologia Molekularreko Europako Laborategiarena, eta, ingurumen-laginak ez ezik (ura, sedimentua, aerosolak), itsasoaren eta lurraren arteko mugan hautatutako eredu-organismoak bere bilduko ditu. “Horrenbestez, hiru gainegitura zientifikoz ari gara: laborategi mugikor aurreratua, kostaldeko laginketa-zerbitzuak eta Tara goleta. Eta hirurek bisitatuko dabe PiE-UPV/EHU itsas ikerketako azpiegitura”, azaldu dau Ibon Cancio PiE-UPV/EHUko ikertzaileak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00