Libe Agirrek eta Adolfo Arejitak alkarregaz egindako tartea

"Ametsa" berbea "asmoa" berbea lez erabili geinke batzutan

Euskera Hobetzen: “Azokara etorri gara indaba apur bat erosteko amesagaz”. Zer esateko?

Bagilaren 22ko “Euskera Hobetzen” irrati tartean jardun genduan Induska eta Azterka berben esangurak dirala-ta. Harrezkero, euskerahobezale batzuen aldetik hitzok gaineko ohar barriren batzuk be jaso doguz, ezta?

Ohar mordoa heldu jakuz, batez be azterka, aztraka hitzaren, hitz aldaera bien ingurukoak, baina baita induska eta indusi berben gorabeheran be banaka batzuk. Berba bion inguruan Jone Aranberria gazteak atondu eban tiktoka, sare bidez zabaldu dan hori ointzat harturik heldu jakuz batez be ohar gehigarriok.
Hainbat dira, induska berbea eurek ez dabela esaten, edo ez dabela ezaguna dinoenak, Horren lekuan, txarriak dirala-ta, musturka darabilela dinoskue batek baino gehiagok; Erandion esaterako (Pedro Aurrekoetxea). Orozkon be antzera, txarriek musturka egiten dabela (Itxi Rotaetxe). Gernikaldean, txarriek eta basurdek musturregaz lurra aztertzen dabela, eta oiloek erpakin aztertu egiten dabela (Segundo Oar-arteta. Ajangiz). Sopelan be ez dabela ezaguna induska, dinosku batek (Agurtzane Iturregi).
Baina, hara non, Jataben, Isaac Amezaga euskerazaleak dinoanez, txarriek inoska eta oiloak aztraka. Ildo horretan, induska bai esaten dabela dinoskuen euskerahobezaleak. Zeanurin, berbarako: “induske txarriek eta basaurudeak” dirausku Maider Etxebarriak. Eta Usansolotik dirauskue induska eta industu biak darabilezala eurok: “Basaurdeak industuta dagoz soloko lurrak” (Nagore Etxebarria).
Baina horren guztiorren gainera, Eusebio Abasolo euskerahobezale madrildartuak, Artaungo (Dimako) semea bera, nobedadetzat deritxadan azalpen bat bialdu deusku indusi berbea dala-ta, Madrilgo korte-uritik. Hara zer dinoan:
“Gaubon, Jauna.
Pozik nabil zeure zer esanari begire. Gaur dakazu txarrien indusie. Ni lau-haizeetatik dimeztarra naz (50% Artaungoa eta 50% Ziorrestakoa), eta INDUSI apur bet ezetan dot. Izikoa be hangoa da. [Indusi auzoaz dihardu Eusebiok].
Gauzetxu bet esan gure naunke. Txikiten (1950) amak esaten zauen: “Zaparradeak hartu nau eta indusite nator.” Eta aitek: “Lupetxagaz praka barrenak ondatu do(d)az”.
Indusite (empapado), sikiten ipini eta barriztute lotzean dana. Ondatute, loitute (manchado), garbitu behar dana. Batzuetan alperrik galdute balio eztana”.
Eta aurrera eginaz mezuan, dino: “Jaune. ‘Auriegaz busti-bustite’ ondo esanda dau ala nire burue gogorapenak galtzean hasi ete da?. Mille esker. Besartekada bat. Eusebio Abasolo Iturbe”
Nire eretxia da, urdeek lurra musturraz lurra harrotu edo altzetan daben irudia eroan dabela paraje batzuetako euskal hiztunek, Artaungoek behintzat, euriagaz ‘busti-busti, blai egin, ur-asetu, hondatu-hondatu, mela-mela egin, txipa egin, mordindu, zopatu’ hitzen adierea inkau jakola indusi aditz zahar horri.
Geure entzule erne-zorrotzei erregu-itauna: ezaguna dozue indusita nator esatea, gaztelaniaz “vengo empapado” adierarako?

Errefrau ezaguna: “Iñoiz ez izatea baiño berandu izatea hobe” (Atsot 7283)

Gaztelaniaz ezagunagoa dogu: “Nunca es tarde, si la dicha es buena”.
Urdaibai aldean asmotan dagoan Guggenheim proiektoa dala-ta burura etorri jat errefrau hau. Orain dala 13 urte pasatxo aurkeztu zan Gernikako Euskal Herria Museoan Urdaibai ibarrean Guggen barri bat egitearen lehenengo egitasmoa, GU BAI izeneko plataformearen bidez, eta orduko aurkezpen haretan, Arantza Madariaga abokatuagaz batera, ekimenaren aldeko aurkezpena egin genduan jenteaurreko labur baten bidez, Juan Ignacio Perez Iglesiasek, Rafael Madariagak, neu be tartean nintzala. Jose Luis Bilbao zan aldi haretan Bizkaiko Ahaldun Nagusi. Orduko ahalegin harek ez eban aurrerapiderik izan tamalez, baina hazia ereinda geratu zan, eta denporea garrenera landara barriren bat erneko dala dirudi Urdaibai inguruko paraje ederrean. Horren harira etorri jatan burura esakuntza honen muina: “Iñoiz ez izatea baino berandu izatea hobe”.
Balio berezia daben ondasunen edo pitxi ederren jabe egin gura bada, ez dago besterik itxaron baino; eurok zuzendu edo eskuratzeko, egoarria hartu eta itxaron beharra, besterik ezean.
Gaztelaniaz berban-berban entzuten dan esakuntzea. Eta badauesanguraz hurrekoa dan beste bat: “Lo bueno se hace esperar”. Euskeraz, baina, ez da horren ezaguna, dirudienez. Badira horraitino mezu berori edo hurrekoa aditzera emoten daben batzuk, eta eurok garanduko ditugu laburzurrean.
Berandu hoba dalako eretxia damaigue honako bik. Etortea, ailegetea dala-ta dino batek: “Berandu etortzea hobe, bein ere ez etortzea baino” (Atsot 2360). Eta ereintza aitatzen dauen lurgintza arloko beste baten esana: “Berandu ereitea geixau da, bapez ereitea baiño” (Atsot 4054).
Askoz ezagunagoa dogu hiztunok, eta erdaldunek be bai, ikaste eta eskola jarduna ahotan darabilen hurrengo hau; berbaz be halantxe esan daroaguna: “Ikasteko sekula ezta berandu” (Atsot 7149).
Berandu doana atzera berandu ohi datorrela gogorazoten deusku hurengo honek: “Berandu jo(a)n ezkero, berandu etorri” (Atsot 2361).
Bapeza beranduagaz kontrajartzen dau beste honek: “Bapez baiño, berandu (h)oba” (Atsot 1908).
Berandu ibiltea astitsu ibilteaz kidetzen dau batek: “Beti ordu (astia) duena, beti berant heltu dena.” (EY 2136).
Beranduak onura-emendioa be izan leikela dirausku batek, baldin segurua bada: “Berandu, baiña seguru” (Atsot 2359).
Eta amaiera gisa, goiz eta berandu alkarren aurrez aur be agiri dira errefrautegian: “2444- Goiza ezta berantaren behar” (EY 2444).

Irakurritako esaldi bat: “Horrelako erabagirik ez da zertan hartu behar eztala”. Ondo esana da behar ez dala? Beste ze modutara esan geinke gauza bera?

Gaztelaniaz ‘innecesariamente, sin necesidad, no siendo necesario’ esaten danarentzat alagalako ordaina dogu euskeraz behar ez dala. Halan esan geinke: “Zertako erosiko dozu behar ez dala ordenadore barri bat? Lehengoagaz ez da nahikoa ba?”. Labayru Hiztegiaren adibide bat: “Lehengo autoa ondo ebilen, eta beste bat erosi dozu behar ez dala”.
Idazleetara joten badogu, hara hemen Eusebio Erkiagaren lekukotza ziurra: “Ez ete dagoz errezoiez beterik haren azken aldiko gogaideak, agintaririk ez menpekorik behar ez dala dabenean?” (Batetik.Bestera).
Bada beste esakune bat, egituraz hurrekoa, leku batzuetan sarriago esaten dana: zertan ez dala. Bigarren honek be lekukotza sinesgarriak ditu euskal idatzietan. Orain dala mende bete inguruko dotrina batetik hautua:“Zer da bearrizan barik zin egitea? Zetan ez dala edo ezerezagaitik Jaungoikoa testigutzat ekartea” (Kristiñau.Ikasbidea 1921). Oraintsuagokoa dogu gure bertsolari baten txatal hau: “Badaezpadan ez nagizula / hemen salatu larregi, / atzo gaubian zetan ez dala / parkatu neutsun gehiegi.” (B.Enbeita Nere.Apurrak).

Lehengo baten minsor eta minsorro berbak erabili genduzan geure autuan. Zer da kontua eta, berba horren tiktoka zabaldu dogunean, mingor hitzak urten dau azalera. Mingor, gauza bera esateko?

Gitxi gorabehera baietz esango neuke, adiera nagusian behintzat. Tiktok baten minsor egotearena aitatu genduaneko heldu jakuzan mezuak mingor berbearen inguruan.
Mingor adjektiboa esangura-arlo zabalagoan, askoz zabalagoan darabilgu, minsor, minsorro baino. Zein izenegaz darabilgun, esangurak be aldatu egiten dira batetik bestera.
– Eguraldia dala-ta, hotz mingorra batu izan da Mendatan (Idoia.Mallea Mendata), hotz bizi sarkorra esateko.
– Ortuari kontuan be, piper mingorrak deritxoe piper txiki-txikiei, halan Sopelan, seguruen beste leku batzuetan pipermin esaten jaken berberei (Agurtzane.Iturregi).
– Ardao edo edarietan be, mingorra esaten jako, ‘ozpin’ gustukoa danari, gazt. ‘amargo’. Nafarroako esaera baten esana: “Hator, hator: badiagu aza, illarra ta pittar mingorra” (AN-5vill) (D. Inza NaEsZarr 1730). Horretatik adiera figuratiboa be beregandu dau mingortu aditzak. Eusebio M. Azkueren kopla honetan, kasurako: “Baina euskaldun nobleak / eztau nai dirurik, / izena daukanean / ezek mingorturik” (Parnaso).
– Baina gatozan gorputzeko haragiak mingor dagozaneko arlora. “Mingor-mingor dekot besoa” esaten da Zeanurin (Maider Etxebarria). Zeberion be gorputz parteren bat mingor eukitea aitatzen da (Juan Manu Etxebarria).
Berba honen harira, Maribi Egiak (Jatabe) hau gehitu dau: “Guk bere mingor berbea erabilten dogu, baina ez neuke ‘buruko minerako’ esango, kasurako. Begik mingor edo besok mingor edo atzamar-puntek mingor… esango neuke, baina buruko minerako ez. Fisikoago edo kanpokoagotzat hartzen dot”.
Sopelan be, kendubako minarentzat esaten da, besoa edo gorputzeko parteren bat mingor eukitea.
Zauriagaitik be esaten da, mingorra dala. “Ez al da munduarentzat lotsagarri eta guretzat zaldar mingorra, Ebro ta Adur ibaien bitartean […] pasaporte edo dana dalakoa erakutsi bearra?” (Agur 1973-07-14).
Hara Etxeita idazlearen pasarte bi, mingortu aditzagazkoak. Bata gibelari jagokona: “Gibela daukat mingorturik eta noizik-noizera enaz ondo egoten” (Josetxo). Bestea, begieak min handiz eukitea dakarrena: “Karlos makalik bere begi mingortuaz, etxetik urten ezin ebala” (Josetxo). Idazle beronek, gibeleko minarentzat mingortasuna be badarabil: “Darik geroago alatsuago eukan bere gibeleko mingortasuna, ta ostera be joan zan Buenos Airesera hamabost egunetan osagille on batek esaten eutsana egitera” (Josetxo).
Eta autu honen amaiera gisa, txori txiki bat be badogula, izenez mingorra deritxona, beste izenez istingorra, eta gazt. ‘agachadiza’. Gure idazleen testigantza gitxi batzuk. E. Erkiagaren esaldi bat: “Iperdikara, mingor ta txepetxak” (Batetik Bestera). Mogelek txori-izen horren etimologiaz, edo sasietimologiaz, hara zer dinoan: “Zer esan gura dau […] mingorrak? […] Mingorra esaten da soiñurik joten ez dabelako, dalako mutu ta ixilla” (PAb). Eta Juan San Martin idazleak, bere pasartetxo baten, galeper eta mingor txori-izenak pertsona-ezizentzat darabilz: “Galiperra ta Mingorra anaitxo biak pe an ziran baztar batian adurra ta mokua darixola” (Zirikadak).

Gure irrati honetan erabili behar izan dogun kontzeptu bat, osasun arloari joakona, euskeraz zelan esan noraezean ibili gara; gaztelaniaz ‘incontinencia fecal’ deritxona

Zientzia-izena encopresis da, eta hezkuntza munduan encoprasia erabilten dabe, eskola-ume batzuen arazo hori izendatzeko.
Baina eguneroko berbetan ez darabilguz hitz tekniko horreek. Ze izenez deritxogu fenomeno fisiologiko horri eguneroko berbetan, guztiok aditzeko moduko berbetan?
Eutsiezina da ezagunen egiten jatan berbea. Zeren eutsiezina? Era bat baino gehiago dagoz espezifiketako. Obramentuaren eutsiezina. Kakari eutsiezina. ‘Uzkiko eutsiezina’ be esan geinkelakoa daukat.
Kontron izenari tira eginda be erabilten dira kontrolbakotasuna, edo kontrolik eza. Esfinterren kontrolbakotasuna, edo kakaren kontrolbakotasuna.
Bertanbehera egin esapideaz be balietan dira hiztunak era figuratiboagoan: kaka bertanbehera egitea.
Eta zein da kontzeptu horren antonimoa, kontrako esangurakoa: kakik egin ezina.
Gure euskerahobezaleek ezagutuko ditue segurutik berbabide gehiago be, hori bera aditzen emoteko.

Entzundako esaldia: “Azokara etorri gara, indaba apur bat erosteko amesagaz”. Erosteko amesagaz. Amesa zer esateko darabilgu esaldi horrean?

“Plazara etorri gara, okela apur bat erosteko amesagaz”. Ames (amets) izenaren bigarren mailako adierea dogu goiko esaldi horretakoa. Oinarrizko adierea beste bat dogu: ‘ames egitea’ esangurakoa da. Gauaz lotan dagoanaren amesetea. Ameseta onak edo ameseta txarrak dituanarena. Gaztelaniaz ‘sueño nocturno’ deritxonarena. Esaldi bigaz on eginda: Dinozuna ez dozu inon ikusi, ez da egia; ames egin dozu, antza. Edo gaueko ames egiteaz: Bart ames egin neban loteriak urten deustala.
Bigarren adiera bat, sendoa eta ugaria, gazt. ‘ensueño, ilusión’ dalakoarena dogu. Berbaz dinogunean: Buruan amesak baino ez daukaz. Ames handiak euki. Txakur-amesak. Edo errefrau barruan: “Txakur gosetuak ogia ames”. Edo ameseta eratorriaren bidez: Amesetako kontuak. Amesetako esperantzak. Amesetako jazoerak.
Bigarren adiera honetatik hur-hurrekoa dogu goiko esaldi horretakoa, ‘asmoa, gogoa, intentzinoa’ adierazotekoa. Halan: Orain ezkonbarritan ames handiak hartuta dabilz. Gure amesak egia bihurtu dira. Madrilera joateko amesa. Jaieguna izan arren, ez daukat inorako amesik. Domingo Agirreren esaldi batez: “Hori zan senar-emazte zahar bien aspaldiko ames, gogo ta itxaropena” (Garoa).
Horretatik garatu dira norako amesagaz egon edo zeren amesean ibili erako egiturak. Eta ildo horretakoa dogu: “Plazara etorri gara, indaba apur bat erosteko amesagaz”.

Hedabideetan entzuna: “Dudan egon ginan egiTEA edo ez egiTEA”. Egitea edo ez egitea ala Egin edo ez egin erabili behar da hor? Hau da, -tea atzizkia barik, aditz partizipio huts-hutsaz?

Egitea edo ez egitea erabili, edota egin edo ez egin, esaldi nagusiaren eta mendeko osagarriaren subjektuak, diferenteak, banangoak izatean, edota bat bakarra, bat eta bera izatean datza.
Goiko esaldiaren berbak ointzat hartuta: Dudan egin ginanak ‘geu’ izan gara, eta egin beharrekoa egin edo ez egin behar izan dogunak be ‘geu’ izan bagara, orduan ez da toketan egi-tea edo ez egi-tea aditzizen egituraz jostea, ezpada aditz partizipio soil mugagabeaz: Dudan egon ginan egin edo ez egin.
Baina dudan gengozanak ‘geu’ izan arren, egin beharrekoa egin edo ez egin behar ebenak ‘beste batzuk’ izan badira, edota ‘gu eta beste gehiago’, orduan -tea atzizkiaz markatuko genduke mendeko aditz osagarria. Halan: Dudan egon ginan (zuek edo hareek) egitea edo ez egitea.
Aditz nagusi batzuk beti eskatzen dabe mendeko osagarria -tea atzizkiaz markatzea. Aditz egitura nagusia inpertsonala danean, edo balio inpertsonala jagoten dauenean, mendekoan -tea atzizkia. Halan: komeni da, ondo dago, ez dago txarto, egoki da, zilegi da, beharrezkoa da eta hatarikoak aditz egiturakaz.
Aditz nagusiak subjektu pertsonalaren jabe izan behar dau, mendeko osagarriak aditz partizipio soil mugagabeaz josi ahal izateko. Eta esaldi nagusiaren eta osagarriaren subjektuak berbera izan behar dau.
Bestetik, aditz egitura jakin eta zehatz batzukaz jazoten da egitura hori. Hara eredu batzuk:
– “Umeek behar ditue, gurasoen esanak egin, kanpoko jentearenak barik”.
– “Gura gendukez, egia batzuk garbi esan”.
P. Zamarripak bere hizlauzko idatzi baten egiten dau zehatz bien bereizkuntza:
“-Holan jokatuTEA gura dabe. Gauza bat da, berorrek ondo dakian lez, holan jokatu gura izatea ta beste bat holan jokatuTEA gura izaTEA. Holan jokatuTEA gura dauenak bape neke barik gura izan lei, berak holan jokatu barik, besteak holan jokatuTEA.
– Euskeraz berba egiten badakiala esan leik, Txitxu. Alde handia jagok, bai, beti be, aditza (berboa) tea-gaz erabiltetik -tea barik erabiltera. Baina euskel idazle batzuk etxakiek, antza.” (Firi-firi XXXVII).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular