1. Ospitalean, edadeko gizon batek beste paziente bati emondako aholkua, oinetatik ebakuntza egin edo ez egitearen kontura: “Ez operau! Andrea daukat zehatz galduta”. Gitxi entzun da zehatz horrelako kontestuetan.
Berbok esan zituan gizonak kezkaz eta urduri egoala, eta gure osasun zerbitzu batzuen jardunari ez eutsiela sineste osorik emoten esan gura eban, ustez. Baina gogotik entzun eban, emaztea ebakuntzaren ondorioz ibilpidearen aldetik zehatz galduta egoala esateko modua.: zehatz galduta egoalakoa.
Aditz partizipio adberbial bat graduatzeko erabilita entzuten da gehien bat zehatz adberbio graduatzailea. Aditz partizipioak adiera ezesgarria euki ohi dau sarrita: jota, galduta, hondatuta, mozkortuta e.a. Neure corpus berezian ditudan esaldi bi hautatu ditut, zehatz (ahoz zietz be bai) darabilenak. Bata, norbaiten osasun egoereaz: “Urtebetean ikusi barik eta oin zehatz hondatuta topau dot”. Bigarrena, norbaitek burua galduta daukalakoaz: “Zehatz jota dago” (‘está completamente loco’).
Beste hainbat graduatzaile be badarabilguz ingurune beretsuetan, edo adjektiboak, edo adberbioak edo aditz partizipio adberbialak indartzeko. Zerrenda luzea osotuko leukie berez, baina guk gitxi batzuk hautatu ditugu honako, berbaz guztiz hurreko egiten jakuzanak: garbi, ondo eta zeharo.
– Garbi adjektibo-adberbioa dogu horreetariko bat. Adjektiboak indartzeko darabilgu batzuetan. Berbaz entzuniko esaldi bi. Bata: “Alpergura garbia da”. Bigarrena, Sopelan batua: “Andanabako garbia da!”, ‘ganorabako garbia’ dala esateko (Agurtzane Iturregi).
Baina garbi, aditzak indartzeko darabilgu sarrien graduatzaile lez. Halan esaten da: “Aspaldion garbi ganorabakotu jaku gizon hori.” Edo: “Neskatilea ezagutu ebanean, garbi zoratu zan beragaz”. Baina gehienetan aditz partizipio adbebialakaz. Halan: “Hori esateko, garbi endregauta zagoz zu!”. Edo: “Garbi mozkortuta etorri zan etxera”. Edo: “Harrituta nago garbi!”, lehengo baten Laura Uruburu idazleari harrapau neutsan lez.
– Ondo adberbioa be benetan ugaria da graduatzaile lez. Sartaldeko berbakeran zabal erabilia. Tradizino idatzian be ezaguna, baina berbazkoan askoz be biziago darabilguna.
Zein kategoriaren graduatzaile eten dogun garbi? Adjektiboena sarri. Halan: “Gizon hori ondo popularra izan da.”. Edo: “Neskatoa be ondo polita topau dau, gero!”. Edo: “Gizonaren asmoakaz ondo jakitun egoan andrea”. Ildo honetan, gogora ekartekoa da esaera ezagun bat, dinoana: “Osasuna, bakea, ta lapiko ondo betea”.
Adberbioak indartzeko be sarri darabilgu ondo. Halan esaten da: “Atera ezin inondik inora. Ondo sakon egon da, gero!”. “Ondo formal zabilz aspaldion!”. “Hilda esan dozu? Ondo bizirik dago hori”. “Diruak ondo gorderik daroaz soinean”.
Klasikoen artean, hara Añibarro idazle arratiarrak darabilen esaldi hau: “Ondo gitxi esketan deust Jangoikoak, salbatu nadin” (Esku.Librua).
Aditz partizipio adberbialakaz be bai. Halan: “Atea ondo zarratuta euki dau, badaezpadan inork entzun edo barruntau ez daian”.
– Zeharo adberbioa, Bizkai partean baino gipuzkera alderdian indar gehiagoz entzun eta irakurten da. Hara geure idazle batzuen esanak:
Adjektiboakaz. Halan Domingo Agirrek: “Batzuk zearo apalak, bidegabeko arrokerietan behin ere ibili ez diranak” (Garoa). Edo Lizardik: “Bizitza-bidea ez da zearo garratz; ez du beti eguzki, besteetan bezela odeiak jartzen baitira bitarte” (Umezurtz). “Egin gaitean leenbizi zearo guretar, zearo euskotar” (Itz.lauz). Nemesio Etxanizek: “Bere burua batere kolorerik gabea, zearo nabarra, grisa zala konturatu zan” (Lur.berri). Edo Uztapide bertsolariak: “Garai bateko basarritarra / etzan ziaro eroa” (Sasoia).
Aditz partizipioakaz darabilgun adibida: “Gaixoa pasau zebanetik zeharo txangalduta dago” (Elexpuru Bergara).
2. Esakuntza baten esana: “Urdaia saguaren atzetik”. Zer ezkutetan dau errefrau horrek?
Irudi ederreko errefrau honen adierazkizuna garbia da. Irudiaren sekuentzian, sagua edo katua edo txakurra urdaiaren atzean ibiltea da berezkoa, berez jagokona. Baina errefrauak iduleztara dakar sekuentzia; atzekoz aurrera aktante biak, usadioaren, usu-legearen kontra: urdaia saguaren.
Gizaki-hartuemonetara ekarrita, neska-mutilen hartuemonetara, tradizinoak agintzen dauena, mutila neskatilearen atzean ibiltea ohi da, eta susmo txarrekotzat jo izan da neskatilea mutilaren atzean ibiltea. Kontrako joera hori aditzen emoteko irudi gisa entzute da herri-berbetan urdaia saguaren atzetik ibiltearena. Modu zuzenagoz esanda, premina dauena bila norberaren ibili beharrean, norbera ibiltea bestearen atzean.
Meñakan aspaldi ikasi neban esakuntzea: “Gure amak esaten deu, urdeidxek ezteuela ibilli biar saguen atzetik” (Rosa Mari Arano. 1980).
Errefrau horren irudi-osagarriak, batetik urdaia, jaki gozoa. Bestetik, animalia izena: sagua, txakurra edo katua.
Formulatze diferenteak ezagutzen jakoz errefrau honi. Bat, soila eta laburra: “Katue txakurren atzien” (Atsot 8387). Beste bat, esplizitoagoa, mezuaren intentzinoa oso-osorik agirian ipinita: “Sague katuen atzien, neskatillie mutillen atzien” (Atsot 11580).
Edozelan be ez dira euskeraz ugariak, mezu hau emotera zuzentzen diran errefrauak. Zuok entzuleok ezaguna dozue honelakoren bat edo antzekoren bat?
3. Hedabideetan oraintsu entzundako adierazpen bat: “Programazioak kutsu bizkaitarra eukiko du”. Kutsu bizkaitarra esatea ondo esanda dago?
Esaldia bera gramatikaz zuzena da izan, baina erreparu handia ipiniko neuskio kutsu bizkaitarra esaldi horri. Izurriren bat Bizkaian sortu izan balitz eta mundu zabalera hedatu, bai esan zeitekean kutsu bizkaitarra. Lehenago be izurri baltza, espainiarren gaxoa eta horrelakoak asmatu diran antzera.
Baina ingurune honetan adierazo gura izan dan mezua ez da hori, ezpada BOS alkartearen programazino barrian Bizkaiko edo bizkaitarren edukiek pisu edo eragin apartekoa eukiko dabela. Zelan esan? Bizkai eragina, Bizkai airea, Bizkai kolorea, Bizkai usaina, Bizkai antza, Bizkai giroa edo antzekoren bat otuten jat niri.
Kutsua, zuberotarrez kozüa, Iparraldetik hartu dogun hitza da, eta horren ildoan garatu dira: kutsatu, kutsapen, kutsadura, kutsagarri eta beste gehiago, eta gehienetan zorigaiztoko ‘kontamizazinoaren’ zurrunbiloan.
Gaixotasunen gorabeheran erabili izan dira kutsua eta kutsatu, gazt. ‘contagio, contagiar’. Adiera honetarako ez ditugu hitz asko. Aditz batzuk badira: itsatsi edo erantsi leku batzuetan, oratu (gaixoren batek) be bai, edo nahastau (gaixoren bat) sartaldean, berbarako. Izenetan ezagunak dira izurri eta izurrite, berez esangura zehatzagokoak izan arren. Edozelan be kutsatu eta kutsagarri orokortu dira, gazt. ‘contagiar’ eta ‘contagioso’ eremuetan, eta bazterrago geratu dira besteok: nahastau eta nahastorra Bizkai aldean, edota itsaskorra eta eranskorra erdialdeko hizkeretan.
Kutsu berbea, edo gaixo txarren kontuan, edo usain txarra darion zer edo ha seinalatzeko erabili izan da ia beti. Eritasun edo gaixotasunak dirala-ta berariaz.
Dakarguzan hona gure klasikoen esaera batzuk: “khutsua edo pozoina” (Leizarraga), “bekatuaren kutsua”. Dizdiragarria da Axularren konparantza hau: “Emaztetako bekhatua izurriaren pare da; kutsuz doa. Asko da ukitzea” (Gero). Oihenartek atsotitz bilduman dakarren beste honek orobat: “Gizon biar peituti (bizar bakotik) eta emazte bizartsuti, ihes egin nola kozuti”.
Amaitzeko, esan daigun, urteko musika programazinoa dala-ta kutsu bizkaitarra eukiko dauela entzuteak izu eta bildurra eragin leikioela batzuei, aretoetatik uxatzeraino behar bada; entzule guztiak kutsaturik edo izurri txarren batek nahastauta subertetan ete diran.
4. Gitxi entzuna dan berba bat: Heuspotzien. Zer esateko?
Libe Agirre kazetariak, Mungialdeko berbetan entzundako berbea.
Euspotzian ez da besterik, ‘hauspo-hotsean’ baino. Aurreko baten aitatu genduan zeharka berba hau (2022-07-07/5), hotsean hitzak egitura alkartu barruan sartalde berbetan dauen emoi ugaria ardatz harturik. Erdera-hotsean zan berbea: gure gazteak gero eta gehiago entzuten ei dira erdera-hotsean eta, biziro kezkatuta. Mezu hori berori beste era batzuetara be entzuten da: Garrote-hotsean dabilzala erderaz.
Baina zer da hauspo-hotsean egiten dana? Berbaz: heuspotsian? ‘Arin-aringa, tximistea baino arinago, britxan’ mogidu danean baten bat nora edo hara, hauspo-hotsean joan dala esan daroagu. Beste era batzuetara be entzuten da: Apatx-hotsean (/apatxotsean). Astrapala-hotsean be esaten da, igeska joatea zarata eta abarrotsaz danean. Putz-hotsean be esaten da. “Herri guztia putz-hotsean igaro neban” idaztzi eban J.M. Etxaburu idazle ondarroatarrak (Kontuak).
Non esaten da hauspo-hotsean? Nik etxean ikasi neban txikitan, Morgan. Libek Meñakan edo inguru horretan entzun dau. Urdaibai aldean be esaten da (Barrutian sarri entzun dot).
Etxeko berbetan ama zanari entzundako esaldi bi. Bat: “Aita gaixorik dagoala esan deutsienean, hauspo-hotsean etorri da”. Bi: “Hortik itxina joan dira hauspo-hotsean”.
Hotsean berbea atzizki modura erabilten dogu sartaldeko berbetan, izen moduan baino gehiago. Jatorriz hotsean horrek ‘hots, zarata’ esangurea dau: berba-hotsean, negar-hotsean, barre-hotsean edo tiro-hotsean. Baina hauspo-hotsean eta antzekoetan bizkortasuna, abiadura bizia, mogimentu arina adierazoteko erabilten dogu: Haize-hotsean (haizotzean). Zenteila-hotsean (zenteillotsean), edo Zuzi-hotsean (zuziotsean) berbetan, esaterako.
5. Ramon Basaldua kazetariak bokarta eta antxobea izenen arteko auzia ipini deusku mahai gainean? Zertan datza izen bion arteko aldea?
Labur esanda, esango neuke itsastarren artean esaten dala bokarta eta lehortarren artean, edo lur barrukoen artean, antxobea. Andaluzia aldean ‘bokeroia’ (boquerón) da entzuten dana.
Ondarroatarrakaz ikasi neban gaztetxotan bokarta berbea. Orain sarriago, Ramon Basaldua bermeotarrari irratiz. Eta Santandere aldean ikasi neban aspaldi ‘bocarte’ berbea, jatetxeetako menuetan be halan agiri dana.
Bokarta, frantses erromantzeetatik sartua dala esan lei. Bocard deritxo frantsesez. Handik sartu dala dirudi Kantauri aldeko gaztelaniara be: bocarte.
Euskaltzaindiak 1983-74 urte inguruan datuak batu zituan dialektologia Atlasak darakus, euskaldunen artean antxoa edo honen aldaeraren bat dala nagusi. Eta bokart berbea itsasaldeko herrietan agiri da, ez handik kanpora.
Lekeition bertan be hauxe agertu eban bertako barriemoile batek; ‘txaputxerua’, lehortarra, antza danez: “Mariñeruak bokarta. Antxobia guk geio”. Lasarteko barriemoileak bereizi egiten zituan bokarta eta antxoa, esanez: “Bokarta baino ttikiago da antxoa”.
Albokarte izen-aldaera be erabili izan da izentzat. Augustin Zubikaraik bere Ondarroako hiztegitxoan hiru berba aitatzen ditu Ondarroakotzat: “Albokarte, antxoa, bokarte” (Ondarroa 235). Eta itsas hiztegi batek be, ‘anchoa’ gaztelaniazkoarentzat “bokarta, albokartia, antxua” izendatzen ditu (Fauna.Marina 37).
Domingo Agirrek Kresala elabarrian, bokarta badarabil. Pasarte baten dino: “Antxobea, bokarta edo sardiñatxoa, soloetarako, satsa legez be salduten da, oso merke” (Kresala). Eta aurrerago, beste baten: “Norbaiten txalopeak bokarte asko hartu badau” (Kresala).
Gudu aurrean Bermeoko berbetan antzerki-lanak idatzi zituan Robustiano Ortuzar abadeak halan idatzi eban: “Bokarta despeskaten dirue naikue sartun dau partikerara” (Oroigarriak).
Mendaro Txirristaka bertsolariak: “Besteri egiteko esan bijiliak, / bokartak itxasuan / bezela baliak”. Eta amaitzeko Eusebio Erkiaga lekeitiarrak: “Udabarriko bokart eta sardiñatako aldiari agur eginik, atuneta-sasoia” (Arranegi).
Labur esanda:
Antxoa (anxoba) eta bokart, albokarte berbak, biak dira erromantze-hizkuntzetatik euskerara sartuak. Antxoa be mailegu-izena dogu, baina euskal berbeta guztietan hedatua, Ipar eta Hego.
Bokart berbea arrantzu-mundutik sartu da euskeran, arrantzuan jardun izan dabenen bitartez. Susmo nagusia, Iparraldeko erromantzeetatik sartu dalakoa, bai gaztelaniaz, bai kosta-herrietako euskeran.
Errefrauetara joten badogu, batek dino: “Lorarik ederrena, maiatzeko antxobia”, Azkuek Markinaldean batua (EZBB II 49). Eta sukalderako aholkua be badamaigu Azkuek: “Pla-pla egindako antxoak lako arrainik ez dago” (V-m).
Amaitu daidan, Bilintxek, jatun handia zan abade bati bere aldian eskeini eutsazan bertsoen (Apaiz babarrun-jalea) pasarte honegaz: “Dozenaka tragatzen / zituen [barbantzu] aleak, / maskatu ere gabe / tripazai jaleak, / alako aisa nola / antxoa baleak” (Bilintx).
6. Iragarki baten adierazpena: Saldua. Hain zuzen be, luzaroan salgai egin dan denda bat saldu izan dala honezkero aditzen emoteko. Saldua.
Oker handirik ez bada, Bizkai barruko uri hazi eta euskaldun bateko lonja baten irakurria da iragarki hau: Saldua. Inmobiliek erakustokietan, etxe edo eraikuntza baten irudiagaz batera sarri ipinten dituen iragarkien bidetik: “Vendido” iragarri ohi dabe, frantsesez “Vendu(e)”.
Euskeraz berez, gramatikaren aldetik zuzena da: SalduA. Iparraldeko hiztunek, eta neurri baten Ekialdekoek, nafarrek batez be, esango leukie horrela. Baina Hegoaldeko, batez be Bizkai-Gipuzkoetako jente euskaldunak, honelan esango leuke: SalduTA, edo gehienez be SalduRIK, era klasikoagoan.
Zein da adierazo nahi dan mezuaren itauna? Zelan dago, zein egoeratan dago lonja hau? Erantzuna, adberbial tipokoa da: salduTA edo salduRIK.
Zein ingurunetan erabilten dogu salduA, eta zertan bereizten dogun dogu salduTA esatetik? Adjektiboaren edota izenaren ordezko aditza danean (erdi eta sartaldeko hizkeretan ). Esaera ezagun bat bada etxe eta eraikuntzen gorabeheran, gure herri pentsaeran sakon sartuta dagoana: SalduA galduA. Hau da, saldu DANA galdu da. SalduA eta galduA adjektibo balioko aditz partizipioak dira.
Hurreko adibide bat erabilita, komertzio edo denda batek ate ostean txartel ipinten badau, ordutegiaren arabera zelan dagoan une baten edo beste baten,normalean irakurriko doguna da, batetik: ItxiTA edo ItxiRIK, eta bestetik: Zabal-IK, zabaldu-TA edo edegiRI K/ edegiTA. Ez dogu normalean inon irakurriko, ez zabalduA ez itxiA edo zarratuA.
Edozein zeregin edo lan, behin burutu dogunean, esan edo idazten dogun aditz-esaldi laburra da: AmaituTA, edo bukatuTA, edo kitu eginDA, baina nekezago esango genduke: amaituA, buruTUA edo bukatuA, behinik behin sartalde eta erdialdeko hizkeretan.
Halanda ze, Durango, Gernika edo Mungia lako uri baten horrelako iragarpen-ohar bat idatzi nahi badogu, salgai egon dan lonja baten ingurukoa, salduTA idazten bada, errazago ulertuko dau jenteak.