Australian kainabera-ebaten behar egindako baten azalpena, kainaberea zelan ebagi: “Kainea (kainaberea) ebaten zan berderik”
Modu bat baino gehiago dira euskeraz hori bera esateko. Landarea, artalastoa, bedarra…, udabarriak berde egiten da, berdetu, edo berdetasunean bizitu, bizibarritu, eta behin udara ezkero, horitu, beilegitu, igartu antzean paretan da.
Baina ebatorduan ze egoeratan egon behar dauen landareak zelan adierazi berde berbeaz? Kainaberea gai hartuta, euskaldun australiar haren esanean: berde-RIK ebaten ei dira kainaberak.
Berde-TAN ebagi behar dala be esan leian. Berde DALA edo berde DAGOALA ebagi behar dala be bai. Berderik, nekazari munduan, landareen edo bedarraren gorabeheran erabili izan da berariaz: bedarra berderik ebagi, eta udako lehorte-sikateakaz, gorririk. Halantxe idatzi eban aspaldi J. Azpiroz Berastegiko herri-idazleak: “Garoa berderik ebaki eta zimeldua ardientzat” (Arbola zarra). Garoa gipuzkera eremuko leku askotan ireari (ideari) esaten jako; kortan ganaduari azpiak egiteko basotik ekarten zan ireari. Eta irea, garoa, berderik ebatea, landetan bedarrik ez egoanean ganaduarentzat, besterik ezeko urtenbidea ohi zan: joan basora, ebagi irea (kuadrilan arinago eta ugariago, eta etxera igaro, ahal bazan berderik, berde dala.
Ze hitz moduri eransten deutsagu -ik/-rik atzizkia, adberbio funtzinora ekarri eta ‘modu, egoera’ esangurako bihurtzeko? Adjektibo kategoriakoei berariaz, eta barruti zabal horren, beste esparru semantiko batzuei batzuetan baino gehiago, kolorearen adierazle diran adjektiboei. Ezagunen batzuk dakarguzan gogora:
Baltz adjektibotik baltzik garatu dogu. Sarri baltzik (jantzita) egitura barruan. Lehenago, etxekoren bat hilten zanean, etxekoak (ezkonlaguna edo haren seme-alabak berbarako) eleizara baltzIK joatea zan legea. Beste berbaz esanda, lutuRIK, edo lutuz. Idazleetan: “Illobi guztiz eder bat egin / dautsie madaripien. / Txiribiri ta erliak duaz / baltzik bidiak betien” (Urretxindorra). “Ortzea baltzik, mendijak zuri, / lurra gogortuta ixotzak” (Urretxindorra). “Kale erdian agurtu dot baltzik jantziriko andra bat” (N.Alzola Atalak).
Erdi eta ekialdean be ezaguna da beltzik. Orixek: “Zurian beltzik datoz, euliak esnean”. Eta Iparraldean be bai, berariaz olerkiz: “Herriko bestan, gazte lagunak / kantuz plazara dohazi; / eta ni beltzik etxe zokhoan; / irri egiten ahantzi!” (Elizanburu Olerkiak). “Nun hindabilan, beltzik, errak, herioa; / Oraikoan galdu duk hire jabegoa.” (Oxobi).
Zuri adjektibotik zuririk garatu izan da. Ezkontza edo eztegu giroko ohiturea izan da gehiago, emakume ezkongaia zuririk jantzita joatekoa. Edo begiak zuririk edo zuriaz gora euki: ““Baju-bajutxoan hasi [sermolaria]; apurka-paurka abotsa lodituten joan; itzelezko tronpeteria atara, ta honetan, ra! eskuak zabalik eta begiak zuri-zuririk ipiniaz, ixil-ixil geratu” (Ipuin.Barreka). Edo balio irudikatuaz: “Zeure mai santura graziazko garbitasunez zuririk eta ederrik elduteko” (Añibarro-Zabala EL1821).
Gorri adjektibotik gorririk garatu da. Arpegiaren irudi gisa batzuetan: “Plazan arribatzian, bisaiak gorririk, / mundu guzia zagoen irriz zabaldurik” (Iraultza 74). Gizakion azalaren kolore gorriskeagaitik sarri. Halan: “Matraillak gorririk, uzkurka, burua makurka” (Orixe Mireio). Eta sarriago behar bada, norbait ‘bilozik’ dagoala esateko be, egitura alkartuan berariaz: narru-gorririk edo buluzgorririk. Halan: “Larru gorririk irauliz intzetan.” (Orixe Euskaldunak); “Buluz gorririk jin ninzan neure amaren sabeletik mundura” (Tartas Onsa). ‘Oinutsik’ edo ‘ortozik’ aditzen emoteko be egitura alkartuan: “[Artzai] geienak, anka gorririk etortzen ziran. Oiñetakorik etzuten ibiltzen” (Baso.mutillak Auspoa).
Baina gorririk soila be sarri agiri da biloiztasunaren adierazgarri. Halan: “Hartuta, eramaten dute kapitanaren aurrera, zegon bezela, ia gorririk” (Manzisidor Gure Patroi). Edo jaio barria dan Jesus umea dala-ta: “Oi, haurtxuon oin txikiok / hotzaren hotzak ain more! / Nola zauzkate horren gorririk, / izanikan Jainko lore?” (Nemesio Etxaniz Lur Berri). Edo: “Itsas-mendien ertza ubelik, gorririk” (Orixe Euskaldunak).
Kolore eremukoak hitzak dira argi eta ilun adjektiboak be. Argi adjektibotik argirik etorri da. Behinola Mikoleta eleizgizon bilbotarrak idatzi eban legetxe: “Zeuk edo daukaz[uz] begietan odeiak, zerren nik dakust argirik zerua” (Breve gram). Edo lapurteraz oraintsuago: “Itsuek ez dutela argirik gidatzen, huna hau itsu eta bizkitartean bertzen argitzale.” (J. Hiriart-Urruty).
Ilun adjektibotik erakarria da ilunik adberbioa. Halan darabil Eusebio Mª Azkue olerkari lekeitiarrak: “Andreak dabenian / mozkor-aldia, / laskiturik darabil / ule guztia; / gorputza astunik, / begia ilunik, / eta egon ezinda / sarri zutunik” (Parnaso).
Ez dot luzatuko puntu hau, ze -ik/-rik atzizki adberbiala beste adjektibo asko eta askogaz erabilten da ‘zelan, zein egoeratan’ adiera hori markatu gura dogunean. Bego horretan oraingoz. Berbagai izan dogun hitzera bihurturik, barriz gogoratuko dogu, Australian kainaberak berderik ebagi izan dituela.
Bada esakuntza bat, gogorazoten dauena “Urruneko senidea baino auzoa, edo auzo ona, hoba dala”
Esakuntza hau sarri esaten eban Kortezubin bizi zan gure osaba Bernardok. Behin holan batu neutsan: “Urruneko parientie baino auzoa hoba dala”. Eta beste behin: “Euzokoa, urruneko parientie baino hobie” (Kortezubi. Bernardo Arejita. 2008).
Beste bilduma batzuetan be sartaldeko bertsinoak antz-antzekoak dira. G. Garatek honelan dakar: “Urrineko senidea baino, auzo ona hobeto” (Atsot. 13133). Eta A. Zavalak: “Urruneko senidia baino, auzo ona hoba da.” (EEZZ 2875).
Gipuzkoa aldean baturiko batek, G. Garatek dakarrenez, hurrekotzat adiskidea aitatzen dau, auzoa barik. Baina urrunekoa, bietan, senidea edo parientea da. Halan dino: “Adiskidea, urrutiko senidea baino hurbillago.” (Atsot 170).
Azkuek arterago batu eban errefrau berau, bi edo hiru eratara gitxienez. Era honetara Derion (segurutik P. Zamarripak bialduta): “Senide urrinekoa baino auzo hurkoa hoba”. Bigarren era honetara be badakar: “Senide urrina baino auzo hurra hobe” (EY 2793). Seinalagarri da, bi-bietan urrinekoa eta urrina adjektibo kategoriaz agiri dirala senide izenaren atzean. Iparraldeko aldaera batek be sintaxi berbera jagoten dau, baina ahaide urrunekoa darabilela, eta ez senide: “Ahaide urrunekoa baino, auzo huna hobe.” (Atsot 246).
Oin-oinean auzoa eta senide edo ahaide diranak jarten dira aurrez aur, baina mezua bat eta bera da guztietan: hoba dala hurreko auzoagaz ondo konpondu eta hartuemon sendoa euki, urruneko odolekoaren esperantzan egon baino. Auzokoak edo lagun hurkoak behar orduan edo premina danean laguntza seguruagoa eskaini leikela, urrunetan bizi dan odolekoaren ikusian.
Iparraldeko errefrau batek kusia, lehengusua, darabil ahotan, urruneko senidearen ordezko gisa: “Auzoarekin hobe da untsa izaitea, ezen ez kusiarekin” (Atsot 1689).
Errefrauotan auzoa edo auzokoa kalifikatzeko era nagusiak honeek dira:
– Auzo ona: “Auzo hon dienak, begi (egin beza) lo hon” (Atsot 1677). “Aizo (auzo) hon dienak, goiz hon” (Atsot 1678). “Auzo ona, adiskide ona” (Atsot. 1679).
– Auzo hurra: “Auzo hurra hobe, pariente urrutikoa baino” (Atsot 1680). Bide batez esanda, hurra eta urrutikoa adjektibo modura finkaturik azaltzeak gaur egun mehatz entzuna eta erabilia dan sintaxia gorde izan dabela.
– Auzoagaz beti adiskide izan behar dala, eta ez atzez; behin eta barriro buruan josi gura jakun aholkua da. Eta aldi berean, urruneko senideagaz hasarre egoteak ez deutsala hainbeste ardura. Halan bada: “Auzoko bi lenbiziko itxikin biño, parientekin haserre hobe” (Atsot 1695).
Euriteak dirala-ta hedabideetan entzun dogun esaldia: “Metro kuadroko ehun litro bota DU”. Bota DU ala bota DITU?
Zenbatzaile numeralakaz aditza pluralez markatzen dogu gaurko euskaldunok. Eguraldiagazko esaldi horretan, metro kuadroko zenbat litro ur edo euri bota DITUAN esatea da ohikoena. Ura, berez ‘multzo’ edo ‘masa’ tipoko kontzeptua izan arren, gaurko kulturan unidade jakinakaz neurtzen dogu. Litroa da gaur egun neurri-unidade oinarrizkoena, behinola edari kontuan (ardaoa, esnea) kuartiloa edo azunbrea izan diran moduan. Litro unidadea zenbatu egiten dogu, eta halan goiko esaldi horretan, baieztatu danean ehun litro bota izan DITUala metro kuadroko.
Izan dira gramatikalari batzuk, zenbatzaile numeralakaz be aditza joko singularrean erabiltea hobetsi izan dabenak, baina ez tradizino idatziak, ez gaurko hiztunen erabilerak ez dau on egiten baieztapen hori.
Tradizino zahar eta klasikoan badira, halanda be, zahar giroko egiturak, eta berbaz be jagon ditugu batzuk, aditzagazko akordioa singularrez egiten daben zenbatzailedun egiturak.
Denpora eremuan jazoten dira horreetarikoak sarri. Halan, gazt. “Hace tantos años” esapidearen euskerazko ordezko formula batzuk. Formula izoztuak dira arkaismo horreen gordailuak. Bi aitatuko ditugu:
a) Orain/oin DALA bost urte | sei hilabete | hiru aste. Nekez onartuko dau hiztunak, ostera, pluralezko beste hau: Oin dirala bost urte (?). Batzuetan idatziz azaltzen dira: Direla urte batzuk, direla bost urte eta halakoak. Gramatikaz zuzenak izanagaitik, hiztunen usadioaz kanpo diranak.
b) Duela ehun urte. Ekialdeko eredua da duela aditzagazkoa. Hor ere hiztunek ez leukie onartuko: *Dituela ehun urte edota *Ehun urte dituela.
c) Idazle zahar eta klasikoetako eredu bi: “Zazpi egun da nabilela / lekuti despedidurik,” (Lazarraga). “Amabost egun da misino santu au asi genduala” (M. Zabala Irun). Zazpi egun eta hamabost egun sintagmen atzean maila semantikoan denpora-unidade bakarrak dagozala esan lei. Hori dateke aditza singularrez markatzearen arrazoia.
Klasiko modernoen artean, hara Domingo Agirreren esaldi hau: “Lantegi Jaubeak. —Dana dalakoa, goizago dabil. Oraindino lau egun ezta Sagastak agintea itxi dabelata…” (Kresala).
Zenbatzaile batzuk badira ‘multzo’ edo ‘askotasun’ adieraz darabilguzanak, eta horrelakoetan zenbat unidade diran kontzeptua galdu edo lausotu egiten da. ‘Asko diralakoa’, ‘askotza egiten dabelakoa’ nagusitzen da, bost, hamaika / hamaikatxo balio enfatikoaz darabilguzanean. Eta orduan aditz jokatuak singularrerako joerea hartzen dau. Adibide ereduzkoak izan leitekez, berbaz entzuten diran honeetarikoak: ‘Hamaika holako ikusi behar izan dogu bizimoduan!’ Edo: ‘Hamaikatxu burukomin emoten deusku umeonek!’ Edota: ‘Hari bost ardura deutso!’. ‘Niri bost ajola (zait)!’
Goiko esaldira bihurtuta, esan daiteke egitura biak dirala gramatikaz zuzenak, baina gaurko hiztunen sentiera eta sena aditza pluralez erabiltekoa dala. Hau da: ‘metro kuadroko ehun litro bota DITUala’ esatea, eta ez hainbeste ‘ehun litro bota DAUela’.
Bizkaia Irratian berton sortu dan zalantzea: Laga hondartzea ala Lagako hondartzea. Deustu Unibertsitatea ala Deustuko Unibertsitatea. Zein aukerari heldu? Marka bakoari ala -ko atzizkidunari?
Kasu bi horreetan, duda barik, -ko atzizkidun izenak hobetsiko gendukez, eta euskal hiztunek be holan jokatuko leukiela deritxat.
Laga, Ibarrangeluren auzotxoa da, baina hondartzea edo plaiea baino gehiago hartzen dauen auzoa. Hondartzea, plaiea, Lagan dago. Laga-KO hondartzea da, eta ez Antzora-KOA.
Deustuko Unibertsitatearen kasua, berebat. Deustuko auzoan, gaur auzo baina lehenago eleizatea edo errepublikea zan Deustuan datza unibertsitatea, Deustu-KO unibertsitatea deritxona. Apur bat urrunago, Sarrikon, bada unibertsitate-fakultade bat, Ekonomia Zientzien Fakultadea, eta haregaitik Sarriko-KO Fakultatea dala esango genduke.
Baina Ibarrangeluko lurretan dagozan hondartza bien izenetara etorrita, bateren izena be Laga dala, eta Arteagarantz dagoan hurrengoarena Laida dala esango genduke. Baina halanda be, hondartza-izenak Laga eta Laida izanda be, hau da, ‘Hondatza Laga da’ edo ‘Hondartza Laida da’ adierazo gura izanda be, -KO atzizkiaz lotzen ditugu izen biak: Lagako hondartza edo plaiea, eta Laidako hondartza edo plaiea.
‘Bilbo Uria dala’ adierazoteko be, Bilbo-KO Uria esaten dogu, Bilbo Uria baino gehiago.
Jo daigun Oiztik Arratzun zehar igaroten dan errekearen izena: ArratzuKO errekea deitu izan jako beti (beheko partean behintzat). Edo Urdaibai aldera Oka auzotik behera datorren errekeari, Okako errekea izan jako izena. Eta behin Gernikara ezkero, errekea errio (edo itsasadar) bihurtzen dan puntutik aurrera GernikaKO errioa esan izan deutsie hurrekoek; beste batzuk MundakaKO errioa.
Hori da joera nagusia: DA aditz lokarriaz loturiko izen-sintagmak izan arren, subjektoa eta predikatua izan arren alkartzen diran izenok, -KO leku-genitiboaz alkartzekoa. Beste aukerea be zilegi da gramatikaz, baina hiztunen legean nagusi -ko atzizkiduna da; funtsean, non dagoan adierazoteak pisu handiagoa daukalako segurutik, zein dan adierazoteak baino.
Beste izen segida batzuk -ko barik alkartzera egiten dogu ; alkarketa soila eregiten dogu. Bide horretan, gramatikaz zuzenak dira, eta erabiliagoak: Sollube mendia edo Gorbeia mendia, edo Kantauri itsasoa, edo Alboran golkoa. Era berean -ko barik lotzen ditugu orohar: Andra Mari eleizea, San Migel ermitea, Santiago katedrala eta halakoak. Baina -ko markarik ez ipinte horren atzean dagoan arrazoi semantikoa da, zein eleiza, zein ermita, zein katedral dan argiro adierazotea.
Mungialdean hondino be entzuten dan berbea: Urdille. Eta esakera bat: Urdille alterau
Libe Agirre kazetariak aurrera ekarri deuskun esapidea: Urdille alteretan dost. Esatea lez: ‘onetik atera, senetik urten eragin, artega ipini’.
Euskera jasoan urdaila danari, berba hau bizirik dagoan leku askotan urdille esaten jako. Halan entzuten da behintzat. Gitxi entzuten dan berbea edozelan be, herri berbetan.
Hiztegieta eta zientzia liburuetan urdaila ‘estomanguari’ esaten jako, zentzunik orokorrenean. Baina berba hau bizirik dagoan lekuetan, esangura murriztuagoa daukala dirudi.
Pertsonak dirala-ta, ‘estomangua’ baino gehiago ‘barruak, entrainak’ esateko, adiera orokorragoaz.
Baina abereen gorabeheran erabiliagoa da urdail/urdil berbea. Euskaltzaindiaren Atlasak, Legazpian, zertzelada hau batu eban: “Estomagoa personenari, urdaile abereenari” (EHHA legazpi 27340). Txarri-hilteetan be erabilten izan dan berbea. Odolosteak heste meheagaz eta buzkantzak heste lodiagaz egiten diran moduan, txarriaren urdillegaz be egiten da buzkantz lodi-lodi bat, ‘lopea, lopetoa, aiteternoa, mondegua’ eta beste era batzuetara deritxona.
Baina urdail berbatik izen eratorri edo alkartu batzuk be garatu izan dira, eta horreetan ‘estomangu’ adiera ingurukoak. Halan: Urdailekoa edo Urdailena, urdaileko eritasunari (dislepsia) jakon izena. Jataben batuta daukat, pertsona baten inguruan: “Urdailenagaz txarto parau zan.” (Maribi Egia). Eta Laukizko sasi- edo herri-mediku bati buruz esanak: “Urdailena eta gariak kuretan zituan kurandera harek”.
Urdaileri izena be badogu euskeraz , gazt. ‘gastritis’ danarentzat.
Hori guztioi, Libek aitatu deuskun esaldiaren harira: urdille be altereu egiten dost horrek.