Euskera Hobetzen: 'Lehenengo bider' edo 'lehenengo biderrez'? 

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: ‘Lehenengo bider’ edo ‘lehenengo biderrez’? 

Ume baten oinak / Bizkaia Irratia

Euskerahobezale batek bideratu deuskun zalantza-itauna: “Lehenengo biderrez ondo esanda dago?”. Zelan hobeto: Lehenengo bider ala lehenengo biderrez? 

Marisa Barrena irakasleak Durango aldetik zuzendu deuskun puntua; emoi luzekoa berez. Zeharka behin edo birritan aitatu dogu bider hitzaren erabilerea “Euskera Hobetzen” honetan (2017-12-14/4) (2019-10-10/3).
Hasteko argitu daigun bider dala hitzorren aldaera finkatua eta hobetsia, baina bai berbaz eta bardin tradizino idatzian bidar aldaera be zabal dabilela.
Lehenengo biderrEZ, -ez atzizki instrumental eta guzti, ea zuzena dan itaun egiteak, horrek berak salatzen dau zelanbait, itaun-egilearen berbetan badaezpadakoa dalako susmoa. Halan autortu deust harrezkero aurrez berberak: lehenengo bider dala ohikoa bere berbakeran, eta ez lehenengo biderrez.
Dana esateko, bai biderrez, bai biderretan, ezagunak eta gitxi-asko erabiliak dira leku eta hizkera batzuetan: biderrez gehitxoago, biderretan bakanago. Esan daiteke, zenbat aldiz, zenbat alditan tipoko egituren analogiaz garatuak dirala -(e)z, -(e)tan atzizkiok, edo izen kategoriako hitz ohikoen arauetara erakarri dituelako darabilezala hiztun batzuek.
Ezin da ukatu, dana dala, hiztun batzuentzat ezagunak eta erabiliak dirala zenbat biderrez, mila biderrez eta kideko ereduak, eta aspalditxotik gainera. Eta asko biderretan be agiri da inoiz gure idatzietan. Halan, Ordiziko hizkeran Otxoa Aringok (1713), esaldi berean era bitara darabil bider hitza, batean -tan inesibo mugagabeaz, bestean soilik: “Edo hoostu ote zeban beingoan kantidade guztia edo asko biderretan, eta zenbat bider” (Doctrina). Baina biderrez instrumentala, idatzizko tradizinoan urria da; noiz edo behingo kontua. Hara Domingo Agirreren esaldia: “Iru bidarrez galdetu zion Jesusek Pedrori” (Sermoiak).
Tradizino idatzian, eta berbaz be, bider soilik erabili izan da ia beti, eta era soil hori da nagusi, ia beti agiri dana, eta erabiltea gomendatzen doguna.
Zein dan arrazoia? Bider hitza ez izen, ez adjektibo kategoriakoa; zenbatekoz, kopuruaz zerikusia dauen berba ‘berezia’ da, zenbatzaile kategoriakoen hurragokoa. Esanguraz, gaztelaniazko “vez” edo euskerazko “aldia, aldiz, alditan” dalakoaren kidea da, baina gramatika bereziduna. Alemanez zweimal, fünf Mal darabile, euskeraz bi bider, bost bider dinogunarentzat; Mal (edo -mal) hori hitz aldakaitz modura, gramatika-marka barik, txertatzen jako zenbatzaileari, euskeraz bider egiten dan modu-moduan.
– Zenbatzaile zehaztuakaz batera, bi-tik gorako zenbakiekin darabilgu: bi bider, hogei bider, ehun bider, mila eta bostehun bider.
Seinalagarria da beronen ordenea: bi zenbatzaileagaz, etxe bi, lagun bi ordenea darabilen sartaldeko hiztunek be, bi zenbatzailea aurretik dala darabilela bider hitza: bi bider, eta ez *bider bi. Hara Mogelen ahapaldi bat: “Emoten deutsadanean / baten bakarrik artoa, / arrautza egunekoa / badau beti iminiten, / zer, baldin nik eroaten / badeutsat artoa bi bider?” (Alegiak).
XVI. mendeko errefrautegian dogu lekukotasun zaharrenetarikoa zenbatzaileaz: “Gaxtoto edo ondo jan, iru bider edan” (RS 342). Mikoleta bilbotarrak be mezu berau dakar: “Zerren esan daroe, jateko onari edo deungeari iru bider edango dala”. Oraintsuagoan: “Joaten direan bakotxean, ez bein ta birritan, ezbada zortzi edo amar bidar bere jazoten jakoez esan direan desonestidadeak” (Bartolome Olgeeta). Eta Mateo Zabalarenean: “Esamina konzienziakoa egitorduan egiz atera dozu kontu zortzi bider gorroto euki deutsazula lagunari, eta akusetan zara zazpi bider izan dala, etzara ondo konfesetan; eta bardin da badiñozu, bedaratzi bider” (Bermeo). Domingo Agirrerenean: “Hamarren bat bidar atara eban leihotik burua” (Kresala).
– Zenbatzaile zehaztubageakaz be asko erabilten da: zenbat bider, hainbat bider, hainbeste bider, asko bider, berein bider, zenbait bider eta halakoekin. Baina beste zenbatzaile batzukaz, nekez edo bapez: *gitxi bider, *nahiko bider.
Zenbat bider, itaun egitean sarri darabilgun egiturea da. Lehenago autorkuntzetan be sarri eleizgizon autorleak autortu pekatariari. Berbaz: “Zenbat bider joan ete gara Santakurtze egunez Bizkargira!”. Kardaberaz hernaniarraren hitzez: “Zenbat bider nere biotzeko bildur, arantza, abiso, libru ta predikadoreen deiakin otsegin didazun; ta ni orregatik zure faboreentzat beti gorra” (Egerc II). Mateo Zabalaren luman: “Zeinbat bider ikusi izango ete dozue au jazoten!” (Bermeo).
– Aniztasuna edo askotza aditzen emoteko be, honetariko formulak erabilten ditugu, zenbatzaile bati bider erantsita:
Asko bider. Gaur berbaz mehatz, baina lehenago sarri be sarri. Gipuzkerazko klasikoen artean agiri da gehien: “Asko bider esan zioen hau Faraoni, ta anbat bider ukatu zan eskatzen zitzaiona egitera” (Ubillos Dotrin.), “ta nai adina lurrekoak artuagatik, artuak baino artzeko geldituko diranak asko bider geiago dira” (Mendiburu Devoc.).
Berein bider, bizkai sartaldeko berbetan lehenago ohikoa zana, gaur egun aldendutzat jo ginei. Baina gure idazle klasikoen luma zorrotzei esker iraunarazo jako esapide honi. Añibarroren luman: “Berein bider esaeustan konfesoreak zer jazoko jatan; berein aldiz adierazo eustan neure konzienziak, zeren begira nengoan; sarritan ezagutu neban egi au; ta askotan barri txarrau erakutsi eustan Jangoikoaren ontasunak” (Esc.Lib.). Mateo Zabalaren luman: “Berein bider esetsi ta ekin eustan deika” (Esku.Liburua 1821). “Berbakaz bere pekatu egin lei seigarreneko agindu santuaren kontra, baita berein bider egin doa” (Irun), “Ezta egia, pekatu eginda gero berein bider zeuen barruan Jangoikoaren deia asmau izan dozuela?” (Jerusalen).
Bost bider, gaur egun Markinaldean hondino be bizirik dirauen egitura hanpatzailea, taiu zaharrekoa dogu. XVIII. mendean Xabier Mª Munibe idazle ilustratuak badarabil Azkoitiko Gabon Sarietan: “Bost bider ekustean, / lagunak utzirik, / ardiren bat diala / bide okerretik, / galdu dedin bildurrak, / ozta antxiturik, / biurtuko dezu atzera / lepoan arturik” (Gabon Sariak). Aniztasunaren adierazle dan esamoldea.
Zazpi bider egitura hanpatzailea be ondo lekukotua dogu, berbaz be erabilia izanaz ostean. Honako errefrauan, berbarako: “Zazpi bidar neurtu ta baten ebagi” (G.Garate Atsotitz 10162). Kirikiñoren esaldi honetan be bai: “Motrollo ezta haren bildur; belarrondoko bategaz bidalduteko behar dan baino zazpi bidar indar gehiago dauko” (Abarrak).
Hamaika(txo) bider, makina bat bider, kopuru hanpatuaren adierazle diran egiturak gaur be hur-hurreko jakuz hiztunoi. Idazle modernoetan be sarri agiri da: “Hamaikatxu bider damutu jakon eskopetarik ez ekartea! Upealako erbiak ez ebazan ba ondo-ondotxutik atara?” (F. Bilbao Ipuin barreka). Santi Onaindia idazle karmeldarrak, Amorotoko semeak idatzia da honakoa: “Makina bat bider ikusi izan dabe kaleetan barrena, apain-apain jantzita […]. Agertu gurea, antza danez” (Santa.Teresa). “Makina bat bidar ibili naz harrazkero Bidasoako herrietatik zehar, baina Elizondon behin be ez barriro” (N.Alzola Atalak).
Mila bider. Gaur be berbaz sarri darabilguna: “Gizajoari oraingo belarriak atara ezeze, bizkarreko hazurrak be apurtuko eutsazan mila bider [maixuak]” (F.Bilbao Ipuin-barreka).
Hainbat bider: Gaur be asko entzuna. “Andra Mari ta euskal fede kondairetaz / hainbat bider itaundu neutsan iluntzeetan” (Bit.Gandiaga Elorri).
Hainbeste bider: “Auxegaitik prediketan dabe ainbeste bider ordien kontra” (M.Zabala Bermeo).
Gitxiago entzun edo irakurten da, aditz jokatuari -n beste bider dautsala, konparazino modura. Halantxe darabil frai Bartolomek: “Parkatu deustazun beste bidar librau nozula edo atera nozula inpernuti” (Ikasik I).
– Zenbatgarren aldia dan adierazoteko be sarri darabilgu bider; hau da, ordinala, zein ordenatan egiten dan zeozer aditzen emoteko. Halan esaten da: Lehenengo bider: “Lehenengo bider da herri honetan nagoena”. Bigarren bider: “Bigarren bider dinotsut, berba hori barriro ez dodala entzun gura!”. Azkenengo bider: “Berarenetik urtenda ikusi neban azkeneko bider”. Zenbatgarren bider: “Zenbatgarren bider da Madrilen zagozana?”.
– Akatsik larriena, bider hitzagaz sarriro egin ohi dana, izen tratamentua emon eta -a mugatzailea ipintea da. Tamalez honeetarikoak sarri irakurri daroaguz: Lehenengo *biderra da hau jazoten dana. Bider ez da izen kategoriako hitza; ez jagoko izenen gramatikarik, alperrik gaztelaniaz “la vez que”, “esta vez” eta halakoak normalak izan. Erabiltea jagokuna da, bere soilean, hutsik: Lehenengo bider da (hau edo bestea jazoten dana).
– Bide batez, gogora daigun badirala beste baliabide batzuk be bider hitzaren baliokide diranak, hiztunok oparo darabilguzanak. Hara batzuk:
-tan inesibo mugagabea: birritan, hirutan, askotan, gitxitan, sarritan, batzuetan. “Agur Zuberoa” kanta ezagunean dogu: “Bostetan geroztik nigar egiten dut Xiberuagatik”. Bat zenbatzaileagaz bestetara: baten.
-z atzizki instrumentala be ezaguna dogu “bidertasun” adieran: lehenengoz, bigarrenez, bostgarrenez, hamargarrenez eta abar.
Behin adberbioak be onuratxoa dakar “bidertasun” gorabehran, bat, baten zenbatzailearen ordainetan, hatan be: Behin bazan sorgin bat… ipuin hasieran. Baina hainbat egituraren barruan be bardin. Halan: behin edo behin, noizik behin edo noizean behin, behin edo beste, beste behin, urtean behin – hilean behin – astean behin, aldian behin, behin edo beste, behin baino sarriago, behin betiko eta gehiago.

Esakuntza baten esana: “Txakurrak txakurkirik ez dau jaten”

Nork bere odolekoen, seniden edo hurreko dituanen aldera egiten dauela beti aditzen emotera datorren mezua.
Txakurraren eta txakurkiaren irudia ohiko bihurtu da, tradizinoan otso eta otsokiaren irudiagazkoa ezagunagoa izan dan arren. Otsoaren irudia urrunduta dago gaurko euskaldun gizartetik eta bizimodutik; txakurrarena ez, ostera.
Mendatan halantxe ikasi neutsan osabeari, orain dala hainbat urte: “Txakurrik txakurkirik ezteu jaten !» (Seberiano Arejita). Eta Arrazolan be bardin esaten dala, txakur-txakurkien irudiaz, baieztu deust Jesus Eguzkitzak.
Azkuek otsoaren eta otsokiaren irudipean batu eban errefrau berau: “Otsoak otsokirik eztau jaten”, eta beronen aldaera batzuk be jaso zituan Bizkai zabaleko esakuntza lez (EY 1935, 1942, 1945, 1947). Otsoki eta otsaki aldaerakaz, gaztelania itzulpentzat hau emonaz: “El lobo no come carne de lobo” (EY III 70). Urdaibai aldean hondino be ezaguna da otsoaren eta otsokiaren konparaketa bidezko errefrau hau.
Katuaren haragiari be katukia deritxo. Eta irudi hau be ezaguna dogu, Iparraldean berariaz. Halan dakar Fedearen propagazioneko urtekaria-k: “Ikhusi duk behinere gathurik gathuki jaten?” (1901, 185).
Belearen irudipean batu genduan errefrau berau antxina ez dala. “Beleak ez dau belakirik jaten”. Ziortza Egurenek Errigoitiko amumari entzuna (2016-XII).
Bestelako esangurakoa dogu azeriaren eta lukiaren, lukikumearen irudiaz joko egiten dauen beste hau: “Luki kume azeri. “El hijo del raposo, zorro” (RS 64). Kasta batekoak izan ohi dirala odol bereko diranak, aurretiko eta osteko.
Dakargun gogora, bide batez, -ki atzizkiak garatu dauen erabilera aberatsa, hain zuzen be haragi mota diferenteak zehazteko; animalia-haragia gehienetan, baina baita arrain-haragia be. J. A. Mogel idazleak beren-beregi lerrokatzen ditu haragi-mota diferenteak bere alegietariko bitan. Batean, txarriaren eta azeriaren alegian, hara zer dinoan azeri-haragia dala-ta txarriaren ahoz: “Ase oillakiz, bildoskiz ta eperkiz, ta beti aragi txarra egiten doala” (PAb). Bestean, azeriren eta otsoaren alegian, hasierea honelan emoten deutso: “Otsoak batu zituan aariki, ardiki, erbiki ta eperki asko bere lezara, berak gogoak emon aala egun askotan jateko” (Ipuinak).

Gero eta gitxiago entzuten dan berbea: Apatza. Zer izaten da apatza? [APATZA] [APITZA] [AFOA]
Libe Agirre irrati-kazetariak, aspaldion ia entzun be ez dala egiten eta, mahairatu deuskun berbea: apatza.
Aurreratu daigun, adjektibo honek sartaldeko berbetan beste aldaera ezagun bat be badauela: apitza, Arratia aldean behintzat entzuten dana.
Zeren gainean esan daroagu apatza dala edo apatz dagoala?
– Ohea, besaulkia, butaka edo sofa bat izan daiteke apatza edo gogorra. ‘Afoa, astina, harroa, arola’, sinonimoz adierazota. Labayru hiztegiak honako adibideak dakarz: “Apatz-apatza da nire ohea: Mi cama es muy mullida”. “Jesarleku apatza gurago izaten dau: Prefiere el asiento mullido”. “Bedarsiku ganean, apatz-apatz egin eban lo”.
– Jateko kontuan, ogia dala-ta be esan doa, edo apatz-apatz dagoala, edota gogorra dala. “Ogi egin harakoa apatz egoten da: El pan recién hecho suele estar esponjoso”.
– Pertsonen izate-modua dala-ta be erabilten da apatza, hizkera batzuetan behintzat, izakeraz gozoa, samurra, atsegina danagaitik. Felipe Arrese-Beitia otxandioarra dogu horreetariko bat. Olerkiz darabil: “Non ama samur eta apatza, bere aingeru / biak altzoan beso artean estutzeko?”. “Bigun, leial, sotil ta umil ta apatza”. “Dalako prestu, apatz, errukitsu dana” (Ama.Euskeria). Erabilera bikaina, E. Aierbek idatzitako hau be: “Gizon zutiya, tentea, ona badaiteke, bainan gizon ona ta apatza, birretan da ona” (EEs 1914, 67).
– Etxe, ostatu edo leku bat be izan daiteke apatza, “apala, xumea” adieraz. Labayru Hiztegian: “Ostatu apatz baten lo egin eben”.
– Lurra emoitsua eta ekarkorra danean be, apala dala esan jako. Azkuek Arratia eta Nerbioi aldean hatakotzat batu eban. Eta Lemoako seme zan J. B. Eguzkitza abade idazleak bere saio-lan ezagunean hau idatzi eban: “Zoriontsuago izan dan beste batek, askozaz be lan gitxiagogaz, lur mami, apatz eta gantzatsuan leenengo arek lango biko gari-arloa.” (Gizarte.Auzia).

Hizkari bati entzuna: “Gaur da eguna, horren gainean ezer ez dakigula”. Ez dakigula ala ez dakiguna?

Ingurune diferenteetan erabilten ditugu bata eta bestea, dakiguLA eta dakiguNA.
Goiko horretan -na atzizkia erabiliko genduke duda barik: Gaur da eguna, horren gainean ezer ez dakiguNA. Aposizio funtzioan dagoan erlatiboko mende-perpausa dogu horrakoa.
Aurreko esaldia, edo esaldi-atala, beste era honetara fomulatu bagendu: Hainbat denpora da / Urte asko da / Hileak dira…, horren osagarri dan atzeko partea, mende-perpausaz eregia, -la atzizkiaz markatu geinkean. Esaterako: Hainbat denpora da, horrezaz ezer ez dakiguLA. Edo: Urte asko da, alkar ikusi ez doguLA.
Esaldiotan atzizki biak dira zuzenak. Baina bigarren hau ez da erlatibo-perpaus bat, adberbio funtzinoko mende-perpausa baino, denpora baliokoa. Antzekoak izan leitekez: Urteak dira, alkar ikusi ez dogula. Hileak dira, semearen barri ezer ez dakidala. Atzeko mende-perpaus hau ez da erlatibo tipokoa, funtzinoz adberbiala baino, eta esanguraz denpora eremukoa, gazt. “desde que” preposizinoaz joten ditugun horreetarikoa.
Baina aldi berean gogoratu beharrekoa da, mende-perpaus adberbialok eurok be, -la atzizkiaz ez eze, -na atzizkiaz be markatzen dirala hainbat hizkeratan: Urte asko da, honantz agertu ez dana. Asteak dira telefonoz deitzen ez dauena.
Baina orokorrean, goiko esaldira bihurtuta, -na markadun aditzak erlatibo erakoak izaten dira. Etorriko da eguna, alkar maite izango doguna.

Euskerahobezale batek bialdu deuskun zalantza-itauna: “Bizkaieraz, Eusko Jaurlaritza edo Eusko JaurlaritzEA esan behar da?”

Labayru Fundazioko Euskera Erabileraren Normalizazio Arloaren buru dan Biosne Zarandona andreak bideratu deusku zalantza-puntu hau. Eskerrak berari.
Hara zer dinoan berbaz berba: “Bizkaieraz, Eusko JaurlaritzA edo Eusko JaurlaritzEA esan behar da? Bizkaie-n JaurlaritzEA erabili dabe, baina niri izen propio lez, “Jaurlaritzak” emoten deust hobeto.”.
Bizkaierearen gramatikea zorrotz aplikatu ezkero, JaurlariTZEA jagoko hor. Baina arrazoi dau Biosnek bere argumentazinoan: izen propioaren, bereziaren antza hartu deutso Eusko Jaurlaritza izen horri, arruntarena barik, eta egiari zor jako, hatakotzat daukiela euskal hiztunek. Mailegua erabilita: “Zer erabagi dau Gobierno VascoK” errazago esaten dabe hiztunek, “Gobierno VascoAK” baino.
Baina jakintza eta kultura-hitzetan -A amaierako hitzak sistematikoki -EA erara ebatea mugatzailea hartzen dabenean, gogortxo egiten da gaur egun. Gudu aurrean bai erabilten ziran IrakastolEA erako hitz mugatuak, baina gaur egun ez gagoz horretara ohituta, eta kultura eta zientzia hitzetan sistematikoki -a + -a > -ea bihurtzea zorrotzegi begitantzen jat, sartaldeko euskeran izanda be. Berba baten, ez da errentagarri, ez onuragarri.
Errazago ikusten dot, ikastolea (edo ikastolia) ahoskatzen dogun izen hori, errotulu baten, ikastola idaztea, bardin da Lauro, Larramendi edo Lauaxeta ikastola izan. Eta haril horri tira eginez, hitz eratorri modernoetan, -tza, -kuntza, -kidetza, -gintza, -giletza erako eratorrietan ez neuke ezetara be joko, idatzizkoan, -tzea, -kuntzea, -gintzea, -giletzea erara ebatera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular