Euskera Hobetzen: "Minsor. Minsorro. Minsorra. Minsortu." Zer esan gura dau?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: “Minsor. Minsorro. Minsorra. Minsortu.” Zer esan gura dau?

Idazle baten lanaren balioa goratzeko norbaitek idatzia: “Ezinago egokia eta ederra”. Zer deritxazu ezinago egokia egitura honi?

Facebooken irakurria dot oraintsu.
Adjektibo baten kualidadea era konparatuz egiteko baliabide ezaguna eta zabala da -ago atzizkiaz baliatzea. Ezin eta -ago markak adjektibo berari egozten badeutsaguz, berezean jalgiten jakun egiturea, ostera, beste hau dogu: ezin ederragoa, ezin hobea, ezin ugariagoa. Eta adberbio baten konparagarrirako erabili gura izan ezkero: ezin hobeto, ezin arinago, ezin astiroago. Edo zenbatzaile bat konparatu nahi izan ezkero: ezin gehiago, ezin gitxiago. Egitura eredu hori da oinarrizkoa, neutro eta zabalena: ezin ezkerrean, huts-hutsik, adjektibo / adberbio / zenbatzailea erdian, kategoria honi atxikita -ago konparatze-atzizkia dautsala.
Gehienetan, ezin markak graduatzen dituen hitzak ohiko eta ezagun gitxi batzuk dira. Adjektiboetan: hobea. Adberbioetakin: hobeto, hobeki. Zenbatzaileetan gehiago eta gitxiago.
Idazleetatik hautu ditugun adibide batzuk:
– Adjektiboakaz:
“Ezin ederragoa zen”. “Soberano […] ezin ederragoa, ezin obeagoa” (Ubillos 126). “Erakeria ta arrotasun ezin andiagoa da” (Mogel CC). “Ipuin ezin obea” (Bizenta Mogel IO). “Gure ongille ezin andiagoa” (Agirre Asteasu Eracus III). “Ezin andijagua da daukeen premiñia” (J. J. Mogel Bas.Escolia). “Beren ezin andiagoa zan pobretasunaz baliaturik” (Arana San Ign). “Jaurtiten jakon orioa ezin merkeagoa izaten zan” (Etxaburu Kontu). “Ezin egokiagoa” (MIH 234). “Ezin desberdinago diren hizkuntzetan” (MEIG VIII). ”
– Adberbioakaz:
“Ezin hobeto bizi ginen”.“Beren zaldiei esproiñak sartu ta bazijoazen alde batekoak besteetara ezin biziroago” (S. Mendiburu IArg I). “Ezin obeto gauzia erakusten” (frai.Bartolome Ikasik II). “Ezin obeto adi erazo leiteke” (Pedro.Astarloa UD II). “Ezin okerrago kondenadu eben” (Añibarro EL.1821). “An etsaiari ezin obeto jakon autortu” (Arrese-BEITIA Ama.Euskeria). Baita adberbio bereziagoakaz be: “Beren zaldiei esproinak sartu ta bazijoazen alde batekoak besteetara ezin biziroago” (S. Mendiburu IArg I).
– Zenbatzaileakaz:
“ezin gitxiago egin zendukean”. “ezin gitxiago esan neukean” (Egia.Kanta 89).
Ezinago ederra edo ezinago egokia gramatikaz zuzenak dira, baina era askoz mugatuagoan erabiliak, bai lurraldez, bai maiztasunez. Iparraldearen barrualdekoak dira berez (Zuberoa eta Nafarroa Beherea), baina hango lurraldeetan be erabilera guztiz mugatua ezagutu dabenak. Estilo bariedade bila joan diran idazleek hauspoa emon deutsie, eta egitura bitxi gisa hedatu dira idazkera landuan eremu zabalagoetara.
Autore zuberotarrek erabili izan dabe berariaz ezinago egitura hau. Pierre Narbaitzek: “Lorietan ziren bi gizonak, biak ezinago ados aments berean. “On ne peut plus unis dans le même rêve”. Maisterrek: “Hurak untsa eta ezinago untsa kontent dira, gizonek balekie kontent izaten, eta bere elhe aurherren apaisatzen” (Imitazionia III). “Bena jaun-andere hoiek / ezinago eder dira, / uste beitie arauz / printze zunbait direla” (Asto.Lasterrak 28).
Zein bideri hobespena autortu? [Ezin + Adj/Adb/Zenb + ago] egitureari eutsi deiogun halan darabilgunok, biderik natural, berezko eta zaharrena berau dogulako.

Esakuntza baten esana: “Beira teilatua badezu, auzoari harrika eztegiozu.”

Larramendik DT obran dakarren errefraua, beste bilduma gehiagotan be jaso izan dana (EEZZ 518). Errefrau zaharra dogu euskeraz be, erdal hizkuntzetan ez eze. Izan be, daroan mezua unibertsala, edonongoa eta edonorakoa da eta.
Norbere ahuleziak zeintzuk diran ohartu barik, edo ez-ikusi edo entzungor eginda, norbere makaluneei ohartu barik, beste bati edo batzuei akats bera egoztea edo aurpegiratzea. Horrexen abisua emotera dator errefraua.
Irudi eta egitura diferenteen azpian azaleratzen jaku errefrautegian. Hara batzuk:
– Harrika ez egiteko agindua adierazotera datoz batzuk. Zaharrenetarikoa Oihenartek bere bilduman dakarrena: “Ber’etxea beirez dadukanak estalirik, ezpeza aurtik bertzerenera harririk” (Oihenart Prov 92). Oraintsuagokoa, mezu berberagaz: “Beirazko teilatua duenak, auzoari harrika ez egin” (Garate Atsot 2271).
– Zorakeriatzat epaitzen dabe errefrau batzuek inoren teilatura harrika ibiltea: “Erokeria, nork bere teilatuari harrika egitea” (Garate Atsot 4156).
– Ardoaren kolorea beirazko ontzian zein dan iruditzat darabil beste honek: “Ardoari ez begiratu gorriya dirudinean, bere kolorea beirazko <beraizko> edontziyan distiatzen dagoanean. “Cum splenduerit in vitro color eius”. (Prov 23, 31) (BPrad EEs 1915, 146).
– Beira edo kristalaren irudia zein beste baliotarako erabili izan da?
Jesus umea birjina zan andreagatik jaioa dala aditzen emoteko: “Bidrieratik iragoten dana legez eguzkia ausi bagarik bidrioa” (Nikolas Zubia 150). “Bidrioa autsi bage, iguzkia sarzen eta atratzen da aposentuan: alaxe, Ama Birjina bidrio kristalino eta Kristo iguzki berdaderoa: orra nola konzebitu eta jaio zen” (El 37). “Etxola onetan jaio zan Jesus Ama birjinagandik, argia bidriotik irteten dan eran” (Ubillos 62).
– Hauskortasunaren irudia. “Ara ze argal mea dan biderioa, bada alanbere iraute andikoa da, austeko pelligruetatik ondo gordetan bada” (Añibarro Lora.Sorta).

Gitxi entzuna dan berba at: “Minsor. Minsorro. Minsorra. Minsortu”. Zer esan gura dau eta non esaten da?

Erletxetako alaba dan Rosa Basterretxeak berbokaz azaldu deust: “Minsorro, minsorro dekot garrien. Aieneka egoteko moduen ez nau, ez nau. Harrikada bat emotea lez. Minsorro dekot garrien”. Andra honek minsorro euki esapidea darabil, era landuan minsor euki ipiniko gendukenerako. Edozelan be S idatzita eta ez Z. Sor hitz horrek, S-dunak, ez dauka zor Z-dun hitzagaz, ‘deuda’ adierakoagaz, bape zerikusirik.
Minsorro euki Erletxetan, eta min sorroa euki Orozkon (Itxi Rotaetxe): “Gure amamak be esaten eban lepoko minagaz egoten zanean luzaroan: Hau da min sorroa!”
Minsor hitza min sorra izen-adjektiboen bakuntzatik eregia da: min izena eta sor adjektiboa.
Minsor euki eta minsorro euki biak dira aditz lokuzinoak, min euki dan legetxe.
Idatziz gitxi agiri dan berbea dogu edozelan be minsor (euki, izan), baina hondino be polito berbara ekarten da edadeko jentearen artean. Ez behar dan beste, tamalez. Eta, mehatz erabilia izanagaitik, euskerearen eremu zabalean hedaturik dago min sorra, aldaera batagaz edo besteagaz. Mintxorria deritxo Aian, mintxorria euki (Nagore Etxebarria), ‘min zorria’ etorkiz.
Minsor euki, ‘min euki’ esatea lez aditz lokuzino modura erabilia da, baina min soilaz barik, minsor alkartuaz. Esangurea, gazt. ‘dolor sordo’.
Gure idazle batzuk be bizibarritu gura izan daben hitza. Idazle banakak, halanda be. Orixek idatzia da: “Zurbildu zaio galdorra, / ubeldu gero, azkenik belztu, / geldi dalarik min-sorra”. “Insensible al dolor.” (Euskaldunak). Min sogor be badarabil beronek, sorgor oinarrian: “Min sogor batek harturik gauzkanean” (Quiton arrebarekin).
E. Erkiaga lekeitiarra dogu beste idazle fin zolietarikoa brba honegazko: “Mutilak, bere haragia minsor minsor eukan-ta, arpegi larriaz egoan” (Batetik.Bestera). “Zauriaren alea minsor ebalarik, haginak estututen zituan, nekeari eutsi nahirik” (Batetik.Bestera).
Herri-berbetan ugariagoak dira lekukotasunak. Toribio Etxebarriak hagineko minaren kontura: “Minsor darabilt aspaldi hagin sustrai bat” (Eibar).
Neuri subertau jatan aspaldi, Galdakaoko ospitalean, hurreko bat han geunkala bisitea egitea, eta alboko ohean Abadiñoko gizon zahar bat subertau. Alabea bera jagoten. Eta alkarri honeexek berbok: ‑Min dekozu, aitte?”, alabeak, eta: ‑Minsor!, oheturik egoan aita zaharraren erantzuna.
– Sor dagoala, pertsonakaitik esaten da, berariaz edadekoa dan bat, mogidu ezinik edo bizkortasun barik dagoanean. Mahaitik jagitea astun egiten jakon bati oraintsu entzuna: “Sor gaiagozak!” (Arantzazu). Ajangizko Kanpantxun entzundakoak edadeko pertsona baten kontura: “Lehen aldi baten egon zan sorrago; oin bizkorrago.” (Segundo.Oar-arteta). “Edadea be badauka eta, ibilten sor dago” (Ajuria. Segundo.Oar-arteta). Eta Barrutian: Mukurra baino sorrago dago agure hori. ‘Torpe, astun, baldar’ adiereaz erabilia da sor adjektiboa. Jataben Maribi Egiak holan dino: “Sor bere esaten dogu, baina nonor ‘torpe’ dagoala edo mobimientu txarra daukala esateko. Adb. Sor ikusi dot, mobiminttu txarren.”.
Lokuzino modura sor eta gor be hainbat erabili izan da. Halan erabilen Larramendi ospetsuak Gandara gernikarrari idatzi eutsan gutunean: “Lo daude erne bear duten guziak, sorrak eta gorrak, otzak eta motzak, motelak eta gatzik bageak dirade”.
Bada esapide bat, herri-berbetan guztiz ezaguna, alperrakaitik sarri esan ohi dana: “Golpe sorrik ez dau joten!”. Golpe sorra, golpe lehorra, sikua da.
Sor adjektibotik garatua da sortu aditza, eta sortuta egon aditz multzoa. Sartalde euskeran ‘torpetu, astundu’ adieran sarri ezpaneratzen dan berbea. Halan esaten da: Edadeagaz sortu egiten da personea. Ibilten sortuta dago. (Ajuria. Seg.Oar-arteta).

Bilera baterako egindako deian irakurritako adierazpena: “Ordua: 9.30. Ordubete eta erdi inguru”. Ordubete eta erdi, batzarraren iraupena iragarteko, zuzen esanda dago?

Batzar baten iraupena 90 minutukoa izango dala aditzen emoteko, ez dot uste hiztunok ordu bete eta erdi esaten dogunik. Esatekotan be, ordu eta erdi (ordu t’erdi). Zuzen legoke, batzarrak ordu bete iraungo dauela esatea. Zuzen legoke, batzarrak ordu erdi iraungo dauela esatea. Baina biak batera ekarri nahi baditugu, 60 minutuak eta 30 minutuak, formula zuzentzat ordu eta erdi dala hartuko dogu, eta badaezpadakotzat *ordubete eta erdi.
Ordu bete ez da berba bakarreko adierazpena, berba biko sintagma bat baino: ordu bete esatetik ordu bat esatera dagoan aldea, lehenengo horrek ordu bakarra baina ordu osoa adierazoten dauela zehaztasun gehiagoz. Ordu izenari atzean bete gehitzea zenbatzaile bat gehitzea lez da: ordu bete, ordu bi, hiru ordu… Eta era berean ordu erdi.
Zenbat iraungo dauen batzarrak? Ordu bete, 60 minutu; ordu erdi, 30 minutu, ordu eta erdi, 90 minutu, eta halan.
Baina gaztelaniaz ‘hora y media’ dinogunerako *ordubete eta erdi esatea edo idaztea hiztunon erabileraz ate dagoan egiturea da. Inon esaten ete da? Jakin gura neuke.
Gramatikaz zuzena dala bai esan daiteke, baina esango bagendu lez: ordu bat eta erdi, hiztunon usuan dagoan ordu eta erdi esan ordez. Esan ete geinke: aste bete eta erdi? Esaten ete da aste bat eta erdi? Hiztunon usuan: aste eta erdi dagoala esango neuke. Eta urtea mintzagai hartuta, bardin. Esaten ete da urte bete eta erdi? Esan ete daiteke: urte bat eta erdi? Berez zuzenak arren gramatika-legez, hiztunon usua laburrera jotea da: Urte eta erdi.
Halanda ze, atzera lehengora bihurtuta, batzarraren iraupena ordu eta erdikoa edo ordu eta erdi ingurukoa izango dala esango genduke, eta ez genduke gomendatuko ordu bete eta erdi erabiltea, zuzentasuna gorabehera. Hiztunon joera eta usua hori ez dalako; bide labur eta soila baino: ordu eta erdi.

Hedabideetan entzunikoa: “Atzoko bero itzel hori ez dogu gaur eukiko”. Zuzentzat jo al geinke esatea: bero itzela ez dogula eukiko?

Beroa dala-ta, baiezka bai esango genduke: Bero itzela dago gaur. Edo: Bero itzela egin dau eguerdian. Itzela, adjektibo moduan, ‘handi’ adjektiboari indar handiagoa, adierazkortasun biziagoa eransteko ohi darabilgu. Sinonimo lez aitatu leiz: negargarrizkoa sekulakoa, egundokoa, inoizkorik gehien, upealakoa, ohidalangoa, adnominal lez erabiliagoak adjektibo posizinoan baino.
Itzel berbea, adjektibo modura darabilgu sarri, izenaren ezkerrean. Halan: Haize itzela dago. Bildur itzela dauka. Hutsune itzela sentidu eban alargun geratu zanean. Jabetza itzelak ei daukaz basoetan. Luis Baraiazarraren esaldi bat: “Erreka ertzean sastraka artean sugetzar bi ikusi genduzan alkarren artean gurutzaturik edo kiribildurik. Antoju itzela emon eustien…” (Meñaka).
Baina adnominal modura be asko darabilgu indarra emoteko: itzelezko. Halan: Itzelezko zauria egin deutso buruan harrikada bategaz. Inozente egunean itzelezko guzurra sartu eutsien.
Zein da goiko esaldiari topau deutsagun akatsa? Ezezkako esaldietan nekez erabilten dirala horretariko adjektibo enfatikoak. Goiko esaldi hori honetara berridatzi geinke: Atzoko berorik ez dau gaur egingo. Edo: Atzoko beroa… edo: bero larria / handia… ez dogula gaur eukiko.
Eta beste hainbeste jazoten da: egundokoa, sekulakoa eta intentsidade berezia daben beste adnominal batzukaz be.
Itzel berbearen inguruan soka luzetxoagoa be badogu, adiera berorretan:
– Adberbio modura. Zelan bizi? Itzel!, ‘ondo baino hobeto, ederto’.
– Graduatzaile lez: Itzel polita! Esatea lez: ‘oso, txito, guztiz’ (ondo) / (polita).
– Lokuzino batzuk be jakingarri eta ikasgarriak dira. Bat: Itzelak esan: sekulakoak esan, egundokoak esan: “Itzelak esan ditu” (E.Erkiaga Anaitasuna 1958). “Bere amari itzelak esan eutsozan” (Egutegi.Arantazu 1060-03-27).
– Adberbio edo adizlagun funtzinoan darabilgu itzelean be: ‘ikaragarriro, izugarriro’, gazt. ‘enormemente’. Harek gizonaren faltea itzelean igarten dau. (Morga). “Saltzen dihardu tratulari hasibarriak, eta dirua itzelean sakeleratuten” (E. Erkiaga).

ZIDURRI berbea erabili genduan oraintsu. Zertzelada barriak bialdu deuskuez zidurriak dirala eta, ezta?

Maribi Egia euskerahobezaleak bialdu deuskuz Jatabetik hainbat argibide, zidurri berbearen inguruan.
Halan dino mezuak: “Guk sarri-sarri erabilten dogu zidurri berbea: Zidurriik berez (zidurririk bere ez); zidurri-batzen; zidurri bille eta antzekoak, ‘informazino’ zentzunagaz. Era askotara eta kontestu desbardinetan. Urliak (Nagorek) esan dauen usiñik bere ez, errasturik bere ez bere erabilten doguz.
Horren ganera, ‘ganorea’ edo ‘zuhurra’ izateagaz bere lotzen dogu (zidurri berbea). Horrek umek badeko zidurri. Adittu’izu horren zidurri deklon edaden!
Beste alde batetik, berbeta kolokialean, Zidurrik batu (zidurriak), Zidurrin (zidurrien) bille ibili / etorri / joan eta zentzu horretakoen parean barruti erabilten dogu zidurri berbearen leku berean. Izan bere, barruti guretzat ganaduak soloan jateko daukan bedarra (barrutin daoz, badeke barruti…) izaten da, eta hori nontzebarri lotzen dogu: zidurri bille.”
Horraino Maribi Egiaren lehenengo mezua. Baina bigarren bat be bialdu deust esaldi-kontestu gehiego darakuskuzala. Dino: “Niri berba horregaz (zidurri berbeagaz) asko gustaten jat. “Zoz oin horren sidurrin atzetik”. Ya informazino edo zehaztasun gehiago lortzea gatxa dala esateko.
Eta guk, ‘sustentzi’ esaten dogun horretarako bardin: “Ai, horren sidurri!”. “Ikust’ozu horren umen sidurri, dekon edaden?”, edo “Ume da baia, eztako sidurririk falta!”.
Eskerrik mila, Maribi Egia euskerahobezale finari. Irakasle eta itzultzailea be izanik, bere Jatabeko herriko berbetatik zenbat kontestu eta zehaztasun batu dituan minutu gitxian. Etxeko berbetea sakon sustraituta daukan seinale. Ejenplugarri bikaina gu lango beste euskalzale askorentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude