Esaldi baten hitzak: “Iheslaria nonbaitetik egotzia izan den pertsona bat da, baina inora ez doana, ez duelako nora joanik.” Gure zalantzea: ez duelako nora joanik ala ez duelako nora joan?
Sareetan irakurri dogun baieztapen bat da (2023-06-28), eta gogoratu nahi neuke orain dala sei bat urte (2017-05-18/2) jo genduala nora joanik ez egitura honetara, korapilo berau askatu gurean. Zein ete egoan hobeto esanda: “Ez daukagu nora JOAN” soila ala “Ez daukagu nora joanik” -ik partitiboduna egoanentz hobeto.
Menpeko esaldi osagarri bat itaun-hitz bategaz eta aditz partizipio jokatubakoaz eregia danean, zilegi ete da, ezezkako egituran, -ik partitiboa txertatzea aditz partizipio horri? Hori genduan, eta horixe bera dogu orain be, auzia.
Adibide soilago batez abiatuko gara oraingoan: zer esan. Bietara entzungo dogu. Batetik: Ez dakit ZER ESAN be. Bestetik: Ez dago ZER-ESANIK. Eta abiatzen bagina zer egin egituratik, berebat. Batetik: Ez dakigu ZER EGIN ikasi gura ezik dagoan gure seme burugogor honegaz. Eta bestetik: Ez dago ZER-EGINIK.
Zein da giltza, batean zer esan eta bestean zer esanik erabili ahal izateko? Edo batean zer egin eta bestean zer eginik? Oin-oinean egitura bikotx hori lexikalizatze edo izen-finkatze prozesuan sartu dan ala ez. Lehenengoan, aditz partizipioak arteztutako mende perpaus bat daukagu, zehar itaun menderakuntzakoa; bigarrenean izen-lexikalizatzea dogu, eta halan dan neurrian, ezezkako perpausan -ik partitibo-marka beregain hartzea zilegi da.
Ez dakit zer egin dinodanean, zer egingo dodan mende egitura osoa era laburrean esaten nago. Baina zer-eginik dinodanean, izen bakar bihurturik dogu zer egin egitura bikotxa: zer egin > zeregin finkaturik. Edota zer esan > zeresan tinkoturik. Egitura bikotx hori, itaun-hitzaz eta aditz partizipioaz osatua, alkartze bidean sartzen danean, izen kategoriako bihurtzen da, eta orduan, beste edozein izenek lez, -ik partitiboa lako funtzino-markak hartzea berezkoa dau.
Beste izen-lexikalizatze gehiago be guztiz ezagunak dira. Bat, zer ikusi > zerikusi. Batetik daukagu: “Zer ikusi, ha ikasi” esakunea. Eta bestetik: Ez daukie batak besteagaz zerikusirik.
Goiko esaldi horretan, ez du nora joanik edo ez dauka nora joanik dalako horretan, berez ez da derriorra -ik partitiboa; berez ez dogu hor ezetariko markarik zer ipini. Aditz partizipioa soil-soilik ixtea da oinarrizko legea: ez dauka nora joan.
Zergaitik idatzi da: Ez du nora joanIK? Analogia aplikatu dauelako idazle edo esatariak, izen kategoriaren legea ezarrita. Zuzentzat jo daikegunentz? Baietz esango neuke, baina ez genduke goren eredutzat epaituko, edo egitura nagusitzat onartuko, ezta bultzatuko. Ahal dala, oinarrizko legeari eutsi hobe dogu: Ez dauka nora joan, eta ez nora joanik.
Beste eredu gehiago eskeini geinkez itaun-hitzaz eta partizipioaz eregitakoak, ezezkako egituran. Hara batzuk:
– Leku-adberbioaz, non, nondik, nora…: Zertara ezean gagoz: ez dakigu ‘nora jo’ (be). Ez dakigu ‘nondik hasi’ (be). Gixajo horrek ez dauka ‘non jausi’ be; etxerik be barik dago.
Non da adberbioetan ugariena. ‘Non erosi’ badago, baina ‘non saldu’ ez, ostera. Analogiaz marka eta guzti be bai: ‘Non erosiA’ badago, baina ‘non salduRIK’ ez. Bigarren mailako erabilerak, gure eretxian, determinatzaile-markadun horreek.
– Modu-adberbioaz, zelan, zelango itaun-hitzak erabilita: Ez dau ikasi ‘zelan egin’. Ez dakit berbetan ‘zelan hasi’ be; hain da gai labana…
– Denpora-adberbioaz, noiz itaun-hitzaz: Ez deuskue ziurtau, ekitaldia ‘noiz hasi’.
– Zenbatzaileaz, zenbat itaun-hitzaz: Salgai daukagu, baina ez dakigu ‘zenbat eskatu’. Ez deuskue garbi esan, ‘zenbatean saldu’.
– Zein itaun izenordainaz: Ez dakit ‘zeini txandea emon’, eskumakoari ala ezkerrekoari.
– Nor izenordaina hainbat ugariagoa da erabileraz. Ez dauka ‘nork esku bat bota’, edo ‘nork lagundu’. Jeneroa franku eta ‘nori saldu’ ez.
– Zer izenordaina dogu itaun-hitzetan ugariena, beste guztien aldean. Ez dakigu ‘zeri lehentasuna emon’. ‘Zer jan’ ez da falta. Edo baiezka: Badago ‘zer jan’.
Analogiaz, halanda be, zer izenordainaz, partizipioa gramatika-marka eta guzti azaltzen da batzuetan. Baiezka: ‘Zer jana’ eta ‘zer edana’ franku dago. Edo: ‘Zer janik’ ez dagoanean, jentea estu eta larri.
Maiztasun handikoak dira aditz jokatu bako mende-egiturok. Aditz nagusiaren egituran, aditz nagusi buru lez, aditz jakinak erabili ohi da maizenik: Badago / ez dago. Badaukagu / ez daukagu. Badaki / ez daki.
Aditz egitura nagusia baiezka, ezezka zein galdezka dagoala jazo daiteke.
Hara gure idazle klasiko on baten (Mateo Zabalaren) esaldi-eredu bikain batzuk. Zer itaun-hitzaz eregiak: “Etzeunkan beste jaztekorik zer aldatu, aste barruan ori ez egiteko?” (Irun), “Jangoikoak atera gura izan bagenduz pekatutik bere berbeagaz bakarrik, ez eban zer igarorik pasiño ain gogorra, ez eriotza ain bildurgarria” (Bermeo). Bigarren esaldi honetan idazleak eredu biak hautazkotzat eta erabilgarritzat joten ditu: zer igaro eta zer igarorik.
Beste galdetzaileren batez horniduak dira (non, nok, zelan…) hurrengook: “Ezpalego non entzun, ez legoke nok esan. Iñok eztaroa saldutera [salduten] bere zaldia edo beia, nok erosi eztagoan lekura” (Irun). “Matsak batzen dabileneti ikasi zinaike zelan egin” (Irun).
Errefrau baten esana: “Sabelak, urak eta suak emoten jaken guztia eroaten dabe”
Naturaren osagai irudiz beteriko atsotitza, ura eta sua konparagarri dirala, gizakion bizibidean behin-behineko dogun janariaz, edo sabela beterik edo aserik eukitea gaitzat darabilena. Horreetariko konparagarriak ugariak dira hiztunon artean, eta endemas errefrauen sorkuntzan. Zaharra dirudi edozelan be errefrau-irudi honek.
Azkue bera dogu honetariko errefrau-moduen biltzaile oparoenetarikoa. Sabelaz mintzo diranen artean, goiburuko hori dogu ezagunenetarikoa: “Sabelak, urak eta suak emoten jaken guztia eroaten dabe.” (EY 2781). Indar handiko eragingarriak ohi dirala, bata giza biologiari eta besteak natura-fenomenoei jagokena. Aldaera gehiago be baditu. Baten hitzak: “Sabelak eta suak, zenbat eman, hainbeste eraman.” (Mokoroa OE 91921).
Sabela bete eukitea edo sabela bete beharra iragarten dabenak mordoa dira. Batek, dirua eta sabel asea kidetzen ditu: “Sakela ta sabela bete.” (EY 2783). Sabela zerez bete darabil hurrengo honek, Mikolas giza-izena eta okelaz puntuan darabilela: “Mikolas, bete sabela okelaz.” (EY 225). Alperraren irudiaz kidetzen da batzuetan sabela betetzeko lehia: “Alferraren gogoetak eta solhasak jan-edanaz eta sabelaz dira.” (Atsot 602). Sabela hitz gozoz edo sasiarrazoiakaz ez dala engainatzen gogoratzen deuskue besteok: “Esperantzak ez du sabela betetzen.” (Atsot 7534). “Ahoa bero eta sabela huts.” (EEZZ 157). Eta mezua are gordinago dinoan Iparraldeko hau: “Sabela ez da elez asetzen.” (EEZZ 2533). Itsasgintzaren irudiaz: “Untzia higiarazten du belak, gorputza sabelak.” (Atsot 10804). Beterik euki beharreko hiru tegi izendatzen deuskuz lerroan beste batek: sakela, sabela eta ganbarea: “Sakela, sabela eta ganbela beteak!” (Atsot 11603).
Sabela hutsik eukitearen alde txarrak dakarskuez hurrengo biok: “Ezer ez, begirako ona da; sabelerako ez.” (EY 1040). Gurgur egiten dauela sabel hutsak: “Sabelak egitean gurgur, bardako afariak agur” (Atsot 11537), Txanton Piperriren herri-kantu ezagunean be antzera jasorik agiri dan esakuntzea.
Sabel betearen eta hutsaren kontrastea darabilenak be badira. Besteak beste, honakoa: “Sabel beteak atsegin, sabel hutsak gosea.” (EEZZ 2523).
Sabela bere neurrian, sabela zelai, sabela ordoki eukitearen irudia agiri dabe errefrau batzuek, leun eta handitu barik, putzitu barik, euki beharraren aholku gisa. Aholku modura esana: “Nere sabelak nere belauna.” (EY 1088). Iparraldeko baten hitzak: “Zintzurra patar, sabela ordoki.” (EY 1120). Gaztetasunaren ezaugarri gisa aitatu ohi da sabela zelai izatearena: “Gaztetan zintzurra aldapa eta sabela zelai.” (Atsot 5562), Nafarroan aldaera honegaz be entzuna: “Zintzurra aldapa eta sabela zelai ditu horrek” (Garate Erderakadak).
Sabelaren alde txar eta arriskutsuen artean sabelak gizakia mendean hartzea ohartarazoten daben errefrauak ezagunak be badira. Baten esana: “Gizonaren etsaia bere sabela.” (EY 1403). Oihenartek dakarren beste batena: “Gure sabelak, gure jabeak.” (Prov 508). Kristinau dotrinearen irakatsietan be sabelaren mende bizitea pekatutzat jo izan da, ‘gula’ deritxon oben larria. Ildo horretakoak dira gure klasiko biren pasarte bi: “Sabelak emoten deutsu ardura geiago arimako gauzak baiño” ohartarazoten deusku Mogelek (PAb). Eta: “Bekatari tristeak! Sabela ta gorputza Jaungoikotzat artuta”, frai Bartolomek (Ikasik I).
Egotearen eta ibiltearen arteko aldea sabelaz irudikatzen dabenak be badira: “Dabilenak sabela handi; dagoenak, oina handi. Dagoena, bur-handi, dabilena sabel-handi” (EY 1023).
Eta amaiera gisa, zegaz edo hagaz, baina sabela bete beharra aholkatzen dauen zaharrenetariko bat: “Daminda sabela betez betez, naiz batzez (patarrez) naiz satzez” (RS 99).
Euskerahobezale batek ohar bat bialdu deusku, aditz ekintza bat ohiturazko danean, ea zergaitik ez darabilguzan sarriago usetan da, usetan dogu ereduko egiturak, beti ohi da eta halakoetara joten ibili barik
Iñigo Muñoz euskerahobezaleak bialdu deusku Bakiotik honako mezua. Berean dino: “Lehengo astean ohi partikulearen ganeko argibideak emon zenduzan. Sarritasuna adierazteko moduen gorabeheran hori ei da formarik erabiliena”.
Zehaztu daidan bagilaren lehenengo eguneko irrati-tartea izan zala (2023-06-01/1), ohi partikuleaz jardun genduana.
Mezu horren bigarren partean dino: “Ahoz askotan entzun dodan esangura antzeko berbea dakartzut nik: usau. Esaterako: ‘Atxiñe usetan zan aste guztietan plazara dxoatie’. ‘Bakotxak ein deidxela use deuen moduen’ ”.
Zein eretxi emon lei Iñigoren proposamen honezaz? Arrazoia emon lehenengo: usau, bat usatu, eurrezean darabilgula euskal hiztunok, berariaz berbaz dihardugunean.
Usua mailegu-izena dogu, gazt. ‘uso’, eta bardin usau aditza, gazt. ‘usar’. Baina kontua da, euskeraz, batez be herri-berbetan, esangura apartekoak irabazi edo beregandu dituela maileguzko hitzok, gaztelaniatik asago gelditzen diranak.
Usau aditza, ‘ohitu’ esanguraz darabilgu adiera batzuetan, gazt. ‘acostumbrar, ser costumbre’. Neure corpuseko adibide batzuk: Zuen parajean bai, baina hemen ez da usetan holako gauzarik. Lehen usetan zan andrak maiatzean iluntzetan eleizara joatea, baina gero usua galdu da. Hemen lehenago ez zan usetan andrak tabernara joatea (Morga. Adolfo).
Usauta egon aditz multzoaz be balietan gara, ‘ohituta egon, ekanduta egon’ adiereaz, gazt. ‘estar acostumbrado’. Gu usauta gagoz, jan gitxi eta behar asko egiten. Behar tropeetan ondo usauta nago.
Ezaguna da usu izan aditz lokuzinoa be, gazt. ‘acostumbrar, ser costumbre’ adierakoa, lehenago erabiliagoa zana gaur egunean baino. Gure balada zahar baten kopla batek, solaskide biren alkarrizketa modura onduriko kopla baten halan dino. Bataren esana: ‘-Kanpo jentia datorrenian /agur eitia usu de.’ Bestearen erantzuna: ‘-Agur eitia usu bai baia, / neuregan debajadu de’ (Ana Juanixe balada. Arantzazuko bertsinoa).
Usu, ‘ohitura, ekandu’ esangurako izena, gazt. ‘uso, costumbre, manera’, mailegua izanagaitik euskerara errez ekandu dan hitza dogu, batez be herri-berbetan. Baina klasikoetan be bai. Kardaberazek idatzi eban: “Oitura, usu ta kostunbrea ala da, ta aurrera ere ala izango da” (Berri Onak). Erabilera edo usatzeko modua adierazoteko be erabilia da: “Anatomiak daukaz lau genero: osteolojia, edo azur ta kartilagoen ganean tratetan dabena; […] angeologia; ta au da erakusteko zer direan basoak, zeinbat ta ze usutarako” (Mogel PAb).
Usu izenetik garatuak dira nongo/noizko usura, noren usura ereduko egiturak. Esatea lez: ‘Euskaldunen usura.’ Lekeitio aldeko kanta zahar baten hitzek dinoena: “Labankeria askogaz / hasi ziran biak, / egiten eskumunak / eta kortesiak. / Nik bere erantzun neutsen / Marakaibo usura” (J. A. Uriarte Poesia Bascongada). Edo dotrina zahar batek dakarren hau: “Alan bakotxak bere erriko usura esango dau” (Olaetxea Dotr1763).
Noizko usuan esapidea be ezaguna dogu: “Soiñekoak josi edo ebagi bear diranean, ezin azertau leiz mutil batzuk. Ez dabee ezer gura leenagoko usuan, ta naiago dabee franzes modura jantzi, guraso bizkaitarren modura baiño” (JJMg Baserrico.Escolia).
Bazter lagako dogu oraingo honetan Iparraldeko tradizinoan usu denpora adberbioak daukan erabilera aberatsa, ‘maiz, sarri’ adierakoa.
Baina labur esanda, usua, usu izan eta usau hitzak, jatorriz erderatikoak izanagaitik, euskereak aspalditik bere-bere eginik ditu, eta guztiz erabil- eta gomendagarriak dira, ez bakarrik eguneroko berbetan, baita eredu landuan be. Zergaitik ez?
Telefonoz deitzen dozunean administrazino atal batera eta deiari erantzuten ez deutsuenean, abisu automatiko bat entzuten da hainbat gunetan, LANPETUTA dagozala gogorarazoaz. Gure zalantzea: lanpetuta egotea, gaztelaniaz “estar ocupado” esatearen ordain zuzena da?
Ezetz esango neuke, baina halan jazoten da, ez administrazinoan bakarrik, baita banku, aseguru, enpresa eta beste zerbitzugune nagusi batzuetan be.
“Gure lankide guztiak lanpetuta daude” entzuten dogunean erruki hartzerainoko itotasunean dagozala behargin gixajoak begitantzen jaku. Izerdi-patsetan, lanaren lanaz ito aginean, itolarri estuan, lanpetuta dagozalako, lanaren handiz arnasoka estuan, euren sorbaldetan lanari eutsi ezinik.
Zein da lanpetuta egotearen esangura garbia? Gazt. ‘atareado, atrafagado’ gehiago da, ‘ocupado’ soil neutroa baino. Baina zein beste eratara adierazo geinke zehatzago, une jakin baten lanez kokoteraino gagozala, lanaren lanez lanpetuta gagozala? Aukera bat baino gehiago dira.
Bat, lanez gainerazka gagozala izan daiteke. Edo: lanak goiak hartuta be esan daiteke. Beste hitzez baliatzen bagina, momentuan arazotuta gagozala be esan daiteke. Hurrengo bat, atazaz beteta egotea edo atazea eukitea izan daiteke. Gehiago be badira: bat, une honetan zeregintsu, arazotsu edo lantsu gagozala esatea izan daiteke. Edo arazopean gagozala. Edo arduraz beteta dagoala bat. Eta akabukoz, arazopetuta, atazaz beterik, egitekotsu, jarduntsu edo zereginez gainezka egotea.
– Zein ordain jagoko hobeto, gaztelaniaz ‘ocupado’ edo ‘estar ocupado’ deritxagun egoera horri? Era gitxi batzuk aitatu daiguzan:
‘Hartuta egon’, edo ‘Beste arduraren batek hartuta egon’ izan daiteke bat: Orain hartuta nago. Ezin deutsut lagundu. Geroago deitu, mesedez.
‘Asti barik’ egon edo ‘Astirik euki ez’ dateke beste bat: Parkatu baina orain momentuan asti barik gabilz, edo asti-urri gabilz, edo ez daukagu astirik, edota ez gabilz astitsu.
‘Beste zeregin batzuk’ daukaguzala esatea atxakiatzea da beste era leun bat. Edo ‘beste zeregin batzukaz ibili’.
Itauntzen badeutsagu bati: ‘¿En qué estás ocupado?’, euskeraz zelan daroagu hori? Zertan diharduzu. Zertan zabiz? Zertan ari zara? Zeri daragoiozu?
Lehenagoko ‘kamineruen legea’ (orain ‘bidezain’ deritxoenena) akordauazo deust ‘lanpetuta’ edo ‘lanaz zamatuta’ egote horrek. Gogoan daukat behin, Idiazabalgo Bertsolari Txapelketa baten, gai-jartzaileak bertsolariari, hiru bertso puntu librean kantetako ipini eutsala gai hau: “Hiru bertso kamineruaren izerdiari”.
Behin edo behin aitatu dogun puntu bat. Gaztelaniaz esaten dan “el otro día” euskeraz emoteko “beste egunean” erabiltea. Ze eretxi dozu horrezaz?
Pedro Aurrekoetxeak Erandiotik bialdu deusku ohar hau: “Zalantza bat daukot. Sarritan entzuten dot, batez be gazteen artean, zera esaten: Beste egunean, erderazko el otro día esateko. Guk beti, lehengo egunean, edo lehengo baten, edo holakoren bat esaten dogu, baina sekula bere ez *beste egunean”. Eta aurreratxoago epai hau emoten dau: “niri neuri arraro egiten jat”. Horragino Pedro Erandiokoren hitzak.
Zuri, niri zein euskeraz bizi dan edonori ‘gordin eta garratz’ egiten jaku, eretxi baten. Puntu hau berau zehaztasunez jorratu genduan aspalditxo (2020-11-26 (/5) dataz) E. Hobetzen honetan berean. Hizkera onaren estilo liburu batek baztertzeko egituratzat joten ebala-ta *beste egunean egitura sasiko hori. Urte bi t’erdi joanak dira harrezkero.
Aukeran emoten genduzan orduko idatzian, *beste kendu egunean adizlagunaren ondotik, eta haren ordez lehengo egunean, edo joan dan egunean edota aurrekoan moduko egituraren bat erabiltea. Horreen ondoan beste gehiago be aitatzen genduzan: lehengo aldian (berbaz lengo aldin) Ipar Uribeko (Butroi aldeko) berbetan.
Zer gehitu geinke gaur puntu horrezaz?
– Lehenengo, Pedrok berak aitatu dauen lehengo baten egiturea bera guztiz aintzat hartzekoa dala gogoratu.
– Egitura klasikoak ditugu igaro aditzagazkoak, bestetik: igaro dan (egunean) egiturea, aditz jokatuagazkoa, eta igaroriko / igarotako adnominala, aditz partizipioaz eregia, bestetik. Gaur berbaz entzuten dan iako laburtuaren atzean igarako aditz adnominal landua daukagu. Gaur berbaz baino idatzizko tradizinoa hainbat oparoagoa gertatu dana. Halan: “Zelango lorrak, zelango arazoak erabilli dituzun igaro dan urrengo gabean.” (Mogel PAb). “Geure azkenengo berbaldian pentsetan egon naz igaro dan gau guztian” (Uriarte Dialogos 36). “Igaro dan udabarrian (1963), maiatzaren azkenengo barikuan ezagutu ginan Donostian” (Alzola Atalak 122). “Finlandiako gauza askotaz berba egin dogu, baina batez be hango literaturari buruz: […] Igaro dan gizaldikoakin hasi gara, baina oraingoen ganean ibili gara gehiago” (Alzola Atalak). “Igaro dan agorren kunplitu da urtea” (Zabala Gabon 54). “Igaro dan asteko hemengo gertaerarik nagusiena horixe izan dalako” (Etxaburu Kontu). “Igaro dan mendean” (Etxaburu Kontu).
Ezagunak dira baita, igarako, iragan festa biharamonian, joan daneko modukoak be.
Arratia aldean entzundako esaldia, itaun modura egina: “Oin dala zenbat urte tertzio dok, hori jazo zala?”. Zenbat urte tertzio. Ze esangura dau tertzio berba horrek?
Arratian, Nerbioi aldeko herrietan, eta Txorierrian bertan be baietz esango neuke, hondino bizi-bizi dagoen berbea da tertzio. Latin zaharrean jatorria daukan berbea.
Adberbio modura entzuten dala sarrien dirudi: tertzioz, ‘sasoiz, garaiz, ordu onean’ adiereaz. Halan esaten da: Tertzioz ailegau da autobusa. Tertzioz etorri, gero, gu itxaroten euki barik!. Edo Orozkon baturiko hau: “Tertzioz ez bazoaze horra, zarratuta topauko dozue” (Itxi Rotaetxe).
Baina tertzio izen kategoriaz, denpora-izen lez, ‘sasoi, momentu, une, aldi, garai’ adiereaz erabilten da eremu zabalagoan. Tertzio ona eta tertzio txarra dira maiztasun handiko segidak. Zeanurin baturiko hau, berbarako: “Tertzio txarrik ez jagok horretarako”; ‘abagune txarrik ez horretarako’ (Jesus A. Etxezarraga). Edo Orozkon baturiko hau: “Hau ez da tertzio ona indabea ereiteko” (Itxi Rotaetxe).
Baina izen kategoriaz, tertzioan inesiboa dogu zabalen dabilena. Halan, Zeanurin baturiko hau: “Gaueko hamabiak edo tertzio horretan urteten dabe gazteak kalera” (Jesus A. Etxezarraga). Orozkon baturiko adibidea: “Tertzio onean zatoz behar egiteko” (Itxi Rotaetxe). Zeanuriko berbaikunetik garanduak dira hurengo honeek be. Hitzordu batera berandu ailegetan danari, bazkari batera beste guztiak aspaldi bazkaltzen hasita dagozala, datorrenean esatea, berbarako: “Tertzio onean hator, gizona!”, gazt. ‘a buenas horas’, esatea lez: “Honeek ez dozak etorteko orduak!”. Tertzio onean ez eze, tertzio txarrean be sarri esaten da. “Tertzio txarrean etorri zoan eta…” (llegó en un mal momento). Tertzioan tertzioan adberbio-lokuzinoa be ohikotzat darabil J. Etxezarragak Zeanuriko berbetan: “Tertzioan tertzioan etorten dok”, ‘aldian behin, noizean behin, lantzean behin’ adierazoteko, gazt. ‘de vez en cuando, ocasionalmente’.
Tertzioan inesiboa, ‘neurri egokian, bere neurrian’ aditzen emoteko be esaten da.
Denpora eremuan berean, atze-hitz edo postposizino modura be erabilia dogu, orain honetan tertzio hitzaren balio gehigarritzat agirian ipini nahi neukena; berau ez darabilgunoi aberasgarri edo balio erantsidun begitantzen jakulako: gitxi gora beherako momentu, aldi edo denpora-unidadean. Halan batu neutsan Arantzazuko seme honi: “Oin dala zenbat urte tertzio izan zoan hori?” (Jon Etxebarria ‘Alkate’). Baina tertzio hitzaren denpora-postposizino erabilera hau, Arratia eta Nerbioi ibarretako herrietan ondo sustraiturik agiri da. “Zazpi egun tertzio” batu deusku J. Etxezarragak Zeanurin, ‘zazpi egun gitxi gorabehera’ adierazoteko. Usansoloko berbetatik eredu bi heldu jakuz. Bata, ze ordu inguruan: “Goizaldeko hirurak tertzioan jaio da” eta bestea, norbaiten edadea dala-ta: “Berrogei urte tertzio euki behar dau” (Nagore Etxebarria). Eta Orozkoko berbetatik hauturik: “Goizaldeko laurak tertzioan ailegau izango gara etxera bart” (Itxi Rotaetxe).
Eta akabukoz, denpora eremuaz ate, ‘gitxi gorabehera, inguru’ aproximazino balioaz erabilia da tertzio hitza. Halan, pisuaren gorabeheran: “Berrehun kilo tertzio eukiko dau txarri horrek” (Orozko. Itxi Rotaetxe). Edo: “Zenbat erralde tertzioko txahal-zekorra erosi dok ferian?” (Zeberio. Juan Manu Etxebarria).