Euskera Hobetzen: 'Pijameagaz afaltzen dogu' edo 'pijama-hutsean'?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: ‘Pijameagaz afaltzen dogu’ edo ‘pijama-hutsean’?

Pertsonak dirala-ta darabilgunean, zelan dago hobeto esanda: “Biengandik aparte” ala “bietatik aparte”?

Leku-denpora kasuetan -gan, -gandik, -gana eta ildokoak gizakioi jagokuzan (gizon, andra, ume, agure, atso), eta orohar, bizidunei jagokezan izenakaz (txakur, behi, katu) erabilten dira.
Pertsona-izenordainakaz (nigan, zugana, gugandik) leku-denpora kasuetan, salbuespenak aparte, -gan- artizkidun kasu-markak.
Erakusleakaz, baldin gizakiei buruzkoak badira, bardin: hone(n)gan, horre(n)gan, ha(ren)gan, hone(n)gandik, horre(n)gandik, ha(ren)gandik, hone(n)gana, horre(n)gana, ha(ren)gana, e.a.
Zenbatzaileakaz, baldin bizidunei buruzkoak badira, bardin: bate(n)gan, bi(ren)gandik, hiru(ren)gana.
Pertsona-izenakaz: Albertogana. Maritxugan. Josebagandik. Anaganantz.
Sartaldeko berbetan -ren- genitibo-artizkia ez da erabilten. Ekialderantz bai.
Bizidunentzako darabilguzan -gan- artizkidun marketan bada murriztapen inportante bat: leku-genitiboarena. Ez dira ia erabiliak -gango genitibokoak: nigango guztia, zugango sentimentua e.a. Beste aukera batzuetara joten dogu horrelakoetan.
– Baina salbuespen nabariak dira bizidun diran izen edo izenkien kasuakazko erabileran. Izan be, sarri kasu-marka generikoak, neutroak, erabilten dira, eta ez -gan-dunak. Batez be pluralean eta mugagabez jazoten dira marka neutroak: -etan pluralean eta -tan mugagabean.
Pluralean ohikoak dira -etan erako atzizkiak. Halan esan doa: Gizon-etan be danerik dago: finak eta alperrak. Andr-etatik be ezin da dana eskatu: ahal dabena egiten dabe. Aurrean dagozan ume-etatik zein da zuhurrena? Zergaitik jazoten da bigarren erabilera hau? Berariaz, gizakiak edo bizidunak multzo lez, pilo lez hartzen ditugulako, eta multzotasun balio hori atzizki generikoen bidez markatzen dogu; ez beti, baina bai sarri askotan.
Mugagabe kasuetan be sarri -tan, -tako, -tatik, -tara erabilten ditugu bizidun diran izenakaz, batez be eremu semantiko jakinetan eta berezietan. Hurrengo esaldiotan, esaterako: Badago jente-tan kalean! Adierazoteko: ‘jente asko eta asko’ dagoala. Edo lehenago erromeriara joian mutil gazte apaindu bati, ea nora edo zertara joian itauntzen baeutsan bidezkoren bat, erantzun eikean: Neskatan edo andratan. ‘Zeren bila’ adiereaz.
– Baina goiko esaldietan gu eta zuek pertsona-izenordainak dira zalantzea erakusten dabenak. Kasuotan, gramatikarik oinarrizkoentzat, Pirinioz beheko hizkeretan, -gan, -gandik, -gana markaduna hobetsiko genduke: “gugandik aparte”, “zuengandik hur”. Baina zuetatik aparte edo zuetatik hur entzunda be, zuzentzat joko genduke. Baina salbuespen erabilerea dala jakinda.
Iparraldeko hizkeretan bestelako joerak ditugu: -gan ereduko markak ia ez dira ezagunak, eta guztiz ohikoak dira, ostera, -ta- artizkidunak: nitan, zutandik, gutarik edo zuetara ereduko formak.
Baina sartaldeko hizkeretan be badira honen errastuak; ez dira guztiz galdu halako egitura zaharrak. Adibide bat ipiniko dogu. Urdaibai aldean normala da, gurasoen eta seme-alaben antzekotasuna dala-ta esan edo entzutea: ‑Notara emon dau umeonek? Aitatara ala amatara? ‑Nitara ez dau emon behintzat. Zutara emon dauela esango neuke.
– Goiko adibidera bihurtuta, zuek pertsona-izenordainaz eregitako egitura horretan, zuzentzat jo leitekez bata eta bestea: zuengandik aparte eta zuetatik aparte. Bigarren eredua ontzat emotearen giltza, sartaldeko euskeran, pluraltasuna da: gutatik, zuetatik… aparte onargarriago dira singularrekoak baino: nitatik aparte edo zutatik aparte esango bagendu baino.
(…)

Esakuntza ezaguna da: ODOLKIAK ORDAINETAN emotearena.

Luis Baraiazarra idazle bikaina, Meñakako semea berau, eta Markinako Karmengo komentutik euskerearen alde lan bikaina egiten diharduena, izan da mezua bialdu deuskuna, izenburutzat “Odolkiak ordainetan” ipinita, pasadizu baten atxakian. Hara zer dinoan:
“ ‘Odolkiak ordainetan’ esaten da gure artean, gipuzkoarren artean batez ere. Honen harian, Markina-Xemeinen, neuri jazorikoa da. Horren zertzeladak ez ditut gogoan, baina kasurako bardin da. Nik aurrez zeozer emongo neutsan hari (libururen bat-edo), eta handik egun batzuetara bera etorri jatan, erregalu bat eskuan, eta esanez: “hartu-emona” behar da gure artean, ez ‘hartu-eroana’ (ez ‘hartu-eruna’).
Eta jarraitzen dau esanaz:
“Pozik eta ondo gordeten dodaz “Euskera hobetzen” izeneko zure lan ederrak. Euskera ona eta bizkaieraren egitura jatorrak zabaltzeko egiten dozuna benetan estimagarria da. Ez deutsut orain arte erantzun, baina badogu guztizko eta isileko sintonia. Eskerrik asko!
Eta ‘hartu-eroana’ barik, ‘hartu-emona’ izan daiten, Nire Umetako Meñaka olerki-jantziaz bialtzen deutsut”.
Eskerrik bizienak, Luis Baraiazarra jaunari. Estimadu jasoko dot Nire umetako Meñaka olerki-jantziaz. Pozgarria eta bihotz-betegarria da guztiz mezu hau, berariaz jakinda nogandik datorren.
Hartu-emona guztiok darabilgun izen alkartua da. Hitz horren atzean quid pro quo mezua dago: hartu eta emon. Hartu-eruna (hartu-eroana) entzun barik neukan, baina mezua guztiz bestelakoa da: hartu eta eroan aditzak ez dira alkarren aurrez aurrekoak, bata bestearen segidakoak baino. Hartu-emona dinogunean, aditz partizipio bion esangurak antonimoak dira; bigarrenean, bata bestearen jarraiko ekintzak.
– Baina gatozan “Odolkiak ordainetan” esapide ezagunera atzera. Giputz erara esana dirudi aldaera horrek. Nik giputz hiztunen ahotan entzun dot behinik behin, eta sarri.
Sartaldean beste aldaerok egiten jataz ezagunago: “Odolostiek ordiez” Urdaibai aldean esaten dan eran, “Buzkentzak ordeaz” Butroialdean (Meñaka. Libe Agirre), edo “Murtzillek ordiez emon”, Morgan txikitatik ikasi neban eran. Busturian be murtzillek batu dogu.
Baserri giroko ohitura zahar bat dago esapide honen atzean. Guztion jakina da, odolosteak emotea, odolkiak ematea, txarri-hilteari lotuta dagoan usadio zaharretik garatu dan esakunea dala. Herri txikietan, batez be auzoen artean, hainbat gehiago etxekonekoen edo hurreko auzoen artean, usu izan da odolosteak ordeaz emotea, esaera honek dinoan legetxe. Esaera zaharrak dinoan lez: “Zenbat auzotan, odolkiak ordekotan” (A. Zavala EEZZ 3029).
Herriko jente izentauari egiten ezagutu dot nik Morgan txikitan: abadeari, maisuari…, beti be, aginpidea edo eraginpidea eukanari…, badaezpadan be. Odoloste batzuk mimenaz lotuta eta aza-orrietan batuta urlia horri emon ezetik norberari edo etxekoei kalterik etorri ez ekien.
Antonio Zavalak bilduriko errefrauetan bada bat, antiklerikal sundea dariona, odolkiak ordainetan emote-tratua nogaz egin behar ez dan adierazoten dauena: “Odolkiak ordaiñetan, baiña apaizaren etxetik ez.” (EEZZ 2292).
Baina herri-berbetan esakune hori bigarren adiera batez, harean gaitzesgarriagoaz entzuten da ia beti: dana dalakoren batek kalte edo ezbeharren bat egiten badeutso norberari, ordeaz beste hainbeste berari egitea aditzen emoteko. Gaztelaniaz esaten dan lez: “Donde las dan, las toman”. Nekezago entzuten da esaide hori, mesedea mesede truke egitearen adiereaz.
Odolki edo odolosteak beste errefrau batzuetan be irudi ezagun bihurtu dira.
– Pertsona baten izaerearen konparagarri gisa. Emakumearen, etxekoandre baten irudi gisa: “Maria zelako, odolkia halako” (EY III 217). Abadearen, apaizaren irudiaz be konparagarri berbera: zelangoa dan apaiza, odolkia be halangoak urteten ei dau. Errefrau batak dino: “Apaiza ta odolkia, egiten diran bezelakoak izaten dira” (EY III 128); besteak: “Apaizak eta odolkiak, egiten diran modukoak” (Mokoroa OE 91411). Eta hirugarren batek, antzera: “Apaizak eta odolkiak… nolakoak ateratzen diran” (Mokoroa OE 79547). Eta gizakia orokorrean be bai beste batzuetan: gizakiotariko bakotxean ei dago zer edo ha ondo edo txarto egitearen giltza; errefrau honen esanean: “Odolkiak, egiten diran bezelakoak izaten dira” (EEZZ 2291).
Erakutsia, sakonean: norberegan dagoana gauzak ondo edo txarto egitea. Odolostea ondo egitea, fintasunaren eta ahaleginaren erakusgarri, etxekoandre ona edo herriko apaiz ona izatea legetxe.
– Txakurkiagaz, ahunzkiagaz edo katukiagaz, euren hesteakaz egindako (baina egiten ez diran) odoloste alegiazkoak aitatzen dira beste batzuetan, huskeriaren, ezerezaren edo ezer balio ez izatearen irudi gisa.
Inuzente egunean erabilten dan esapidea, txakurraren odolestea, da, kontestu librean erabilita, ondoko esakera honetan aitatzen dana, bestea hitzagaz puntua jagoten dala: “Hau ta hori ta bestea, txakurraren odolostea.” (EY III 716). Ahuntzaren irudiaz beste hainbeste hurrengoan; honetan be bestea hitzagaz jostatuz: “Bestea, ahuntzaren odolostea” (EY III 735). Eta katuaren odolostea erabilten da beste batzuetan iruditzat: hutsaren edo ezinezkoa dan zerbaiten irudi gisa: “Neure begiz ikusia, katuan ondoren odolkia” (EEZZ 2207). “Neure begiz ikusia, katuan ondoren odolkia” (EEZZ 2207).
– Odolostea, neguko janaria da, artisau-lan fina eskatzen dauen janaria. Ondo egitean dago odolostearen balioa, eta txarto egitean desmeritua. Odolaren eta odolostearen artean sakoneko lokarria dago nonbaiten be, ze odol txarragaz ez ei dago odoloste onik egiterik: “Odol txarragaz odoloste txarra” (EY III 2720), errefrauak dinoan letxe.

Harrera txeratsua pertsona izendatu edo meritudun bati egiteko formula bat: Agur eta ohore. Zaharra da? Non erabilten da? Zertarako?

Libe Agirre kazetariak aurrean ipini deuskun puntua.
Agur eta ohore tradizinoan urri be urri agiri da. Itxura baten, formula gisa moderno samarra da, eta Iparraldean dau iturria.
Ohore izena sarri agiri da tradizinoan eta juntagailua lagun dala beste izen bategaz alkarturik. Eta jungailailuaren komunztaduraren bidez beste izen bategaz alkarturik, izen biak mugagabez dirala.
Leizarragarena da XVI. mendeko hau: “Bada Rege eternalari, immortalari, inbisibleari, Jainko zuhur berari dela ohore eta gloria sekula sekulakotz” (TB 1 Tim.).
Geroagoan, S. Pouvreau eleizgizonak amorio izenagaz komunztaturik darabil ohore izena: “Guzien gainetik ohore eta amorio ekhar diezezu zu zauden Diozesako [angeruei]” (Philotea). Plazer izenagaz alkarturik idazle beronek hurrengo honetan: “Eska zaite, ez zuri atsegin probetxu ekartzen derautzuna, baiña niri plazer eta ohore egiten derautana” (Imitazionea III). Eta askoz oraintsuagoan begirune izenagaz alkarturik Arbelbide elizgizonak honakoan: ““Gutaz gorago ezarriak direneri sortzez, ontasunez, botherez, antzez, jakitatez […] ohore eta begirune ekharri behar zaiela” (Igandea).
Agur izenagazko alkarkuntza ez dago horren finkaturik tradizinoan. Behin,halanda be, irakurri deutsagu Haraneder idazle finari: “Ezen zor diozu ohore eta agur hori egiari” (Philotea).

Eguraldia dala-ta, euri parrastadak egingo dituala entzun dogu behin baino gehiagotan. Euria dala-ta parrastadak egingo dituala ondo esanda dago?

Euria goitik behera danean, edo goian-behean danean, euria sendo danean, zaparradea edo zaparradak da darabilgun izen ezagunetarikoa, hots-hitz bategaz darabilguzanen artean. Ezagunak dira baita: zirimolak, zapartak, euri-erauntsiak, euri-jasak, euriketak eta gehiago be. Baina zapar i zena, hots-hitz erakoa, bai soilik, bai -ada atzizkiaz erabilten da ‘euritza’ handiak diranean: Euri-zapar mardula. Euri-zaparrada itzela.
Izen hori sing. et pl., bietara darabilgu: Zaparradea egin dauela edo zaparradak egin dituala esan ohi da, edo orain momentuan zaparradea edo euri-zaparradea dala.

Parrastada izena be hotsitz baten eratorria da: ura edo isurkari bat parrast botatearen irudiaz erakarririko izena. Ekialdean, parrasta. Uragaz batera sarri: ur parrastadea (bota, jausi), baina ez euriaren kontuan, goitik behera jaurti edo isurtzen danaren irudi gisa baino.
Azkuek ondo zehazten dau: “Cantidad de líquido (tierra, grano, etc.) arrojada o derramada. “Manotada, por ej. de simiente”” (Azkue). Halan esan daiteke: “Ur parrastadea bota eutsien burutik behera”. Jose Mari Etxabururen esanean: “[Txirringalariari] ontzi bete ur jaurti eutsan […]. Baiña emon eutsan parrastadeak, oreka galdu eragin.” (Kontu kontari).
Eta bestetik adberbio modura erabilirik: parrastadan (bota, jausi, etorri). Esaterako: “Parrastadan dator ura goiko pisutik”.
Atzean dagoana da parrast hotsitza. Parrast eta parrastada berbakaz Kirikiño idazle maisuak dakarren pasarte polit bat: “Leiho batetik […] atara eben ontzi sakon eta mehe bat, eta bota eben bertatik kalera parrastada izugarriya. Eta gero beste lehio batetik bardin, beste batetik be bai, eta beste batetik… alde guztiyetatik “¡agua va!” entzuten zan, eta parrast hortik, parrast handik, bildur emotekoa zan” (Abarrak II). Eta beste pasarte baten dino Kirikiño beronek: “Eta “¡agua va!” didar eginaz bota eben kalera parrastada bat mutillen hurtxo” (Abarrak II). Baina jakina da, lehenago, kale-etxeetan komunik ez egoanean, orainaletan gauaz batutako garnua izaten zala, lehiora urtenda kalera bota goitik behera jaurtiten zana, aurretiaz badaezpadan be “Agua va!” deadar eginaz, inor deskuidaduan azpian harrapau ez egian.
Isurkari ez diran izenakaz be erabilia da: Haizeagaz E. Erkiagak: “Egoaize zorangea dabil […]. Mutillari aho-begietara jatorkoz haize parrastadak” (Batetik bestera).
Olatuen inguruan be bai: “Itxasoak albotik deutsu erasotzen, / alako parrastadak dizkizu botatzen” (ZArg 1957, 317).
Baina irudiz, isurkariez gainera, dirua, hazia edo dana dalakoaz be erabilten da parrastadea. Halan: “Iñoz egon nitzen begire dolar osoa jokatzen dabenei, baiña ez neban iñoz ikusi parrastada haundirik [makinatik] ateraten” (Tomas Gerrikagoitia Arantza ta Larrosa).
Lehengora bihurtuta, euria dala-ta parrastadak egin dituala esatea ez genduke gomendatuko. Ohituraz kanpo dago.
Amaitzeko: parrasta eta parrastaka Iparraldean erabiliagoak dira, baina ugaritasunaz loturik: “mordoa” adiereaz. Eta ugaritasun adiera berekoa dogu J. Kerexetaren hau be: “Sabatik parrastaka etorriko dira (dromedarioak) urre ta intzentzua ekarriez” (Eguneroko.Meza).

“Gabonetan pijameagaz afaltzen dogu”. Podkast baten izenburua. Pijameagaz ala pijama-hutsean?

Puntu hau arterago be, zuzen edo zeharka, aitatu izan dogu (2022-09-15/2). “Pijameagaz” jantzita egote horrek ekarri gaitu atzera puntu honetara.
Soinean zer jantzita edo zein jantziren faltan goazan esateko, aurrez aurre egitura bi ditugu. Soinekoren bat aldean daroagunean, -gaz atzizkiagaz: jakeagaz, tapaukeagaz, oinetakoakaz, goneagaz, prakakaz.
Baina soinean daroagun hori mehetxalegia edo ondo soinekoturik egoteko urriegia danean, orduantxe erabili daroago, edo hutsean edo hutsik, aurreko jantzi-izenari dautsala. Geure gorputza, behar dan bestean edo osasunerako on dan bestean jantzi barik edo soinekotu barik goazenean.
Alkondarea jantzita joatea normala da: alkondarea jantzita; baina batzuetan entzuten da: “Nora zoaz alkondara-hutsean dagoan hotzeon?”. Parametro normaletan jertse, elastiko, jake edo gaineko soinekoren bat ipinita joan behar gendukenean.
“Nora zoaz bernutsik, edo berna-hutsik?”. Negu gorrian bernak agirian dirala edo galtzerdi mehe batzukaz hotzak hilik urteten dogunean etxetik.
Zein izenegaz darabilgu sarri hutsean? Hiztunok sarri darabilguzan batzuk:
Kaltzontzilo-hutsean. Jugoi-hutsean. Manga-hutsean / mauka-hutsean. Pijama-hutsean. Tirante-hutsean. Eta eredu honetakoak dira hainbat sarriago entzuten diran: Narru-hutsean edo Hazur-hutsean.
Idazle baten lekukotza: “Buru-utsian, paparra zabalik, galtza motzak alondeiko atia ainbateko mantalarekin, eta oin-utsik geienian” (Urruzuno Urzale).
– HUTSIK osagaia aurrekoa baino lexikalizatuagoa da; aurreko itzenari lotuago agiri da, eta lehenagotik. Halan: Burutsik. Mangutsik (edo maukautsik.
Adberbio guztiz lexikalizatuagoak dira: Oinutsik eta bilusik (ortozik). Hanka-hutsik erdialdean asko erabilia da. Txirritaren bertso honetan, esaterako: “Engañatuta komentuetan / sartzen dituzte ain pozik, / gero eskera biali berriz / goseak eta ankutsik. / Santa sekulan etzazula egin / fraile joateko ametsik.” (Txirrita).
Esku-hutsik be guztiz ohikoa dogu. Krispin Beobideren esaldi honetan, berbarako: “Abiatzen dira sarrazenuen alderuntz esku-utsik” (Asisko Loria).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00