Eñaut Elorrietaren bakarkako bosgarren diskoa da 'Fantasia'

Kitarrea, abotsa eta letrak dira disko barriaren oinarriak

Eñaut Elorrieta: “Kentzen-kentzen eregitako lana da, ahalik eta elementu gitxienakaz ahalik eta gehien esatea da helburu”

Eñaut Elorrieta lan barria dakar: ‘Fantasia‘. Bere bakarkako ibilbideko bosgarren lana da eta Elkar diskoetxearen eskutik argitaratu dau. Musikari gernikarrak azaldu dauanez, “‘Fantasia’ sorkuntzarako sortu dogun espazio bat da, eta horrek emon deusta koartada bat ausartago izateko, normalean ausartzen ez nazen gauza batzuk probetako… Horretan Aitor Etxebarria ekoizlea izan dot bidelagun, berak sortu deust eszenatoki hori, konfiantzazko gune hori”.

Kitarrak, abotsak eta letrek hartzen dabe protagonismo nagusia lan honetan. Eñautek esan deuskunez, “azken urteetan nire obsesinoa edo pasinoa kantua bera da, kantua bere soiltasunean, abots bat eta kitarra bat zeozer kontetan, mezu bategaz”.

Hamar kantu biltzen dauz disko barriak eta maitasuna da kantuen arteko haria. Eñaut Elorrietak idatzitako letrez gain, Uxue Alberdi, Iñigo Astiz, Jose Luis Otamendi, Itziar Ugarte edo Amaia Lasa idazleen letrak musikatu dauz gernikarrak. Estudioko lanean, besteak beste, Felix Buff (perkusinoak), Fernando Neira (baxua), Xabier Zeberio (sokak), Amorante (tronpetea), Ruben Caballero (kitarrea), Maite Larburu (bibolina) eta Txus Aranburu (teklak) musikariek hartu dabe parte.

Donostiako Elkar estudioan eta Bilboko Mala Estrata estudioetan grabau eta nahastu dabe lana, eta Jonan Ordorikak masterizau dau. Diskoaren azala eta diseinua Eider Corralek egin dauz.

Aurkezpen kontzertuak

Lehenengoa zemendiaren 25ean izango da Zumarragako Zelai Arizti aretoan, eta ostean Euskal Herriko hainbat herrira joango da Elorrieta: urtarrilaren 2an Andoainen, 21ean Bastidan, zezeilaren 11n Mundakan, 17an Donostiako Victoria Eugenia antzokian, martiaren 3an Urruñan edota apirilaren 27an Bilboko Arriaga antzokian. Horrezaz gain, Iruñan, Hondarribian, Lazkaon, Lasarten, Tolosan… be aurkeztuko dau Eñaut Elorrietak ‘Fantasia’ lana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular