Euskera hobetzen: 'Sarna' zelan esan euskeraz?

Euskerea hobetzen tartea

Euskera hobetzen: ‘Sarna’ zelan ipini euskeraz?

Lehengo astean sortu jakun beste zalantza bat: ze izen emon euskeraz, gaztelaniaz “pastoreo regenerativo” esaten jakon kontzeptu barriari. inguruan. Eta hor ibili ginan, artzaintza izenari ze albo-izen ipini asmatzen. “Regenerativo” zelan esan euskeraz?

Oker ez banago, “berreratzaile” berbea erabili zenduen Bizkaia Irratian; ontzat emotekoa guztiz. Baina beste hitz batzuk be dantzan erabili genduzan “regenerativo” zelan esan: erabarritzailea eta bizibarritzailea bai behintzat.
Inguruko hizkuntza nagusietan “regenerative” edo erro bereko adjektibo maileguzkoak darabilezala ikusi dot, baita alemanez eta nederlanderaz be.
Kontzeptu barria dogu hau, nekazaritza tipo bat deskribatzeko: ganaderitza dala edo lugintza dala. Elikadura sistema ona izan daigun, geure lurraak zelan jagon, ongarritu edo hobetu, emongo dauen frutua osasungarria eta garbia izan dadin.
Euskeraz be “regeneratibo” mailegua erabilgarri geinke, baina mailegu gordinegia dirudi, eta uste dot, euskal hizkuntzaren erroetan murgil eginda be berba ulergarriago, adierazgarriago eta esanguratsuagorik be sortu daitekela.
Euskeraz badogu aurrizki adiutu bat, ber- edo bir- dalakoa, silaba bakarrekoa, kasu honetan baliagarri izan dakikeguna. Bardin da artzaintza izan zein lugintzaz jardun. Birsortzailea, birreratzailea edo birloratzailea izan daiteke aukera bat.
Eta bigarren aukerea, barritzaile bigarren osagaitzat hartuta adjektibo alkartu bat eihotea. Alde txarra: aurrekoak baino luzeagoak urtengo leukie, baina adiera gardenekoak. Aukeran ditugu: bizibarritzailea, indarbarritzailea edo ernabarritzailea. Eta laburrera joten hasi ezkero, barritzaile adjektibo soilagoa.

Esakuntza baten barruan entzun ohi diran berbak: Ez buru ez buztan. Ez bururik ez buztanik

Ez dauka oihartzun handiegirik esapide honek euskeraz. Gaztelaniaz ezagunagoa da: “No tiene ni pies ni cabeza”. Euskal lokuzinoaren berezitasuna, ostera, buruagaz batera, buztana izentetan dauela.
Ezezka taiuturiko esapidea da: zek edo hak bururik EZ buztanik ez daukala esatea; ekintza, esate edo zeozerk ez daukala zentzunik, sustrairik, ez fundamenturik. Buru-buztanen irudia beste batzuen isla izan daiteke. Edo: burua, goia da eta buztana, behea. Edo burua hasierea da eta buztana amaierea. Edo: burua aurrea eta buztana atzea. Arrazoibidetzat esaten dan horrek ez daukala koherentziarik, osotasunik edo borobiltasunik, zelanbait esateko.
Burua beti da “buru”. Eta bigarren izentzat buztana agiri da ia beti eta hizkera guztietan.
Tradizino idatzian, izen biok josita agiri diran egitura batzuen aitamena:
– ez eukitea bururik ez buztanik. Iparraldeko tradizinotik: “Orduan phalangarietarik batek hasi zuen istorio bat, bururik ez buztanik gabekoa” (Fedearen.Propagazioneco 1881, 196).
Eta ezaguna da Iparraldeko tradizino modernoan buru-buztanak biak alkarturik erabilirik, buru-buztanik ez izatea egitura laburra, hainbat biderrez erabili izan dana. Hara Hiriart-Urruty kazetariaren pasarte bat: “Iduri luke horrelako ahapaldi buru-buztanik ez duten horien aipatzea bera kasik nardagarri dela” (Zezenak Errepublikan). Atzerago jota, XVIII. mendean, J. B. Etxeberrik dakar: “Hemengo hizkuntzak iduri du sasipetako zorien kantu gurguria berezia, buru-buztanik gabe” (Obrak mintzo). Eta oraintsuago, Piarres Lafittek bere liburu baten darabilena: “Jostatzeko, fatrasiak ere egiten dira, buru-buztanik gabeko bertsu errebesak” (Euskal literatura 42). Eta azkenez, Herria aldizkariko beste hau: “Zorigaitzez gehienetan kantu hoitako hitzek ez dute buru-buztanik” (Herria 8-10-1959).
Buztan izenaren ordez noiz edo behin agiri da zango izena be, gaztelaniaren iruditik hurragokoa. Elizanburu lapurtarrak “Nik ongi dakitana da haren predikuak ez zuela ez bururik ez zangorik, edo muthurrik ez buztanik” (Franmazonak 139).
– Izen biok mugagabez be erabilten dira, ezezkako esaldian, baina -ik partitibo barik. Nafarroa aldean baturikoa da: “Orrek ez du ez buru ta ez puzten” (Garate Erderakadak) (AN-gip-5vill, B). Geroago L. Villasante euskaltzainak be erabili izan dauen egiturea: “Arrazoi orrek eztu ez buru ta ez buztan, ikusi dugunez” (Jainkoa).
– Gehitu daiguzan buztanaren izenaz sorturiko beste esapide polit batzuk be.
Esapide bat: zeozerk beste buztanik euki egiturea. Halan: “Nafarroko erregeak egin zuen bere baitan, gatu horrek bazukela beste buztanik. “Il devait y avoir anguille sous roche” (P. Narbaitz San Frantses). Edo itaun eginez: “Petto bat izan ote da hori ala gatu horrek ba ote dauka beste buztanik?” (Herria 8-2-2001).
Bigarren esapide bat: Besteen buztan egotea. Hori be erabili izan da: besteen atzean, atzeratuta gelditzea aditzen emoteko. Halan darabil Jean Etxepare kazetariak: “Zerbait dakigun guziek ez badugu indar egiten gure lanaren argitzeko, beti gibel eta bertzeen buztan egonen da Euskal-Herriko jende xehea” (Mediku-solas).

Hedabideetan irakurri dogun mezu bat, patinete baten argazkiagaz, jenteari laguntasuna eskatzeko. Dino: “Atzo honen moduko patinete bat ahaztu genuen plazan”. Ahaztu aditzaren jokoa ondo erabilita dago hor?

”Patinetea ahaztu genuen” dino. Gaztelaniaz: “Lo olvidamos en el parque”. Gaztelaniaren erregimena ezarri deutso ahaztu aditzari ahaztu aditzari. Gramatikaz zuzen idatzita dagoala esango dogu, eta gaurko gazte askok, edo euskera hutsetik ikasi daben askok holantxe esango leukie. Baina burua eta gogoa euskeraz bizi dituan batek nekez esango leuke horrelan.
Ahaztu aditza jokatzeko era bat baino gehiago dira, eta estiloaren aldetik, esaldi horretan agiri dana baino askoz geureagoak ditugunak.
Ahaztu aditzak, buru-jardunaz edo buru-gogoeteaz zerikusia daben beste aditz batzuk lez, berbarako: akordau, gogoratu, gomutau, otu, iruditu, begitandu eta holakoak, erregimen diferenteak onartzen ditue aditza jokatueran. Zehaztu daiguzan:
a) Aukera bat, aditz perifrasia erabilita, ahaztuta itxi edo ahazturik itxi aditz multzoa: Patinetea ahaztuta itxi genduan plazan.
b) Bigarren bat, zer-nori argumentu egitureaz: Patinetea plazan ahaztu jakun atzo.
c) Hirugarren aukera bat, aditz iragankorragaz, nork zer ahaztu egitureaz: Plazan ahaztu genduan patinetea.
Aditz laguntzailea hartzeko orduan, gogoan izan daigun hiru adizki-era nagusi ditugula aukeran:
– Lehenengoa, nori zer ahaztu jakon: Pertsonearen ikuspegi pasiboa da ahaztute kontu horretan: nori ahaztu.
– Bigarrena, nor zegaz / zerez ahaztu dan. Pertsonea parte aktiboa da ahaztute kontuan, baina nor subjektuagaz josten dogu esaldia.
– Eta hirugarrena, nork zer ahaztu dauen. Subjektuak paper aktiboa hartzen dau nork ergatiboaren bidez: gu geu gara ahaztute kontu horretan errudun edo eragile nagusi.
Beste esaldi bat adigarritzat erabilita, emon geinke mezua esanaz: a) Ahaztu jat orduan jazo zana. b) Ahaztu naz orduan jazo zanagaz. c) Ahaztu dot orduan jazo zana (edo: Ez daukat akorduan).
– Lehenengo argumentu egiturea (nori zer ahaztu) dogu gure hizkuntzan zaharrena eta indartsuena, bai tradizino idatzian, bai berbaz. Zeozer burutik joan jakonean bati (alzeihmerra), hurreko batek esan lei: “Dan-dana ahaztuten jako. Ez deutso buruan ezeri eusten”. Mateo Zabalaren adibide pare bat: “Beingo aratuteari ez asko eretxita, bigarren ikusialditxu bat emoiezue, badaezpada ezer aztu bajatzue bere” (Irun 4), “eta umetan bere gauzak eztoaz ain bete-betean artuten; eta guztiz aztu egin jatzun” (Irun 38).
Bide batez, ahaztute kontuan Lekeition aspaldi ikasi neban esaera zirikatzailea: Ah! Akordatia ahaztu jatzu!
– Bigarren egiturea be sarri darabilgu (nor zegaz ahaztu), eta kontestu batzuetan gurago izaten dau hiztunak hau erabili, aurrekoa baino. Mutil bati neska bategaz beti amesetan egotea subertau leio, baina hurreko batek aholkatu leio: “Ha honezkero ahaztu da zugaz. Kendu eizu burutik”.
– Eta hirugarrena be (nork zer ahaztu) zuzena da eta hainbat erabilia, gehiegi behar bada, gaztelaniaren eraginez. Gaztelaniaz joera handia dagoalako “olvidarse de” pasiboa baino gehiago “olvidar algo” esateko.
– Modu inpertsonalean be sarri darabilgu ahaztu. Eta aintzat hartzekoa da guztiz, maiztasun handikoa dalako. Adib.: “Txikitan ikasitakoa ez da erraz ahaztuten”. Edo: “Ahaztu dira gure artean lehenagoko ekandu onak”. Edo Mateo Zabalaren esaldi bategaz: “uste izanik ze, zelan gurasoaren azkenengo berbaak bere bizian aztuten eztirean, alantxe nire berba atzerengo oneek bere zeuei biotzean obeto erantzirik ta oraturik geldituko jatzuezala”.
– Baina ahaztute kontua lehenagoko jazoera lez, lehenagoko jazoera lez aitatzen dogu sarri hiztunok. Eta horretarako aditz perifrasietara joten dogu. Aditz multzo horretan, aurretik ahaztuta edo ahazturik, eta atzetik euki, egon, itxi, ibili, erabili eta beste aditz batzuk. Halan, kasurako:
Euki aditzagaz: Hori ahaztuta daukat.
Egon aditzagaz: Horregaz ahaztuta nago. Gugaz ahaztuta zagoz aspaldion.
Itxi aditzagaz; patinetearen kontuan esan leitekena: Ahaztuta itxi dau.
Erabili eta ibili aditzakaz: Bere zereginakaz ahaztuta dabil.
Geratu aditzagaz be ezaguna da gure tradizinoan: ahaztuta edo ahazturik geratu zeozer norbaiti. Autorkuntza dala-ta, Mateo Zabalaren baieztapen bat: “Egin, bada, alan; eta ori ondo egin ezkero, (esan beharreko) [pekatu] bat edo beste, edo asko azturik geratuko balitxazuez, ezta orregaitik ezer” (Irun).
<=

Euskerahobezale baten itauna: “Sarna” zelan esan euskeraz?

Gaztelaniaz “sarna” deritxonari gutariko gehienok sarnea esaten deutsagulakoa daukat; mailegua darabilgulakoa.
Badira, halanda be, euskal izen batzuk, han edo hemen erabiliak diranak. Bat: azteria. Beste bat: zaragarra. Azteria, oinarrian, atz egitearen eria da; atzeria aldaereaz izendatzen dabena beste batzuk. Iparralde osoan erabili izan dan izena da azteria, eta Nafarroa ekialdean be bai. Azkuek Erronkarin baturiko sendabide bat: “Azteriaren erkin arazteko on da lapa-belarraren ura egosi ta ezneareki nastean artzea (R”. Labayru Hiztegiak dakarzan ordainak: “hazteri, zaragar, hatz, ezkabia, zalakar, hirodura.”.
Bizkai-Gipuzkoetan atza, huts-hutsik be esaten deutsie. Azkoitian lehenago atza esaten ei eben, gaur egun sarnea.
Eta euskerearen luze-zabalean atz oinagazko izen eratorri edo alkartuak be ez dira falta: atzazkarra (BN), atz iraunkorra (G), zai-atza (L) e.a.
Euskaltzaindiaren Dialektologia Atlasean legena emon dabe erantzun lez barriemoile batzuk, baina berez legena (legana be deritxona), “leprea” da, eta ez “sarnea”. Ezkabia be bai, baina honen esangurea be “lepra”tik hurrago dago, “sarna”tik baino. Frai Bartolomek: “Zeinbat lepra edo ezkabi, zeinbat sarna” (Ikasik II).
Sarnea mailegu-izena da, edozelan be, zabalen dabilena. Eta lehenago be halan zan. Hara Mogelek, seigarren mandamentua eta neska-mutilen arteko zirrikak dirala-ta zer dinoan: “Sarna gaistoz beterik balegoz alango mutillen eskuak, gordeko zinate alakoen eskuetan ibiltea” (Konfesino Ona).
Euskeran aspaldi sartu zan “sarna” maileguzko eritasun-izena. Ze sarnea daukanari, “sarnadunari esateko, Azkuek aspaldi batu eban berba gaitzesgarri bat: sarnaztoa, gazt. “sarnoso”.
Euskeraz, sartaldean berariaz, -zto atzizkidun adjektibo mordoa daukaguz, guztiak gaitzesgarriak. Batzuk, guztiz ezagunak: koipeztoa, zapaztoa, zorriztoa, basaztoa, goseztoa. Beste batzuk ez hainbeste: aduztoa baino gehiago darabilgu adurtia; oreiztoa baino gehiago darabilgu pekaztoa, edo Libe Agirrek Meñakako berbetatik plazaratu deuskun euliztoa. Eta bada Bermeon baturiko berba bat (beste inon ez dot entzun): adarraztoa, Begoña Bilbaok ondu eban hiztegian dator:rena “Ori adarrazto bat da, andreak adarrak imini deutsoz” (B.Bilbao BBEK 18).2
Labayru Hiztegiak “sarnoso” hitzarentzat dakarzan euskal ordainak, sarnazto horregaz gainera: “hazteritsu, zaragartsu, zaragardun, ezkabiatsu, ezkabiadun (tiñoso)”. Nik sarnaduna gehituko neuke.
Amaitzeko, gogora ekarri daigun gaztelaniazko errefrau ezagun bat, dinoana: “Sarna con gusto no pica”. Euskerazko ordain bat, esangura beretsukoa: “Gogozko tokian aldaparik ez”, edo “bide txarrik ez”, edo “gau eta ilunik ez”.

“Tartamutua” euskeraz zelan esaten dan erabili gendun autua lehengo egun baten. (2022-10-27). Hari horri tiraka, zehazasun gehiago be batu dozuz, ezta?
Bai, zelan ez? Kontzeptu oinarrizkoa da gizakiontzat, eta era askotara izendatzen dana euskera bizian.
Asier Muniategik (Herri Irratiko laguntzailea), Artiako (Gautegiz-Arteaga) semea dan aldetik, gogorarazo euskun lehengo baten esangatxa esaten deutsiela eurek. Eta handik urrun barik, Barrutian, esanezina entzun izan dot behin eta barriro nik.
Bide batez, hiru esaldi, Azkuek Hiztegian baturik dakarzanak, berba diferenteakaz josiak. Bizkaiko bat: “Berbartuntxua ez balitz, ha bai sermolaria!”, abade edo fraileren bategaitik. Bigarren bat, Iztuetak bere Kondaira-n dakarrena, mutil gazte sendokote baten pasadizua kontetako: “Mutil au jaiotzetik omen zan itz egiten tatalea, eta zezenari ots egiten omen zion plazaren goen-aldetxotik, atol, atol!”. Hator, hator esan gurarik. “Ez naiz gizon hiztuna, ez atzotik ez herenegunetik; […] aho-motela eta mihi-totela naiz” (Biblia Exodoa). Iparraldeko bertsino moderno batetik hartua.

Euskaldunon ezpanetan sarri entzuten diran adjektibo bi: zantarra eta zatarra. Bada diferentziarik berba bataren eta bestearen artean?

Zantar adjektiboa honako balio edo adierakaz agiri da gure tradizinoan:
– zikina: [lekua] “Eurakati yaio zinean abel etse edo korta zantar baten” (Añ EL2 106.).
[soineko zahar] “Olagizon baten obrera edo alkandora zantarra” (Mg CO 19). “Ez zeru-luurren egilleari datorkion anditasunagaz, ez mundu guztiaren jaubeari datorkion itzal majestadeagaz, ezpada gure aragizko jazteko zar, urratu eta zantarragaz janzirik” (Zabala Bermeo). “Etse aldatzea dozuenean, eztaroazuez tresna zar guztiak garbitu eta zorki zantar guztigiñoak zuritu?” (Zabala Arantzazu).
[jatekoa]: “Gure lapikoko arbi, aza ta okela zantarra urre biurtuko jako bere auan” (Mg PAb).
[berba, kanta]: “Kanta ta destaña zantarrik […] imini badozuz; edo alangoak gogoti entzuten egon bazara. Añ EL2 146. ”.
[abere, patari, piztia]: “Eizari, edo kazadore batek jarraituten deutsa basaurdiari, jaurtigiten deutsa tirua […] ta bertan geratuten da illik abere zantarra”. Mg CO 45. ”
– itsusia: [hitz, berba]: “Zetarako esan barberua, labañia ta onelango izen arrotz zantar ta erbestekuai artubak? Mg PAb 47).
[animaliak]: “Lurreko ar zantar billau atsituena” (Añibarro VocesBasc).
– sexu et neska-mutil hartuemonen gorabeheran sarri erabili izan da, bai pertsonak, bai euren egiteak aditzen emoteko.
[zirriak] “Ikasirik daukazu ukutza loi-zantarra egiteko izkune lotsagarria” (Zabala Arantzazu).
[begirakune, begitukera]: “Begirakune zantarrak, berbeta eta adiskidetasun arrisku andikoak. (Iturzaeta Azalduera 103).
[ames, ameseta]: “Ames zantarrak eukitia berez pekatu ez da” Mg CO 153. ”.
– pertsona gaiztoa adierazoteko, gazt. ‘vil’ “–I, badakit nik ze aizan i, ganbelua galanta. –Baita i astaputz zantarra.” Ag AL 34. ”. “Zantar-zantar ori, ire aitaren aurka auzitan diarduk!” (Zaitegi Sofokel). “Ama zantarraren azpikeriz deunge atzitua izan zan Agamenon” (Zaitegi Sofokel).
Zantartasuna: “Arek zantartasune igerri-igerridxen deko”. [Barrutia. Laura].

Zatar adjektiboaren eremu batzuk:
– (gizaki) lotsabagea, “turbio”. Etikarik bako jenteagaitik sarri. Garbi jokatzen ez dauena; azpikeriaz eta maltzurkeriaz. “Zatarra zer da ba!”
Zatarto: ederto baten. “Zatarto ibilli ziran danak ba!” (Ondarroa. Josune Ariztondo).
Zatartu: Zatartu: 1 ad. zantartu. Udabarriagaz zaldiak eurak be zatartu egiten dira. (Arratzu. Barrutia) 2 ad. itsustu, motzitu. 3 ad. lotsabagatu. Berbarik egin gura ezik eta zatartuta parau da aspaldion. 4 ad. haserretu: Hori esan neutsananean, zatartu egin jakon, eta ez eustan berbarik be egin.
Eta beste asko gehiago

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular