Arrantza kontuan aditu handia dogun Ramon Basaldua irrati honetako kazetariari entzuniko esaldia: “Itsasotik harako arraina”. Itsasotik HARAKOA. Zer esateKO?
Egitura bi erabilten ditugu: -tik hara (egon) eta -tik harakoa (izan), bata adberbio kategorian eta bestea izenlagunarenean.
– Atze-hitz biok eremu semantiko jakin batzuetan erabilten dira batez be, eta hizkera mugatuetan, bizkaieraren sartaldean.
Esparru semantikorik agiriena, elikadurari lotua da: sukaldaritzaren eta janaritzaren arlokoa. Jatekoa berorik mahaira ateraten danean esan ohi da: Surtatik hara (jan behar da jatekoa), edo: Surtatik harakoa (gozoago jaten da). Eta ildo horretan, ogia, arraina edo haragia laban erreten euki ondoren, handik ateratean esan ohi da: Labatik hara, berotan jan behar da arraina. Labatik harako ogia apatz-apatz egoten da.
Harakoa darabilgunean generoa seinaletan da: zer dan, zein gai, genero edo materia berbakizun darabilguna. Janaria dala-ta: Labatik harako ogia. Edo: Errapetik harako esnea.
Bada lokuzino bat: Orratzetik harakoa, balio zuzenaz zein irudizkoaz erabilia dana. Azkuek hiztegian: “Orratzik hara, orratzerik hara (Vc), se dice del vestido recién hecho”. Halan esan daiteke: Orratzetik harako jantzia dala, egin barria dan soinekoagaitik. R. M. Azkue bera dogu egitura honen erabiltzaile oparoenetakoa. Bat: “Orratzerik harako soinekoak daroazuz burutik behatzetara, Jainkoaren alabea“ (V-ger) (Azkue). Bi: “Txilindun txupinak, kaltza odolezkoak deritxenak , garriko arrea ta abarka orratzetik harakoak” (Euskalzale 1897). Irudi lez erabiliagoa izan da ziurrik orratztik hara / harako egitura hau. Kirikiñoren lumak, berbarako: “Orratzetik-hara lez garbiro ta txukun jantzita” (Abarrak II).
Berba egite kontuan idatzi eban behinola E. Erkiagak ondoko hau: “Etxeratzean, aita aurrean ebela, itsumustuan agertu eutsan amak Zuriñeri, Kermanen abotik harako erantzun asegarri ta mazala”. (Arranegi).
– Sintaxiari joakonez, zein hitz kategoriaren atzetik erabilten ditugu hara eta harakoa atze-hitzok? Aurreko adibide guztiak izen kategoriakoak dira, -tik edo -rik ablatibo kasuari darraioenak.
Baina aditz partizipioaz be sarri darabilgu, mendeko denpora-perpausa eregiten dala. Eta denpora-erreferentzia beti be barri postposizino lez darabilguneko bardina, gazt. “recien”. Halan: Egin hara: ‘recien hecho’; Erre hara: ‘recien cocido’.
Baina, sukaldaritzaz harago joanda, eremu zabalagoan be idoroko dogu egitura hau: joan hara, etorri hara, ikusi hara…
Tradizino idatzian, ostera, ez dogu aurkitzen beronen lekukotza ugaririk, ez gaurkoan, ez lehenagokoan. Berbaz askoz oihartzun handiagoa dau, idatzizkoan baino.
XX. mendeko gramatikarietan Paulo Zamarripa sondikarra dogu egitura honen barri-emoilerik ziurrenetarikoa. “Errotik harako esnea. ‘Leche recien ordeñada’.” (Zamarripa Manual.Vascófilo 124). “Ez dot gura labatik harako ogirik. Errotik harako esnea emongo jatzu.” (ibid. 124). Bermeoko berbetan erregistratuak dira hurrengo biak: “Orratzetik harako etxea dauka horrek” (Bermeo. Begoña Bilbao). “Antxobak sutatik hara jan behar dira” (ibid.Bermeo).
Eta literaturara bagoaz, hara J. B. Eguzkitzaren hau: “Komunismoa orratzetik harako jantzia, labatik arako opila dala uste dabe” (Gizarte Auzia). Irudi adiutua, ‘barrikuntza, modernotasun, oraintsukotasun’ adierarentzat.
Aditz partizipioari eta juntagailua tartehn dala be erabilten da: etorri eta hara, ikusi eta hara… Gaur egungo literatura-lekukotasun bat: “Goitik jeitsi eta hara, gerritik emekiro atxiki eta gizona baizen haizea bera bailitzan, eztiki hasi zitzaidan musuz” (Laura Uruburu Katigatu).
– Badau hara atze-hitz honek beste adiera berezi bat, hau be sartalderengo berbetan erabilia: kokagunea, espaizinoaren eremukoa: atzerik hara, aurrerik hara, albork hara… Txorierri aldean asko entzunak. Begoz hurrengorako.
Bada esakuntza ezagun bat gaztelaniaz: “Genio y figura hasta la sepultura”, euskeraz be modu batera edo bestera esaten dana. Zein ordain emon geinkio euskeraz errefrau horri?
Errefrau honen esangurea onezkoa izaten da, pertsonen izaerearen alde positiboa agirian ipinteko. Batzuetan ezezkoa be bai, jakina!
Bada izen alkartu bat, gure klasikoetatik jatorkuna eta pluralez erabilia: antz-irudiak, gaztelaniazko “genio y figura” egiturearen ordezko egokia. Agustin Kardaberaz jesulagunak darabil berba alkartu hau, gaztelaniazkoko ordaintzat “carácter, imagen” emonaz. Esakuntza honegaz on egin eban idazle beronek: “Antz-irudiak hobiraino”. Gaztelaniazkoaren ia hitzez hitzeko kidea. Seguru asko berbaz be, era horretan edo antzekoan esan izango zan errefrau hau. Ze bada beste errefrau bat, dinoana: “Antz-azturak hobiraino” (Garate Atsot 922).
Mezu berori edo hurrekoa aditzen emotera datozan beste esakuntza batzuk be dira Bat, ezaguna: “Lehengo lepotik burua” (Pl.Muj). Baina beste askok be, zuzen edo zeharka, mezu beretsua dakarskue. Gitxi batzuk hautu ditugu.
Zama negatiboa darioe, positiboen gainetik, barruti honetako hainbat errefrauri. Abere-izenak irudikatzen daben honeek, berbarako:
Astoa aitatzen da hurrengootan: “Asto jaio, asto bizi ta asto hil” (Garate Atsot 1427). “Astoa beti asto” dino aldaera batek. Astoa eta zaldia konparagarritzat harturik, dino hurrengo honek: “Urrezko zelak ainitz balio, bainan ez astoa zalditzen” (Garate Atsot 1461).
Azeriaren irudia, beste mezu askotarako dan lez, honako be bai. Ezaguna dogu Mogel idazleak darabilen hau: “Azeri zaarrari ulea joan, baiña antza ez” (PAb). Eta antzekoa beste hau: “Azeri zarrari ilea joan ta buztana soildu, baiña larrua gelditu” (Garate Atsot 1744). Eta beste egitura bategaz: “Azeriek, buztana berekin” (Garate Atsot 1774).
Belearen irudia be sarri agiri da. Lumaz baltza dana ezin daitekela zuri bihurtu dirausku Iparraldeko honek: “Belea ikuz (garbi) daite, xurit eztaite” (Garate Atsot. 2333).
Eta kutsu ezesgarria darioe beti, deabrua aitatzen daben errefrauei. Baten esana: “Debrua zahartu, ez ordea ontu” (Atsot. 2929).
—
Erderazko “genio” izena euskeraz zelan dinogu? Mailegu bidez sarri: Horrek dauko jenioa! darabilgu edonork. Baina beste hainbat era be badira, pertsonen izate-modua adierazoteko: izatea, izaerea, aztura, aiurria, nortasuna, ekarraia eta beste.
Sartaldeko berbetan sarri entzuten da izatea izen neutroaren balioaz: haren izatea, zure izatea, gure izatea… Gudu aurreko agerkari batetik jasoriko adibidea, gizonezko bati zuzendua: “Haundia da zure izatea, gizona!… Odolak beti irakiten euki beharra!” (Que tengas que estar siempre de mal genio! Batxi). (Gartzen Eguiluz) (Mokoroa OE).
Azturak esaten danean, alde txarreko izaerak azaltzen dira gehienetan. Goiburuko errefrauaren antz-antzekoa da hurrengo hau, baina zama negatiboaz: “Haztura txarrak sortzetik hiltzeraino” (Atsot 6605).
Berez eta berezko berbakaz eihotako errefrauak be badira ideia honi eragiten deutsienak. Halan: “Berez ez dana, ez da izaten” (Atsot 2416). “Berez eztana, ezta makilez ere” (Atsot 2417). “Berez eztanagaz, alperrik te (da)” (Atsot 2418). “Berezkoa nagusi de” (Atsot 2420). “Berezko joera, arraina uretara eta satorra lurpera” (Atsot 8101).
Aiurria be esaten da Nafarroan eta Gipuzkoako Beterri alderdian, pertsona baten “carácter, genio” kontzeptuarentzat. Aiurri berbea adi urri hitzen alkarkuntzatik eregia da. Azkueren esanean: “entendimiento escaso”. Horrexegaitik, hain zuzen, hiztunen ezpanetan lagun baten izakera txarra edo gaiztoa adierazoteko erabili izan da. “Aiurri gaiztokoa da, es de mal carácter”, batu eban Azkuek. Leitzako hizkeran balio txar horregaz ei darabile beti: “Adiurri (de adi y urri: entendimiento escaso). Carácter, temperamento malo. Tiene siempre sentido peyorativo en Leiza. Hori mutikoaren adiurrie!” (Asp Anaf.). Orixek ariurri bizia darabil: “Berez ariurri bizikoa zan, bainan oso otzan biurtu zan” (Era de genio o carácter vivo) (Urte guziko Meza-Bezperak).
Jenio txarra daukanaz esateko, badira beste baliabide batzuk be. Bat: ernegazino txarra: “Beren ernegazio txarrak ondo bizitzen eztie uzten” (Su mal genio….) (Ibaizabal) (Elizetxea Enrique) (Mokoroa OE).
Baina jenio ona, apatza dauen jentea be izaten da. E. Erkiagak bere elaberri pasarte baten dino: “Aiurri, mendu ta izakera atsegina dau” (Arranegi). Eta R. M. Azkuek berak be, lehenago, aiurri izena balio onesgarriaz erabilen: “Euskaldunari bere mendu ta aiurri (carácter) agiriena emoten dautsan euskera maitagarria” (Lenengo.Euskalegunetako). Beste behin be: “Gizartean bizi izateko, alde handia daukate aurpegi-txuri, aiurri biguindun gizonak” (Itzaldiak II 71s.).
Amaitzeko, ‘mendu, aiurri, jenio’ kontzeptuaren inguruko lokuzino eta esaera batzuk:
– “Kastatik kontea”. “Kastatik kondeak” ateratzen dira. (De casta le viene ese genio….) (Mokoroa OE).
– “Jenioak ez dira erosten” ( =El genio no se vende en botica = cada uno viene al mundo con el suyo.)” (Intza EZ).
– “Aitatatik” edo “amatatik” jatorko (seme edo alabeari izakerea).
– “Amaren semea dago…; ama berbera dago….” (Cómo se ve que es hijo de su madre! Cómo se le parece en el genio!) (J. I. Iztueta Vocabulario manuscrito) (Mokoroa OE).
Urteko aldi honetan, san martinak igaro barri dirala, odolosteak eta buzkantzak guztion begi aurrean, gogoan eta aho-mihinetan darabilguzan berbak dira. Baina izen bion artean, odoloste eta buzkantz berben artean dagoan aldea zein da? Hori itaundu deuskue. Zer esan daiteke?
Odolosteen gai hau orain lau urte erabili genduan zemendiko hilean (2018-11-15/1). Orduan esandakoa gogoratuz, esan daigun txarriaren heste meheagaz egiten danari deritxola odolostea eta lodiagaz egiten danari buzkantza. Eta Bizkai sartaldean murtzillea erabilten dala gehiago aurreko izen biak baino. Baina leku askotan ez da bereizkuntzarik egiten hestu lodi eta mehen arteko janarion artean: edo buskentza deritxoei, edo mortzillea edo odolostea.
Euskaltzaindiaren Dialektologia Atlasak, goiko izenez gainera, baturik dakarzan izen ezagun batzuak. Euskerearen erdialdetik ekialderantz eta Nafarroan odolkia, Iparraldean odolgia aldaerea dauela. Eta euskerearen ekialdean, eta Nafarroako alderdi batzuetan, tripota.
Eta lopea, lopetoa, aita lopea edo Jainkoa deritxon buzkantz lodiari, gazt. “morcillón” izena jakonari, Nafarroan eta ekialdeko hizkeretan mondongoa deritxonari. Eta Nafarroan, txarria hilten zanean, odolosteak egiten etxeko andrai laguntzen etorten ziran auzoko andrei mondongerak deitzen eutsien. Halan Anizko herrian.
Azpeitian, ia orain dala mende bete, J. M. Barandiaran etnografoari azalpen hau emon eutsien. Gaztelaniaz idatzita: “Se distinguen tres clases de morcillas: delgadas y de forma circular cuyo nombre es odolostia; rectas y algo más gruesas llamadas mortzilla, y las muy gruesas que reciben el nombre de jangizon o jaungoikua (G-azp)” (AnEuskFolk 1928, 18).
Odolostea zelan egiten dan Bizkaiko herri bitan, honelantxe azaldurik dator Dialektologia Atlasean. Berrizen: “odola, kipulie, porrue, lorengainue…, arroza be bai. Pikantie be eitten dotzie batzuk… Odol gustue kendu eitten dotzala…”. Eta Ondarroan: “gatza pixkat, eta porru ta kipula pixkat. Guk emen oraganu be bai. Ereiñotzik ez. Da gero kordak eik da gero, zumiaz eiñ” txibistiñe lez, da gero galdara kobrezkuen antxe egosi, ta gero ese(g)i”.
Esaer ezaguna da: Odolosteak ordeaz. Berbaz: [Odolistiek ordiez]. Erdialdko hizkeretan: Odolkiak ordainetan. Zein usadio datza horren azpian? Txarria hilten zanean usu zan auzoen artean, txarria hil dabenak auzoari edo etxekonekoari odoloste-txorta bat emotea. Behin odolosteak egin, eta kordatu ezkero, mimenagaz edo zumitzagaz lotzen ziran eta goian (eskaratzean, kamaran edo sabaian) eskegita ipini, arratoi eta katuek harrapau ez egiezan, eta hantxe sikatzen euki. Eta behin sikatu ezkero, txortatxo bana opetsi auzoko hurrekoei.
Gure umetako denporan, herriko abadea eta maisuari be eroaten jakezan odolosteak, txorta bana, aza orrietan batuta.
Txarriboda berbea modaratu da Bilbon eta uri nagusietan, gure herri txikietan txarri-hiltea esaten jakonari gainea hartuta. Ezteguagaz lotuago dagoan boda berbea sartu da hor irudi-berba lez, txarri-hilte ospakizunari egotzita. Nik edozelan be, zemendi bueltan gure nekazari gizartean sakon sustraiturik dagoan ospakuntza hau, berori deskribatzen dauen berbarik gardenenagaz izendatzen segiduko dot: txarri-hiltea. Nikolas Zendoiaren esaldi bat: “Txerri hiltze hoietako batean, pekatu bat egitea pentsatu nuen, bai, alajaina! Alegia, neuk kendu behar niola lehenengo pusketa” (Beranduko birigarroa).
“Odolostearen” izena Mogelek txarria eta azeria protagonista dituan alegi baten dakar, azeriak txarriari zuzenduriko hitzotan. Dinotso: “A tontotzarra! Lo egik; gizendu adi. Maite jituek ire odoloste, lukainka, gibel, bare, solomo ta doan guztia. Ire urdai gozatuak urte guztian egon bearko jok egosten, kuntzurrun ta solomoak sutan erreten. Jatorranean epailea, ta iru edo lau gizonek oratuta sartuten deuanean ganibeta samati erraietaraino, irrintzaka agoanean oini ezin eraginda, esango dok: “O azeri zorionekoa! Eta zeinbat dontsuagoa azan ni baiño!”. (PAb).
Hitzaldi baten entzundako berbak: “Ikusi ditugu problema askorik ez dagoela zorionez” . Ikusi ditugu ala Ikusi dogu?
Sarritan entzun edo irakurten dan nahastea. Ikusi aditzaren hurrean problema asko edo askoRIK agiri danez, uste izaten dogu hor aditza pluralez erabili behar dala. Baina halan egitean ez gara kargutzen, problema askorik edo problema asko izen-multzoa ez jagokola ikusi aditzari esaldi horretan, atzerago datorren ez dagoala mendeko aditzari baino.
Baiezka formulatuko bagendu, esango genduke: Ikusi dogu problemAK dagozala edo daudela. Argi eta garbi, plurala: bai problemak edo problema asko, eta bai aditza: dagoz / daude.
Baina ezezka ipini ezkero, eta -rik atzizki partitiboa erantsi, problemarik edo problema askorik esateko, aditza automatikoki singularrez darabilgu.
Gure kasu honetan, goiko esaldian oker nagusia ez dago mendeko esaldi horretan, ezpada aditz nagusia pluralez erabiltean: *Ikusi ditugu erabiltean, zuzena Ikusi dogu danean.
Era zuzena: Ikusi dogu problema askorik ez dagoala. Uste dan baino sarriago egiten dan nahastea.
Hizlari bati plaza betean oraintsu entzuniko esaldia: “Sari hauek oso inportanteak dira BilboRAKO”. Bilborako ala BilboRENTZAT?
Oraintsuko ekitaldi baten entzun neutsan, Bilbodendak Sariak zirala-ta Euskalduna-n egin zan ekitaldian, hitz egin ebenetariko bati.
Sariak garrantzitsuak dira BilboRAKO ala BilboRENTZAT. Atzizki biak erabilten ditugu “helburua, xedea” adierazoteko, baina euskal gramatikan eremu diferenteak hartzen ditue zerentzat kasua eta zertarako kasuak. Gaztelaniaz bietan “para” preposizinoa erabilten danez, horren eraginez bardintzera joten dogu sarritan, eta gehienetan -rako atzizkiaren aldera joten dabe hiztun batzuek.
Gure eretxian, merkataritza indartzeko edo hobetzeko eratzen diran Sariok, BilboRENTZAT dirala mesedegarrik esatea egokiagotzat da, BilboRAKO be mesedegarri diran aldi berean.
Azpian datzan esangurea ez da berbera batean eta bestean. BilboRENTZAT mesedegarriak dirala dinogunean, BilboREN mesederako dirala esaten gagoz; Bilbori jagokozan edo joakozan gizarte-baldintzetarako mesede dirala. Eta BilboRAKO mesedegarriak dirala dinogunean, Bilbon egoteko, biziteko, egoera hobea izateko mesedegarriak dirala.
Bilborentzat esatean, Bilbo bera egiten dogu mesedeon partaide, Bilboren izatea, osotasunaren partaide dira mesedeok. Eta Bilborako dinogunean, norako diran esaten gagoz, zein lekutarako, non egoteko. Hau da, lekua, gunea, egoitza da markatzen doguna.
Beste adibide bategaz argituko dogu: gorputza, gorputzarentzat, gorputzerako.
Kirola, deportea egitea ona dala gorputzarentzat dinogunean, gorputzaren osasuna izateko dala esan gura dogu. Eta, kirola ona dala gorputzerako dinogunean, gorputzean, gorputz barruan sendo eta osasunez egoteko.
Bakea behar da munduarentzat esatean, munduak bakea behar dauela esaten gagoz. Eta, bakea behar da mundurako esaten badogu, munduan biziteko, munduan egoteko, mundua leku lez hartuta, han bakea behar dala esaten.
Halanda ze, Bilborentzat eta Bilborako, gaztelaniaren ikuspegitik bardinak badira be: “para Bilbao”, euskerearen ikuspegitik ez: Bilborentzat, Bilbori jagokonerako, eta Bilborako, Bilboko gunean egoteko edo biziteko.