Euskalgintzaren Kontseiluak egin dau manifestazinorako deialdia, aspaldi honetako oldarraldi judizialari erantzuteko

Epaileak hizkuntza-politika egiten dabilzala salatu dabe, erakunde publikoen eskumena ebatsiz

Euskerearen aldeko manifestazinoa handia egingo da zemendiaren 4an Bilbon

Idurre Eskisabel / Bizkaia Irratia

Euskerearen inguruan emondako azken epai polemikoa Erandiokoa izan da, udaleko lanpostu baten hizkuntza-eskakizuna atzera bota dauena. Aurretik egon dira beste batzuk: Uliazpikoa, Barakaldokoa, Laudiokoa, Irungoa… Kontseiluaren arabera Auzitegiak euskal gizartearen adostasun zabla dabena arauen interpretazino murriztailea egiten dabilz. Epaileak hizkuntza-politika egiten dabilzala salatu dabe, beste erakunde publikoen eskumena ebatsiz eta herritarren eskubideak kaltetuz eta baldintzatuz. Holan ba, Eusalgintzaren Kontseiluak oldarraldi judizialari aurre egiteko erantzukizuna agertu eban martian egindako adierazpenean. Bide horretatik, gaur agerraldi jentetsua egingo da Bilbon. Albia lorategietako Auzitegi Nagusiaren parean, goizeko 11.00etan. Udagoieneko manifestazino handirako deialdia egingo dabe bertan.

Kontseiluaren adierazpen osoa

“Gaur Bilbon elkartu garen norbanako eta erakundeok kezkaz bizi dugu behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gainera, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa. Oldarraldi honen agerpen mediatikoak eta politikoak aspalditik ezagunak bazaizkigu ere, azken boladan gordintzen joan dira, bereziki, alor judizialean.

Erandiokoa izan da, momentuz, azken epaia. Uliazpi Fundazioaren lan-deialdiaren aurkako sententzia, errekurrituta dagoena, baliatu dute azken hau justifikatzeko. Soka beretik heldu ziren, besteak beste, Barakaldokoa, Irungo udaltzainen hizkuntza-eskakizunen aurkakoa edota euskara hizkuntza “zailegia” dela baieztatu zuen Laudiokoa.

Ez dezagun ahaztu Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian –azken epai horien eragin eremuan–, lau biztanletik hiruk uste dutela euskaraz jakin behar dela administrazioan lan egiteko. Hots, epaileak hizkuntza-politika egiten ari direla, kontsentsu zabalean oinarritutako neurrien eta horretarako eskumena duen botere legegilearen gainetik.

Alde horretatik, nabarmentzekoa da epai hauek guztiak lotzen dituen haria premisa faltsu bat dela: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak kontrajartzea. Izan ere, oldarraldi honi erantzunez epaien jomugan izan diren langile eta herritarren protestek agerian utzi duten bezala elkar osatzen duten eskubideak dira, inola ere ez kontrajarriak.

Ildo beretik dator EAEko Udal Legearen auzia. Udaletan ordezkaritzarik ez duen alderdi batek jarritako helegitearen ondorioz, EAEko Justizia Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Salak legearen konstituzionaltasuna ebazteko eskatu dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari. Kontuan izan behar da 1982ko Euskararen Legearena baino are kontsentsu zabalagoarekin onartu zela lege hau eta auzitan dagoena, besteak beste, 6.2 artikulua dela, hain zuzen ere, toki-erakundeek beren jarduerak euskaraz egitea ahalbidetzen duena.

Arestian esan bezala, gaur Bilbon elkartu garen norbanako eta erakundeok kezka handiz ikusten dugu hau guztia. Kezkaz ikusten dugu Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan indartzen ari den joera bat delako, eta, aldi berean, Euskal Herritik harago Espainiako eta Frantziako estatuetako beste hizkuntza gutxituen eremuetan ere gertatzen ari delako.

Larritasun honen aurrean mobilizazio soziala ezinbestekoa da. Gizarte eragileoi dagokigu desadostasuna kalean erakustea. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko. Izan ere, oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan.

Honenbestez, dei egiten diegu euskararen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile eta norbanakoei azaroaren 4ean Bilbon egingo dugun manifestazioan parte hartzera. Larria baita gertatzen ari dena: euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular