Ulibarri Euskaltegiak neurria begi onez hartu dau

120 euro ordaindu eta lau ikasturte izango dira euskerea ikasteko

Eusko Jaurlaritzak Euskara Bonua jarriko dau martxan 2026-2027 ikasturtean

Loren Suarez, Ulibarri Euskaltegiko zuzendaria / Bizkaia Irratia

Eusko Jaurlaritzak pausu esanguratsu bat emon dau helduen euskalduntzean: Euskara Bonua jarriko dabe martxan. 120 euro ordainduta, lau urtez euskerea ikasi ahal izango da, B1A2 mailara arte. Ulibarri Euskaltegitik neurria begi onez hartu dabe, Loren Suarez zuzendariak esan deuskunez. Izan be, aukera paregabea iruditzen jake orain arte, Bilbon batez be, euskera ikastea urruti ikusi dauanarentzat.

Ganera, aldaketa garrantzitsuak dagoz aurreko laguntzekiko: ikasleak berak erabagitzen dau zenbat ordu erabili ikasturte bakotxean, maila errepikatu daiteke nahi izanez gero eta etena ez da zigorra. Izan be, lehen, ikaslea itxi eta barriro hasi nahi bazan, ez eban laguntzarik berreskuratzen. Orain murrizketa hori desagertu egingo da.

Esan bezala, doakotasunera hurbiltzeko urratsa txalotzen dabe Ulibarri Euskaltegitik. Halanda be, falta dana azpimarratu dabe: B1 osoa (B1A2 + B1B1) programa berean sartzea eta bidea C1 mailara arte luzatzea. Bitartean, aldarrikatu dabe kanpaina indartsuak behar dirala herritarrak benetan hurbildu daitezan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00