Jon Elortegi, Ibon Rodriguez eta Jon Intxaurtieta, Kaiku, Santurtzi eta Arkoteko ordezkariekaz egin dogu berba

Kaiku, Santurtzi, Arkote, Chapela eta Tiran lehiatuko dira play offeko estropadetan, zapatuan Bermeon eta Portugaleten domekan

Eusko Label Ligarako postu bi jokoan

Santurtziko Sotera trainerua da faborito nagusia Eusko Label Ligara igoteko play offean / Bermeoko Arraun Argazkiak

Traineruen denporaldia orain dala aste batzuk amaitu zan talde askorentzat, Kontxako Banderaren sailkatze estropadaren ondoren. Asteburu honetan Eusko Label Ligako azken jardunaldi biak jokatuko dira Bermeon eta Portugaleten. Ligea erabagita dago Orioren alde eta talde gehienak presinorik barik lehiatuko dira, bagilaren batean hasitako kanpaina luzeari amaiera duina emoteko asmoagaz. Ez da hori Bermeo eta Portugaleteko estropadetan denporaldia jokoan eukiko daben bost taldeen kasua. Eusko Label Ligara igoteko play offean parte hartuko daben bost traineruak dira. Kaiku hamaikagarren postuan sailkatu zan Eusko Label Ligan, Santurtzi eta Arkote KAE 1eko lehen sailkatu biak dira eta Chapela eta Tiran Galiziako ligako traineru bi onenak.

Bost talde honeek estropada bakarrean ikusi dabe alkar denporaldi honetan. Irailaren 4ean izan zan, Donostiako badiako uretan, Kontxako Banderaren sailkapen estropadan. Olatuak eta haizeak nagusi izan ziran Donostian badian eta horrek izugarri baldintzatu eban traineruen jarduna. Santurtzi izan zan Eusko Label Ligako play offean parte hartuko daben bost traineruetatik azkarrena. Soterak 9 segundo atera eutsazan Chapela, Galiziako txapeldunari, Kaikuk minutu erdi galdu eban, Arkotek 38 segundo eta Tiranek 44 gehieago behar izan ebazan. Halanda ze, Santurtzi eta Chapela dira faboritoak jokoan egongo diran postu biak eskuratzeko.

Zapaturako eguraldi iragarpenaren arabera, ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro inguruko olatuak altzauko dauz, eta haizeak ipar-mendebaldetik joko dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00