
45. Expovacacionesek ateak zabaldu dauz BECeko 1. pabilioian. Maiatzaren 11ra arte zabalik egongo da bidaiari guztientzako proposamenegaz. Jendeak oporretan nora joan aukeratzeko eta informazinoa lortzeko gunea da Expovacaciones. 2025eko edizino honek 200 proposamen baino gehiago dakarz, eskualde eta herrialde desbardinetako ordezkariakaz: Andaluzia, Aragoi, Kanariar Uharteak, Gaztela eta Leon, Ibiza, Katalunia, Galizia, Menorka, Kantabria, Errioxa, Madril, Murtzia, Algarve, Lisboa eta zelan ez, Euskadi.
Postuetan eskaintza desbardinak aurkitu ahal dira, Menorkako hondartzetatik, Bilboko portuko gurutzaontzia hartu eta Irlandara arte. Horrez gain, gastronomiari be garrantzia emon deutsie. ‘Experimenta & Saborea’ bueltan da. Berton helmugetako jaki eta elikagai tipikoak aurkitzen dira. Euskadiren kasuan ‘Txotx-experience’ abian jarri dabe, bertoko produktu eta jakiak probatzeko.
Arrate Tellaetxe BECeko azoken unitate zuzendariak esan dauanez, gaur egun jendeak nahiago dau dirua esperientzietan eta bidaietan gastatu, erropatan edo materialetan baino.
Set Congress, Caravaning eta FVO
Aurtengo edizinoak barrikuntza batzuk daukaz. Set Congress, Caravaning Euskadi eta FVO atala martxan jarri dabe. Bertan, karabanak, autokarabank, furgonetak, bungaloak eta mobile-homeak aurkituko doguz, bidaiatzeko turista askok erabiltzen dabezen hotelak. Ganera, bigarren eskuko aukerako kotxeen eskaintza bat be badago.
Expovacacionesen ordutegia, barikuan (maiatzak 9) eta zapatuan (maiatzak 10), goizeko 10:30etatik arratsaldeko 20:00etara izango da. Domekan (maiatzak 11) goizeko 10:30etatik arratsaldeko 19:00etara egongo da zabalik. Sarrerak 4€ balio dauz eta BECeko webgunean eskuratu daitekez.