Eusko Ikaskuntzak Sinesmena, komunitatea ehuntzeko iturri sinposioa egingo dau eguenean, irailaren 10ean, Bilbon. Izan be, Eusko Ikaskuntza Sinesmen-dibertsitatea eta komunitatearen ehuntzea proiektua garatzen dabil 2025etik, eta egueneko sinposioa aitatutako proiektuaren baitan kokatzen da, Jon Mentxakatorre proiektuko zuzendariak azaldu deuskunez. Jardunaldiaren helburua geure gizartean gertatzen ari diran eraldaketak ulertzea eta tradizino, sinesmen eta bizipen desbardinen arteko alkarrizketaren bidez alkarbizitza indartzea da.
Azken mendeetan, Euskal Herrian, panorama erlijioso eta espiritualean izandako eraldaketa sakona izan da. Bai sekularizazino prozesuak, bai erlijino-aniztasunak gaur egungo pertsona eta komunidade sinestunen gainean berba egitera daroa, gizarte zabalean erlijinotasunak, espiritualtasunak eta barnatasunak dauken toki, esanahi eta ekarpena zein dan argi izateko, eta, horregaz batera, alkarrizketa osasuntsu eta aberasgarriak izateko.
Egitaraua
Eusko Ikaskuntzak lau berbaldi antolatu ditu egueneko sinposiorako. Batetik, Aitor Sorreluz filosofoa eta Arantzazu aldizkariko zuzendariak Arantzazuk badu esangura hitzaldia eskainiko dau. Bestetik, Iosu Etxezarragaren Konfesionalizazioa Euskal Herrian: herri, erakunde eta gizarte harremanen sustrai kristauak Goi Erdi Arotik aurrera berbaldia entzun ahalko da. Ganera, filologo eta bertsolaritzaren didaktikan aditua dan Mikel Artolaren eskutik, Gaia, laia, jaia izango da protagonista. Azkenik, Ellacuria Fundaziotik, Marisabel Albizuk itxiko dau egitasmoa, Ba ote dago erlijioen arteko elkarrizketarako oinarririk? berbaldiagaz.
Sinposioa Bilboko La Bolsa eraikinean hasiko da goizeko 10:00etan. Horren harira, aretoa beteta egongo da. Halanda be, parte hartu gura izanez gero, idatzi info@eusko-ikaskuntza.eus helbidera eta zeure eskaera kontuan hartuko dabe, eta plazaren bat geratzen bada, zeugaz harremanetan jarriko dira.
