Jon Larrea, Amorebieta taldeko presidenteagaz eta Asier Goiria, kirol zuzendariagaz egin dogu berba Jokoan tartean

Haritz Mujikaren taldeak denporaldiko azken partidua jokatuko dau Urritxen Ferroleko Racingen aurka

“Ezagutzen dogu baina olatua barriro dator”

Amorebietako jokalariak Urritxen Racing Ferrolen aurkako partidua prestatzen / Bizkaia Irratia

Amorebietak futbol profesionalean jokatuko dau hurrengo denporaldian. Haritz Mujikaren taldeak bigarren mailara igotea lortu dau, urte bete lehenago mailea galdu ostean. Asier Goiria kirol zuzendariak goitik behera aldatu behar izan eban plantilea eta bigarren mailan jokatutako gizon bi bakarrik izan dira aurten lehen federazio mailan lehiatu dan taldean.

Denporaldi hasiera ez zan ona izan, taldeak puntu gitxi lortu ebazan-eta. Jon Larrea presidenteak eta bere zuzendaritza batzordeak eutsi egin eutsoen entrenatzailearengan jarritako konfiantzeari eta apurka apurka taldea zulotik urteten hasi zan. Jaisteko postuak atzean itxi ostean, Amorebietaren gorakadeak ez eban mugarik izan, sailkapeneko lehenengo postua eskuratzeraino. Azkenean, denporaldiko azken jardunaldian lortu eban talde urdinak mailaz igotea Bilbao Athleticen aurkako partiduan hutsean bardinduta. Hiru urtetan, bi bider lortu dau Amorebietak bigarren mailara igotea. Bikaina eta gatxa benetan.

Bizkaia Irratian Urritxera joan gara Jon Larrea, Amorebietako presidenteagaz eta Asier Goiria, kirol zuzendariagaz berba egiteko. Ondo baino hobeto dakie erronka gogorra daukiela esku artean, bigarren mailan aurkari gogorrak aurkituko ditue-eta. Halanda be, ondo baino hobeto dakie zer egin behar daben eta zer ez daben egin behar maileari eusteko.

Denporaldia ez da amaitu Amorebieta taldearentzat. Izan be, Ferroleko Racing, beste multzoko irabazlearen aurka jokatuko dabe zapatuan Urritxen, lehen federazio mailako txapelaren bila. Emaitzearen ganetik, zapatukoa jai egun handia izango da Zornotzako futbol zelaian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular