Gabonetan hainbat lagun hurreratzen da Ipar Euskal Herrira. Naia Leconte Iparraldeko turismo bulegoen bozeroaleak esan deuskunez Hegoaldeko jente asko joaten da bertara eguna pasetan edo egun bat baino gehiago igarotzen. Zemendi amaieratik hasita, gabonakaz lotutako kultur-agenda zabala prestatu dabe. Baionan esate baterako, ohiko azokaz gain aurten be noria jarri dabe eta orain arteko handiena da. Biarritzeko argiztapena aurten be ikusgarria da. Donibane Lohitzunen bitartean, bisitari asko izaten dauz Papa Noelen etxeak.
Olentzero eta Papa Noel
Olentzeroren etorreraren zain be izaten dira Ipar Euskal Herrian.Baionan, Nive ibaiaren ondoan egingo da ekitaldia abenduaren 21 eta 22an. Zuziz argiztatuta eta musikak gidatuta helduko da Olentzero Baionara. Aita Noel edo Papa Noel bitartean, desfilean ibiliko da Biarritzen abenduaren 19tik 24ra bitartean. Baionara bueltatuta, Alde Zaharrean bisita gidatuak eskeiniko dira euskeraz eta gaztelaniaz abenduko eta urtarrileko astegoienetan. Biarritzen, txekiar txotxongiloen erakusketea dago ikusgai eta abenduaren 27tik Malandain Ballet Biarritzen “Suzko txoria, udaberriaren sagaratzea” ikuskizuna eskeiniko da.