Galdakaoko herriak Zabalea eta Bengoetxe–La Trokako edadekoan testigantzak bilduko dauz dokumental banatan, “auzo hauen iragana ahaztu ez daiten”. Testigantzak abuztuan grabauko dira eta dokumentalak urrian proiektatuko dira, Udalak jakinarazo dauanez. Azaldu dabenez, “Galdakao asko aldatu da azken hamarkadetan, eta lehengo Zabalea edo Bengoetxe auzoa eta oraingoak, adibidez, oso desbardinak dira”. Esparru horretan, aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldietan proposamen bat egingo da, “gure herria nolakoa zan eta nolako herrietatik gatozan gogoratzeko”.
Helburu horrekin, adinekoen testigantzak jasoko dira, “iragan hori gordeta geratu daiten, ahaztu ez daiten”, azpimarratu dabe udal arduradunek. Zehazki, Zabalea eta Bengoetxe-La Trokako auzotarren testigantzak bilduko dira, “bertan jaio edo bizi izan diranek euren bizitza nolakoa zan kontau dagien”.
Lekukotza horiek bideoz grabauko dira abuztuan, eta, beraz, Udalak ekimenarekin bat egiteko deia egin deutse bizilagunei. Ekimen horretan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan dihardu, Ondarearen Europako Jardunaldien bidez, eta haien testigantza eskaini nahi dau.
Proiektuan parte hartzeko eta testigantza emoteko 944 010 528 telefono zenbakira deitu behar da, astelehenetik barikura (09:00etatik 14:00etara).
Bideo horreekaz auzo bakotxeko dokumental bat osotuko da, urrian Torrezabal kultur etxean proiektatzeko. Zabalea auzoari buruzko lana urriaren 8, 17 eta 31n ikusi ahal izango da, eta Bengoetxeri buruzkoa, barriz, urriaren 10, 24 eta 29an.
Jesus Muñiz dokumentalen egileagaz egingo dogu berba.