Berri Txarrak, Kuraia, DUT eta Bazka moduko taldeetako bateria jolea izateagaitik ezaguna, Galder Izagirrek orain aurrerapauso bat emon dau bere bakarkako proiektuagaz: Galder. Musikari eta ekoizle gipuzkoarrak bakarkako lehenengo diskoa kaleratu dau, ESC (Forbidden Colours). Hamar abestiz osotutako lana da. Bertan, elementu organiko eta elektronikoen bitartez, Krautean, musika alternatiboan (post rocka, esaterako) eta post punk elektronikoan sakontzen dau.
Galder Izagirrek azaldu deuskunez, hasierako ideia beste bat zan. “Disko hau hasiera baten maketa bat izan behar eban, gero lagunekin grabatzeko. Konturatu orduko lanaren parte handiena eginda egoan, eta gero gauza batzuk barriro grabatu behar ziranak beste musikariakaz, konturatu nintzan ez eukala zentzu asko barriro grabatzea ze oso gatxa zan erreproduzitzea bai soinu, bai giro… Hor konturatu nintzan nik egin beharreko zerbait zala”.
Diskoaren izenburuaz itaunduta, “nahiko neuke eskaperako ordu erditxo musikala izatea norbaitentzat. Nire kasuan gehiago izan da Enter teklari sakatzea. Holako prozesu bat aurrera eroateko, barrura egin behar dozu gehiago, zure buruagaz zenbait borroka euki eta horretarako, normalean, barruan zer dagoan ikustera jo behar dozu eta hor dagoan hori atara” erantzun deusku Galder Izagirre.