Maiatzaren lehenengoan gerra eta ziurgabetasun ekonomikoaren aurrean langileen aldeko neurriak aldarrikatuko ditu LABek: soldatak eta pentsinoak hobetzeko, etxebizitza eskubidea bermatzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko. Horrez gain, gitxieneko soldata propioaren aldeko burrukeagaz jarraituko dabela iragarri dau sindikatuak, azken grebak babes handia jaso dauela azpimarratuta. Maiatzaren 1ean LABek 26 herritan mobilizazinoak egingo ditu Hego eta Ipar Euskal Herrian langileen eskubideen, bakearen eta euskerearen aldeko aldarriak kalera atarateko. Garbiñe Aranburu LABeko koordintzaileak egin deusku berba guzti honetaz.
Asteon izan dan Laneko Osasun eta Segurtasun egunari dagokionez, LAB sindikatuak salatu dau lan osasunaren egoereak txarrera egiten jarraitzen dauela, prebentzinoan inbertsino nahikorik ez dagoalako eta lan baldintzen prekarizazinoak langileen osasunean kalte handiak eragiten ditualako. Garbiñe Aranburuk, LABeko koordinatzaileak, gogoratu dau igaz 84 langile hil zirala lan istripuen ondorioz, baina datu hori izebergaren puntea baino ez dala, laneko gaitz asko ez diralako aitortzen. Sindikatuak patronalaren absentismoaren diskurtsoa kritikau dau, benetako helburua bajen kontrola gogortzea eta langileen eskubideak murriztea dala esanez. Aranbururen berbetan, mutuei eskumen gehiago emotea arriskutsua litzateke, osasun sistema publikoaren pribatizazinoan beste pauso bat izango litzatekeelako. Lan istripu gehien garraioan, eraikuntzan, basogintzan eta industrian gertatzen dirala nabarmendu dau LABek. Halanda be, sektore feminizatuetan emoten diran arrisku psikosozial eta ergonomikoak ezkutuan geratzen dirala salatu dau, estresa, antsiedadea eta depresinoa gero eta ohikoagoak dirala azpimarratuz.
Bestalde, LABek euskerearen aurkako oldarraldia salatu dau eta maiatzaren 9rako deitutako mobilizazinoan parte hartzera deitu dau. Sindikatuaren ustez, administrazinoaren euskalduntzea eta euskera eskakizunak gaztelaniaren pare jartea ezinbestekoa da hizkuntza eskubideak bermatzeko.
