Garrantzi handiko puntua egongo da jokoan Urrutikoetxea–Albisu eta Altuna–Tolosa bikoteek datorren barikuan Bilboko Bizkaia frontoian jokatuko daben eskuz binakako txapelketako seigarren jardunaldiko partiduan. Urrutikoetxeak eta Albisu azken partidu biak galtzetik datoz eta bolada txarrari amaiera emoten ahaleginduko dira. Altuna eta Tolosa, ostera, sasoi betean dabilz azken jardunaldian Peña eta Mariezkurrenaren aurka jokatu eta irabazi eben partiduan erakutsi eben moduan.
Partidu gogorra izango da barikukoa. Urrutikoetxea eta Albisu lehia gogortuten ahaleginduko dira Xabi Tolosa gaztearen ahuleziak bilatuz. Edozelan be, Zaratamoko aurrelariak garbi esan dau tantoak aurreko koadroetan amaitzen dirala. Jokin Altunak ahaztuta dauka lau ta erdiko txapelketako finalaren ostean eskuin eskuan euki ebazan arazoak. Azken partiduetan gozatzen dabilela esan dau Amezketako aurrelariak.
Beste alde batetik, hamar pelotarik hartuko dabe parte buruz buruko pala txapelketan datorren barikutik aurrera. Fusto, Ibai Perez, Urrutia, Del Rio eta Ibarguren lehiatuko dira multzo baten eta Gaubeka, Necol, Gordon, Maldonado eta Alkorta bestean. Sei jardunaldi jokatuko dira. Lehenengo biak kanporaketak izango dira eta ostean liga bat jokatuko dabe. Liga bakotxeko lehen sailkatu biek jokatuko dabe finala otsailaren 4ean.