2.500 pertsona batzea itxaroten dabe

Domekan eskautek Gorka Deuna eguna ospatuko dabe Bilboko Casilda Iturrizar parkean

Gaur hasita Euskalerriko Eskaut mugimenduaren 60. urteurreneko ospakizunak

Gorka Deuna 2026 / Euskalerriko Eskautak Bizkaia

Apirilaren 23a, Gorka Deuna, egun berezia da eskautentzat. Aurten, ganera, bereziagoa. Izan be, Euskalerriko Eskautak Bizkaiak 60 urte betetzen dauz. Iñigo Urretxaga Euskalerriko Eskautak Bizkaiko fede arduradunak azaldu dauanez, Gorka Deuna eskaut mugimenduaren patroia da. Baden Powell mugimenduaren sortzaileak Gorka Deuna aukeratu eban patroi lez, zailtasunei aurre egiteko eukan gaitasunagaitik hartu eban eredu lez. “Eskautok be horrela jokatu behar dogu, gure bizitzan agertzen diran erronkei aurre eginez”.

Urtero lez, Gorka Deuna eguna eskaut taldeentzako topagune bihurtzen da. Domekan ospatuko dabe Bilboko Casilda Iturrizar parkean. Urretxagak aurreratu deuskunez, domekako jardunaldian, besteak beste, harrera ekitaldia, eukaristia, bazkaria edota erromeria izango dira. Aurtengo leloa ‘Izana ospatu, izatea bilatu‘ da. “Iragana gogoratzeko eta egindako bidea eskertzeko balio dau, baina baita etorkizunari begira jarri eta gure mugimendua zelakoa izan gura dogun pentsatzeko be”, gaineratu dau fede arduradunak.

Euskalerriko Eskautak Bizkaiaren 60. urteurrena ospatzeko, gaur arratsaldean egingo da lehenengo ekitaldia. Bilboko La Perrera espazioan Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduko lehengo eta oraingo begirale eta arduradunak batuko dira. Zapatuan, barriz, gazteek gaur egungo gatazka eta gerren inguruko hausnarketea egingo dabe.

Gaur egun Bizkaian 30 bat eskaut talde dagoz, eta danetara 2.500 pertsona inguruk osotuten dabe mogimendua, hezitzaile, ume, gazte eta familien artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00