
Gazte euskaltzaleen arteko hartuemonak sustatzeko helburuagaz sortu da TindEHEr ekimena, Euskal Herrian Euskerazek eta Gazte Euskaltzaleon Sareak martxan jarri daben egitasmoa. Ideia nagusia gazte asanbladak alkar ezagutzea, harreman barriak sortzea eta euskerearen inguruko kontzientzia piztea da.
Javi Arriaga Gazte Euskaltzaleon Sareko kideak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, izenak Tinder aplikazino ospetsuari erreferentzia egiten deutsan arren, ekimenak bestelako helburua dauka. Matx egitea bai, baina asanbladen artean, eta helburua gazte euskaltzaleak batzea da, euskerearen inguruan kontzientzia sortzeko. Parte hartzaileak gazte asanbladak edo gazte eragileak dira, beti be euskera ardatz daukienak. Izena emoteko epea zabalik dago, eta horretarako Euskal Herrian Euskarazen webguneko formularioa bete behar da. Dagoeneko hainbat eskualdetako taldeek emon dabe izena, tartean, Baiona, Hego Uribe, Ezkerraldea edo Arratiakoak.
Arriagak nabarmendu dau gazteen artean euskerearen inguruko kontzientzia gero eta gehiago itzaltzen dabilela, eta horri bueltea emon gura deutsela ekimenaren bitartez. Ipar eta Hego Euskal Herriko gazteen arteko zubiak eregitea be bada TindEHEr-en helburuetako bat. Lehenengo aurkezpenek harrera oso ona izan dabe eta itxaroten dabe gazte asanblada gehiagok bat egitea TindEHEr ekimenagaz.