Janire Arrizabalaga bertsolariak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, Gazteok ez daukagu ezer antzezlan barria poesia, musika eta bertsoa buztartzen dauzan sorkuntza kolektiboa da. Aurreko lanarekin alderatuta, oraingoan autogestinoaren alde egin dabe, antzokietatik harago gaztetxeetara eta herriko espazio autogestionatuetara iristeko helburuagaz.
Arrizabalagaren esanetan, gaztetxeek funtsezko ekarpena egiten deutsie euskal kulturari, sortzaile askoren lehen plaza eta topagune diralako. Antzezlanak gazteek bizi dabezan espazio faltari, gentrifikazinoari eta gaztetxeen aurkako presinoari buruzko gogoeta proposatzen dau.
Sorkuntza prozesuan Izaro Bilbao, Araiz Katarain eta Aneren parte hartzea nabarmendu dau. Diziplina desbardinak buztartuz, proiektu barritzailea osotu dabe. Lehen emonaldiek harrera oso ona izan dabela azaldu dau, eta jasotako eretxiei esker lana etenbako aberasten ari dirala.
Antzezlanaren hurrengo emonaldia aste honetan, domekan izango da Larrabetzuko gaztetxean, 19:30ean.
