Bizkaia Bike izeneko ekimen solidarioa egingo da astegoienean Bermeon, Ondarroan eta Gernika-Lumon. Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldea eta Minbiziaren Aurkako Elkartea dira lasterketa solidario honen antolatzaileak. Aurtengoa, hirugarren martxa izango da. Orain arte, Bermeo eta Bilbo artean eta Bermeo eta Durango artean egin dabez. Minbizia bera ikusarazotea izan da helburu nagusia. 40-50 lagun inguruk hartu dabe parte eta 10 mila euro inguru batzea lortu dabe.
Alkartearen lana ikusarazi
Minbiziaren Aurkako Elkarteak egiten dauan lanari ikusgarritasuna emon gura deutse hirugarren Bizkaia Bike ekimenean. Zemendiaren 13an, Bermeoko Kultur Etxean, Berriatuako Andoni Txakartegi ‘Txaka’k egindako dokumentala eskeiniko da. Aspanovas alkarteagaz batera, erronka baten baino gehiagotan hartu dau parte ‘Txaka’k eta bere ekimenen barri emoten dau dokumentalean. Emonaldiaren ostean, solasaldia izango da egileagaz. Zapatuan, azaroaren 14an, goizeko 8tan hasiko da martxea Bermeoko Lameran. Handik Ondarroara joatea da asmoa. Goizeko 10tarako bertan egotea itxaroten dabe. Handik urten eta Munitibarretik, Gernika-Lumora eguerdiko 12:30ak aldera heltzea aurreikusten dabe. Herri bakotxean, alkarteko bolondresakaz batuko dira eta euren lanaren ganeko azalpenak emongo dabez. Matxitxako T.K.T taldetik, Alvaro Santxak, Bizkaia Bike ekimenean parte hartzera deitu dau.
