Giro itzela egon zan domekan Loiun, azokearen 30. urteurrenean. Urtemuga biribila zala.eta egun berezia antolatu gura izan eben. 50 postu batu ziran guztira, danetariko produktuekin: ortuariak, ogia, euskal pastela, gaztaiak, txakolina… Artisauak be ez ziran falta izan, euren lan ikusgarriekin.
Makina bat jentegaz berba egiteko aukerea euki genduan bertatik zuzenean egindako Herriz herri saioan. Kepa Arriaga alkateordeak azaldu euskuzan azokearen ganekoak, poz-pozik 30 urte bete ditualako. Ilusinoz eratu eben 30. urteurrena ospatzeko azokea. Oihane Ojanguren Erdikoetxe txakolindegikoak esan euskun aurton mahats uzta eskasa euki dabela, eguraldiak ez dauelako lagundu. Produkzinoan igarriko da. %20 gitxiagokoa izatea itxaroten dabe. Halanda be txakolin ederra egingo ei dabe, zuria, gorria eta baltza. Artisauen aldetik, Jone Landa pasau zan gure mikrofonoetatik, ‘Amatxo, maitasunez josia’-tik. Mungiakoak dira eta batez be poltsak, nezeserrak eta umeentzako osagarriak egiten ditue.
Animalia exotikoen erakusketea be egon zan. Atentzinoa deitzeko modukoak eroan zituan bertara Jon Lacruzen familiak: dromedarioa, Bantu idia, uretako bufaloak, llamak, alpakak…Aner Lacruz semeak emon euskuzan azalpenak. Pateak be ez ziran falta azokan, “Eskuola” pateak. Sasoi honetan topera dabilz saltzen, Itasne Agirrek esan euskunez.
Holakoxeak eta bestelako batzuk aztertu genduzan domekako Loiuko Herriz herri saioan.