87. Sketchcrawl

Sestaok hartuko dau Euskal Herria Sketchcrawl deialdia zapatuan

Gorka Belasko: “Ez da lehiaketa bat, marrazkia adierazpenerako tresna da”

Euskal Herriko marrazkilariek Sketchcrawl topaketea daukie zapatuan Sestaon. Mundu mailan ospatzen dan ekimena da honakoa. Kalifornian sortu zan eta oraingoa 87. deialdia da. Euskal Herrian 2011. urtetik dago abian. Donostian egin eben lehen deialdia eta ordutik ez da eten. Urtean lau deialdi egiten dabez. Topaketa batzutan hamabost pertsona batu dira eta beste batzutan 60 batzera be heldu dira.

Gorka Belasko Artzentaleseko marrazkilariak Lau Haizetara saioan azaldu dauanez, “marrazteko alkartu eta herria hobeto ezagutzeko aukerea da”. “Ez da lehiaketa bat, baizik eta marrazkilarien arteko alkargune bat, bakotxak bere estilo eta ikuspegitik herriaren alderdi sozial, historiko eta urbanistikoak irudikatzeko aukera dauana”. Gura dauanak hartu leike parte. Ez da zertan marrazkilari profesionala izan behar topaketa honetan parte hartzeko. Holangoetan bakotxak bere koadernoa daroa eta ikusten dauana marrazten dau.

Euskal Herria Sketchcrawl-en hurrengo hitzordua Sestaon izango da apirilaren 26an. Goizeko 10:00ak aldera jarri dabe hitzordua Labe Garaiaren aurrean. Egun osorako batuko diranez, jarduera gehiago be eukiko dabez. Besteak beste, Euskaraldirako argazkia be atarako dabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00