Mungiako erdilaria jokalari garrantzitsua izan da Aitor Calleren taldean denporaldi honetan

Sestao River taldeak ahalegin handia egin beharko dau diru aldetik, datorren denporaldian 1 RFEF ligan jokatzeko

Gorka Garai: “Ez dot sekula ahaztuko zapatuan Las Llanasen bizi genduana”

21-22 denporaldian iritsi zan Gorka Garai Sestao taldera / Sestao River

Hiru jardunaldi geratzen dira liga txapelketea amaitzeko Espainiako futbol federazioak kudeatzen dauen bigarren mailan eta Sestao River taldeak lehenengo postua eskuratu eta mailaz igotea lortu dau. Aurreko larunbatean, Aitor Calleren mutilek 3-1 irabazi eutsien Reala C taldeari eta matematikoki lortu eben lehen postua. Sestaoarrek ez eben huts egin eta lehen zatiko hamazazpigarren minuturako 3-0 jarri ziran aurretik markagailuan.

Hogeta hamaika jardunalditan bigarren sailkatuari, Alaves Bri, hamabi puntuko aldea kendu izanak, argi eta garbi erakusten dau Sestao River izan dala mailako talderik indartsuena. Hori bai, futbol zelaian mailaz igotea lortu arren, ez dago garbi datorren denporaldian lehenengo mailan jokatzerik izango dauen. Izan be, lehenengo RFEF mailan jokatzeak ahalegin ekonomiko handia eskatuko deutso Sestao taldearen zuzendaritza taldeari.

Gorka Garai, Sestao taldeko jokalariagaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean. Mungiako erdilaria jokalari garrantzitsua izan da Aitor Calleren taldean. Ia minutu guztiak jokatu ditu eta lan ikaragarria egin dau zelai erdian. Pozik agertu da Gorka Garai, denporaldi osoan egindako lan gogorrak saria jaso dauelako. Egun polita bizi izan eben zapatuan Las Llanasen, Realari irabazi eta mailaz igotea lortuta. Garaik esan deuskunez, ez dau inoiz ahaztuko zapatuan Sestaon bizi izandako giro ederra.

Hamar urte ebazala heldu zan Lezamara, alebin mailan, Mungiko Larramendi ikastolako taldetik. Haur, kadete eta gazte mailako taldeetatik igaro ondoren, urte bitan jokatu eban Basconian baina ez eban Bilbao Athleticerako jauzia emon eta Leioa taldera joan zan. Handik Las Palmas Bra eta hurrengo urtean bueltan Leioara, 21-22 denporaldian Sestaok fitxatu eban arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular