Gorka Knörrek eszenatokian ospatuko dau asteon, 55 urte igaro direla lehenengo emonaldia eskeini ebanetik. Gasteizen eskeiniko dauz kontzertu bi bariku eta zapatu honetan. Manuel Iradier Txangolari izeneko alkartearen areto nagusian eskeini eban Gorka Knörrek bere lehenengo kontzertua 1971. urtean. Erakunde horrek bultzatuta datoz aste honetako emonaldi biak. Musikariak gaur esan deusku poz berezia sentitzen dauala kontzertuok eskaintzeko. Manuel Iradier alkartea eta Araban euskalgintzaren alde lan egin dabenak aitortzeko nahia azaldu dau. Gorka Knörr-ek hamar disko eta hainbat zuzeneko eskeini dauz orain arteko ibilbidean. Bariku-zapatuko kontzertuei Iraun izena jarri deutse. Gurea, bizirik iraun dauan herria dala azpimarratu gura dau era horretara.
Errepertorioa
Domuit Vascones abestia, Patxi Zabaletaren testuan oinarritutakoa, zentsurak galazotako Irailak 27 edo Gasteiz, martxoak 3 moduko kantak eskeiniko dauz Knörrek, Donibane Lohitzunen eskeinitako kontzertu baten ikusle baten modu anonimoan grabau zana azken hau. Lluis Llachegaz batera eskeini eban kontzertua izan zan eta ikuslearen grabazinoa besterik ez dago. Bere ibilbidean zehar sortutako beste hainbat abesti eta abesti barriak be eskeiniko dauz. Arkabia Aretoan izango dira Gorka Knörren kontzertuak, Vital Fundazioaren kulturgune barrian iluntzeko zortziretan.
