Bederatzi urte erbestean egin eta gero, laster itzuli leiteke Puigdemont Kataluniara

Kataluniako prozesuan parte hartu eben buruzagiei ezarritako zigorrari amnistia apliketako agindu dau Auzitegi Konstituzionalak

Gorka Knorr: “Gauzak politika esparruan kokatu dira barriro. Hau prozesu bat da eta jarraituko dau”

Gorka Knorr, Juntseko kidea / Bizkaia Irratia

Kataluniako prozesu independentistan parte hartu eben buruzagiei diru publikoa oker edo bide barik erabili izanagaitik ezarritako zigorrari amnistia apliketako agindu dau Auzitegi Konstituzionalak. Ondorioz, Auzitegi Gorenak Carles Puigdemont eta beste buruzagi batzuen atxiloketa aginduak eten ditu, ebazpena aztertu arte. Beraz, bederatzi urte erbestean egin eta gero, laster itzuli leiteke Puigdemont Kataluniara. Momentuz ez dabe noiz jakin eragin, baina esan dabenez, zentzu politikoa emongo deutse bueltari. Gorka Knorr Juntseko kideak esan deuskunez, auzitegiaren erabagia espero eben: “Behar baino gehiago luzatu da, baina espero genduan. Atzokoa oso egun berezi izan da”.

Amnistia legeak erbestean dagozan buruzagien egoerea bideratzen dau, baina Puigdemontek berak esan eban Katalunia eta Espainiaren arteko gatazkea politikoa da. Knorr bat dator: “Gauzak politika esparruan kokatu dira barriro. Hau prozesu bat da eta jarraituko dau”. Ganera, uste dau litekeena dala Puigdemont azaroaren 29ko hauteskundeen ostean itzultzea Kataluniara.

Hauteskundeak

Dinogunez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak azaroaren 29ra aurreratu ditu hauteskundeak. Knorrek ondo ikusten dau Espainiako Gobernuak hauteskundeak aurreratu izana: “Esaten dabe Juntsen erabagiaren ondorioz gertatu dala aurrerapena, baina errudun bakarra PSOE da. Alderdi sozialistak hiru urte daroaz aurrekonturik barik”. Hauteskunde deialdia etxebizitza dekretuek ezetza jaso eta gero etorri da. Juntsek kontrako botoa emon eban barikuko bozketan: “Miriam Noguerasek PSOEgaz adostutako dekretu bat eskuan eukala egin eban berba. Kontua da alderdi sozialistak ez ebala testua onartu, Sumar eta Podemos alderdien eraginagaitik”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00