Palestinan gertatzen ari danak, eta batez be, bertako haurrak eta nerabeak sufriduten dabilzan sarraskiak eraginda, genozidioa geldiarazoteko Euskal Herriko gurasoen indarra gehitzeko asmoz Gure haurrak ere badira plataformea sortu eben joan dan ikasturtean. Bilbon sortu zan mogimendua. Atxuriko eskola publikoko gurasoek egindako manifestua izan zan abiapuntua. Gaur egun Euskal Herri osoko eskoletako gurasoen alkarteak, ikastolak edo sindikatuak batu dira ekimenera. 200 atxikimendu baino gehiago daukaz.
Matxalen Lonbera mogimenduko kideak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, tamalez, 2024-2025 ikasturte honetan be aurreko ikasturtean zabaldu eben dinamikeagaz aurrera jarraitu behar dabe. Palestinaren kontrako genozidioak eta horrek haur eta nerabeengan daun eraginak ez dauka etenik, eta Gure haurrak ere badira plataformatik ekimenak egiten jarraituko dabe.
Bihar, zemendiak 20, haurtzaroaren nazinoarteko eguna izango da. Ikastetxe guztietako sarreretan krespoi baltzan daukan bandera palestinar bat eta zapata pare bi jartzea proposatzen dabe. Zemendiaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean, barriz, haurrek eta nerabeek marrazkiak, bertsoak edo mezuak sortu ahal izango dabez palestinar umeei bidaltzeko. Gure haurrak ere badira ekimenak X sarearen bitartez be emongo deutso zabalkundea ekintza bi honeei.