Mallabiko pelotaria izango da Bizkaiko ordezkari bakarra barikuan hasiko dan binakako txapelketa nagusian

Altunak eta Lasok ez dabe jokatuko lehen jardunaldi bietan eta Elezkano eta Larrazabal izango dira euren ordezkoak

Aitor Elordi: “Sentsazino onak berreskuratu dodaz azken partiduetan”

Aitor Elordi gustura agertu da txapelketan Beñat Rezustagaz jokatuko dauelako / Bizkaia Irratia

Datorren barikuan hasiko da eskuz binakako txapelketea Azkoitiko pelotalekuan eta martxoaren 31an jokatuko da finala Navarra Arenan. Honako zortzi bikoteak izango dira lehian: Elordi-Rezusta, Ezkurdia-Tolosa, Altuna-Martija eta Peio Etxeberria-Zabaleta Aspe enpresatik eta Laso-Aranguren, Artola-Imaz, Jaka-Mariezkurrena eta Peña-Albisu Baikotik. Aitor Elordi izango da Bizkaiko ordezkari bakarra.

Jokin Altunak ez dau jokatuko lehenengo jardunaldi bietan eskoiko sorbaldan dituen arazoak osatu arte. Danel Elezkanok beteko dau haren lekua Eibarren eta Lizarran jokatuko diran partiduetan. Unai Lasok be ez dau jokatuko lehen jardunaldian eta baleiteke partidu gehiago galtzea. Pelotariak garbi dauka ondo sentidu arte ez dauela jokatuko. Gogoratu behar da ebakuntzea egin eutsela aldakan udaren hasieran eta ordutik ez dauela partidurik jokatu. Ganera, Laso oso hasarre agertu da enpresak ez deutsalako kasurik egin bere bikotea ipinteko orduan. Lasok, atzelari sendo bategaz jokatzea eskatu eutson Baikori lesino larri batetik datorrela kontuan izanda. Enpresak, ostera, ez deutso jaramonik egin eta atzelaririk gazteenagaz bikotetu dau Laso. Larrazabal izango da haren ordezkoa. Baikok baztertuta itxi dau Mikel Urrutikoetxea.

Lehen faseko hamalau partiduak jokatu ostean, sailkapeneko lehen biak final aurrekoetan sartuko dira zuzenean. Hirugarren sailkatuak laugarrenaren aurka jokatuko dau eta irabazlea be sailkatu egingo da. Galtzaileak, beste aukera bat eukiko dau, bosgarrenak seigarrenaren aurka jokatuko daben partiduko irabazlearen aurka.

Azkoitian, Aizarnazabal, Segura eta Eibarren jokatuko dira lehen jardunaldiko lau partiduak. Bigarrenean helduko da txapelketea Bizkaira. Abenduaren 1ean, Jaka-Mariezkurrena eta Peña-Albisu lehiatuko dira Zornotzako frontoian. Egun bi beranduago, abenduaren 3an, Elordik eta Rezustak Ezkurdia eta Tolosaren aurka jokatuko dabe Mallabian.

Lehen itzuliko hiru partidu jokatuko dira Bilboko Bizkaia frontoian, abenduaren 10ean, 23an eta 30ean. Sestaon seigarren jardunaldiko partidu bat jokatuko da, abenduaren 29an. Peñak eta Albisuk, Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka jokatuko dabe. Bigarren itzuliko lehen jardunaldian, errege bezperan, Jaka-Mariezkurrena eta Laso-Aranguren bikoteen arteko lehia jokatuko da Zornotzan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular