Jose Angel Iribarrek dino konfiantza euki behar dogula Lezaman, fruituak emongo dituelako berandu baino lehen

Berbaldi luzea euki dogu Athleticeko ikur nagusiarekin Ibaigane jauregian, 80 urte bete barri dituen honetan

Iribar: “Harro egon behar gara gure filosofiaz, inoiz baino gehiago”

Bilboko Ibaigane jauregian hartu gaitu Jose Angel Iribarrek / Bizkaia Irratia

Jose Angel Iribar Kortajarenak ez dau aurkezpen handirik behar. Athleticeko atezaina izan zan 1962tik 1979ra eta 614 partidu jokatu ebazan talde zuri-gorrian -beste inork baino gehiago- hamazortzi denporalditan. Iribar, baina, Athleticeko atezain historikoa baino askoz gehiago da. Benetako ikurra da. Haren itzala oso luzea da familia zuri-gorrian.

Laurogei urte bete ebazan martiaren 1ean eta beragaz berba egiteko aukerea euki dogu Bilboko Ibaigane jauregian. Benetako plazerra izan da beragaz berba egitea, Puskas, Cruyff, George Best, Bobby Charlton, Fidel Uriarte, Txetxu Rojo edota Koldo Agirreren ganean. Hondino gogoan ditu 1970an, Ronnie Allen Athleticeko entrenatzaile zala, Ingalaterratik ekarritako baloiak, Espainiako ligan erabilten ebezanak baino hobeagoak. Atezainaren bakardadeaz eta Katedraleko zaleen zorroztasunaz be egin dogu berba.

Athleticen filosofia aldatzearen aldeko oihuak gero eta ozenago entzuten diranean, Jose Angel Iribarrek Lezamaren eta filosofiaren aldeko apostu garbia berresten dau. Txopoak dino, inoiz baino gehiago harro egon behar garala gure filosofiaz eta konfiantza euki behar dogula Lezaman, fruituak emongo dituelako berandu baino lehen. Elitean lehiatzea gero eta gatxoagoa dala onartu arren, Iribarrek nabarmendu egin deusku Athleticek finalak jokatu dituela azken denporaldietan hemengo jokalariak bakarrik erabilita.

Azkenaldian ez da goleatzailerik atara Lezamako harrobitik “jokalariak egitea ez dalako torniloak egitea lez” esan deusku Iribarrek. Atezainaren postuari jagokonez, Athleticen lehen taldeak goi mailako atezainak ditu eta izango ditu etorkizunean be.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular