Usurbilen (21ean) eta Bilbon (28an) egingo dira jardunaldiok

'Nola kokatu haurren eskubideak erdigunean? Eta errealitate bihurtu?' lelopean egingo dira hileon Bizipozak antolatutako 10. jardunaldiak

Haurren eskubideak erdigunean

Amaia Irazusta, Agurtzane Solabarrieta, Garazi Oregi eta Felix Arrieta / Bizipoza

Urtarrilean haurren oinarrizko eskubideen inguruko lanketa abiatu eban Bizipoza alkarteak, haur guztien eskubideak bermatzeko dagozan hutsuneak identifikau eta horrei erantzuteko proposamenak lantzeko. Prozesu horren barruan, Haurren Eskubideen Euskal Herriko Batzordea sortzeko pausuak emoten dabilz. Garazi Oregi Bizipoza alkarteko kideak azaldu dauanez, batzordea parte hartzeko eta eragiteko espazio iraunkorra izango da. Arlo juridikoko, osasuneko eta hezkuntzako hainbat profil batuko dauz. Helburua da haurren eskubideak bermatzeko beharrezkoak diran neurriak identifikatzea eta instituzinoakaz alkarlana indartzea. Batzordearen sorrerea hondino prestaketa-fasean dago.

Jardunaldi bi

Bizipozak antolatutako 10. jardunaldiak egun bitan egingo dira. Aurten, lehenengoz, Bilbon egingo dira, Bizipozaren ordezkaritza barri bat zabalduko dabelako Bizkaiko uriburuan. Lehenengo hitzordua, zemendiaren 21ean izango da, Usurbilen. Bigarrena, barriz, hilaren 28an, Bilboko La Bolsa eraikinean. Egun bietan, 09:30etik 13:30era bitarteko egitaraua prestau dabe.

Jardunaldiek hiru atal nagusi izango dabez. Hasteko, Haurren Eskubideen Euskal Herriko Batzordearen aurkezpena egingo dabe. Ostean, teknikarien mahai-ingurua egingo dabe, haurren eskubideak arlo juridikotik, osasunetik eta beste hainbat ikuspegitik aztertzeko. Eta azkenik, Bizipoza eratzen daben alkarteen mahai-ingurua egingo dabe. Usurbilgo saioan Aspanogi, Hil Argi, Ndank Ndank, Pausoka eta Ume Alaia alkarteek hartuko dabe parte. Bilbokoan, barriz, Aspanovas, Esku Hutsik, Gure Señeak, Kale Dor Kayiko eta Naizen izango dira.

Alkarte bakotxak bere eguneroko esperientzia ezagutzera emongo dau. Oregik azaldu dauanez, alkarte bakotxak errealidade eta behar desbardinak daukaz, baina euren jardunean aurkitzen dabezan oztopoetako asko antzekoak dira. Besteak beste, gehiegizko burokrazia, administrazinoagaz komunikatzeko bide egokirik ez izatea eta baliabide ekonomikoen faltea aitatu dauz.

Bizipozak antolatutako 10. jardunaldietan parte hartzeko izena emon behar da, alkartearen webgunean edo sare sozialetan eskuragarri dagoan formularioaren bitartez. Publiko zabalari zuzendutakoak jardunaldiak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00