"Piztu Argiak! ikuskizuna antolatu dabe barikurako

Kultur aterpea izango da hemendik aurrera

Ibilbide barria hasiko dau barikuan Durangoko Plateruenak

Plateruena kultur aterpea / Bizkaia Irratia

Ibilbide barria hasiko dau Durangoko Plateruenak bariku honetan. Piztu Argiak! Ikuskizuna antolatu dabe barikurako. Plateruena Kafe Antzokia zana kudeatzen eban kooperatibea gogoratu 2020. Urte amaieran desegin zala. Durangoko Udalarena da orain eraikina. Honek bultzatuta, Durangoko 70 bat eragile hasi ziran batzartzen orain hilabete batzuk eta egitasmo barri bat abian jartzea adostu dabe. Plateruena orain, kultur aterpea izango da. Maider Larrañaga, koordinatzaile barriak azaldu deuskunez aterpe izan da berbarik egokiena egitasmo barria izendatzeko. Helburu nagusia Plateruena, Durangoko zein Euskal Herriko kulturgintzako aterpe izatea da.

Kultur Mahaia

Esan dogunez, 70 eragile inguru hasi ziran batzartzen proiektu barria abian jartzeko. Tartean egozan, herritarrak, erakundeak edo sortzaileak. Honeek “Kultur Mahaia” osotu dabe, egitasmoa gidatzeko asmoz. Mahai honetan momentuz 19 lagun dagoz. Gerediaga, Berbaro edo Euskal Herrian Euskaraz alkarteetako kideak dagoz tartean. Kultur mahaia zabalik dago, hau da, etorkizunean lagun gehiago sartu daitekez. “Piztu, poztu eta puztu” izango dira euren printzipio nagusiak.

Piztu Argiak!

Barikuan hasiko da egitasmo barria “Piztu Argiak!” ikuskizunagaz. Anari Alberdi eta Peru Magdalena idazlea, Odei eta Aitor Bizkarra bertsolari abadiñarra eta Durangaldeko artista desbardinak arituko dira Leire Vargas idazle durangarrak gidatuta. Festa bat izango dala aurreratu deusku Maider Larrañagak. Plateruena kultur aterpeak ekitaldi gehiago eskeiniko dauz aurrerantzean. Web orria be badabiz atontzen, informazino guztia zabaldu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular